Ordiziaren historian bere tokia egin duen saltokietako bat da Munduate erlojudenda; ez ditu alferrik egin 130 urtetik gora zabalik. Munduatetarrek lau belaunaldiz mantendu duten denda, ordea, behin betiko ixtera doaz.
Jose Ramon Munduate eta Maite Gabilondo, bitxitegiaren egungo jabeak. Argazkia: Arkaitz Apalategi
Badira denda batzuk herri baten historiaren parte direnak, betikoak, herritarrek oso gertuko sentitzen dituztenak. Ez dira asko izaten ordea, ehun urtetik gorako historia pilatu eta oraindik bizirauten dutenak. Horietako bat da Munduate erlojundenda eta bitxitegia. 132 urte eta lau belaunaldiko jardunaren ondoren, etzi itxiko ditu ateak, behin betiko. Jabeek, esker ona besterik ez dute, hainbeste urtean bezero eta lagun izan dituzten herritarrentzat.
Miguel Munduate ataundarra, Artzate baserria utzi eta Ordiziara etorri zen 1883. urtean. Bertako elizaren kanpandorreko erlojua berritzeko lehiaketa zabaldu zuen udalak; hasiberria zen, eta kobratu gabe egitea eta bi urteko bermea eskaini zuen. Bere proposamena onartu zuten, eta hor sortu zen lau belaunaldiri jaten emango zien negozioaren hazia, Munduate erlojudendarena.
Haren birlobak, Jose Ramon Munduatek berrogei urtez izan du dendaren ardura. Bere birraitona «gizon berezia» zela azaldu du, «Ataundik zetorren artista bat». Baserrian eta artzantza munduan aritutakoa zen, «estudiorik gabea, baina negozioetarako bista ona» zuena. Erloju dendaz gain, altzariak egiteko lantegia ere jarri zuen San Bartolome auzoan. Haraino argindarra eramateko, «Zaldibiak eta Ordiziak muga egiten duten tokian, kanal bat eta presa bat» ere eraiki omen zuen. «Ez dakit nola moldatuko zen, baina berak egin zuen, eta garai hartan ez zegoen gaur egungo makineriarik».
Gregorio Munduate, lokal zaharrean.
Erloju denda
Bost seme-alaba izan zituen Miguel Munduatek. Semerik zaharrena, garai hartako maiorazgoaren legea dela eta, etxearekin eta altzari dendarekin gelditu zen. Erloju denda eta bitxitegia ere banandu egin zituzten, eta bigarren semeak, Joan Ramon Munduatek, hartu zuen erloju dendaren ardura hartu zuen. «Hitzarmen moduko bat egin zuten, bata bestearen ‘terrenoan’ ez sartzeko; batek ezin zuen bitxirik saldu eta besteak ezin zuen erlojuekin aritu».
Egungo jabearen aitona zen Joan Ramon. Bizitza luzea izan zuen eta ehun urterekin hil zen. Haren semeak, Gregoriok hartu zuen lekukoa; baina aita gazterik hil zitzaion Jose Ramoni, eta 1974an, 24 urterekin, bera egin zen negozioaren kargu, «ezkondu ginen urte berean» izan zela gogoratzen du. Artean gaztea bazen ere, «ondo prestatuta» zegoela dio; «14 urterekin hasi nintzen aitonaren eta aitaren ondoan ofizioa ikasten. Eskolatik atera eta lanera joaten nintzen».
Beste bi hamarkadatan bera bakarrik aritu zen lanean, baina 1996an, Maite Gabilondo emaztea ere dendan lanean hasi zen. Erlojudendaz gain bitxitegia ere jarri zuten lokal berrian. «Pertsona bakarrak ezin ditu denda atenditu eta konponketa lanak egin. Jendearekin egoteko norbait behar da». Izan ere, betidanik arreta berezia jarri diote bezeroei emandako tratuari, datorren guztiari gertutasuna eta aholkua eskainiz.
«Birraitona artista zen; estudiorik gabea,
baina negozioetarako bista ona zuen»
«Gero eta erlojugile gutxiago daude. Nik uste
erreferentzia falta dagoela, eskolaren bat edo»
Jose Ramon Munduate
Munduate dendaren jabea
Beraien eta familiaren bizitzaren zati izan den denda ixteak pena ematen die, baina atzetik ez dator inor. «Gure seme-alabek beste bide bat hartu dute, ikasketetan ere onak ziren, eta guk ere bultza egin diegu bide horretan jarraitu dezaten».
Aldatzen ari den ofizioa
Erlojugileak edo konponketa lanak egiten dituztenak, «oso gutxi» direla azaldu du Jose Ramon Munduatek. «Gero eta gutxiago daude. Nik uste erreferentzia falta dagoela, eskolaren bat edo; Donostian sortu zuten bat, baina oso gutxi atera dira». Bere ustez «ematen duen ofizioa» da, lana beti dagoelako.
Joan Ramon Munduatek egindako erlojua.
Gaur egun gehiago ikusten dira ordulariak saltzen dituzten dendak, baina horietako askok ateak itxi dituzte azken urteotan, krisia dela eta. Beraiek ere nabaritu dute beherakada, baina azken bi edo hiru urteetan. «Hemen krisia beranduago hasi zen nabaritzen, Ordizia eta inguruetan ere, beste toki batzuetan baino gutxiago sumatu delako». Azken hilabeteotan gainera, itxiera dela eta, likidazioan daude, eta «ia dena» saltzen ari direla azaldu du Jose Ramon Munduatek.
Ordizian hainbeste urtean zabalik egondako denda izanda, jendeak estimu berezia dio, eta askok «oroigarri moduan» ere eraman dute erloju edo bitxiren bat. «Batek baino gehiagok hala esan dit, zer edo zer mantendu nahi zutela». Beraiek betiko denda izan diren moduan, betiko bezeroen fideltasuna eskertu nahi izan dute, «fin-fin, beti hor egon direlako». Azken finean, ehun urtetik gorako historiak, beti uzten du arrastoa.