“75 urtez, gure enborrak zutik dirau. Indarrez, atzokoan finkatuz, gaur biharko bultzatzen. Beasainen, 2015eko irailaren 24an”. Aitor Aldasoro Beasaingo alkateak Indarren 75. urteurreneko ospakizunei hasiera emanez Beasaingo lantokiaren harreragunean erakutsi duen plakak jasotzen dituen hitzak dira. Teresa Madariaga Ingeteameko presidentea, Alex Belaustegi Indarreko gerentea eta Javier Ojeda Indarreko kontseilari ordezkaria ondoan zituela erakutsi du plaka Aldasorok. Aurrez, Mikel Sarriegi beasaindar dantzariak ohorezko aurresku dantzatu lantokiaren atarian.
Aitor Aldasoro Beasaingo alkatea plaka erakusten, Teresa Madariaga Ingeteameko presidentea, Alex Belaustegi Indarreko gerentea eta Javier Ojeda Indarreko kontseilari ordezkaria, gaur goizean. Arg. Iñaki Gurrutxaga
Enpresa munduko ordezkari ugari tartean zirela egin dute plaka erakusteko ekitaldia. Aldasorok adierazi du “ohorea” dela beretzat ekitaldian parte hartzea. Beasaingo eta Goierriko enpresa guztien garrantzia nabarmentzeaz gain, Indarrek “berezitasun bat” bat baduela aipatu du: “Nik aita daukat Indarren 47 urtez lan egin zuena. Gure etxean ezin zen ezer esan Indarren aurka, gure etxean Indar etxea zen”. Halaber, “oso gipuzkoartuta daukagun familia ikuspegiarekin jarraitzeko” eskaera ere egin zion Aldasorok Indarri.
Ekitaldi instituzionala Igartzan
Indarren instalazioak ezagutu ondoren, Igartzara jaitsiko dira arduradun eta gonbidatu guztiak, eta ekitaldi instituzionala egingo dute bertan. Teresa Madariagak eta Alex Belaustegi izango dira hitza hartzen lehenak. Segidan Ivan Martenen txanda izango da (Senior Partner and Managing. The Boston Consulting Group-eko zuzendaria), eta 13:30ak aldera, Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Garapen Ekonomikoko eta Lehiakortasuneko sailburuarena, eta Markel Olano Gipuzkoako Ahaldun Nagusiarena.
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez harpidedun, izan HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.