Askapenarekin elkartasun mozioak aztergai, udaletan
Herriak Libre dinamikaren bidez, Goierrin Askapenarekin elkartasun kanpaina abian da irailaren hasieraz geroztik. Hainbat herritako jaietan, Euskal Jaiak tartean, ekintza ugari izan dira internazionalismoaren babesean. Ordizia eta Urretxuko euskal jaietan presente izatez gain, pasa berri diren Itsasondoko festetan eta etorriko diren Zaldibiakoetan ere ekintzak izango dira. “Elkartasuna baita herrian arteko xamurtasuna”, diote Goierriko Askapenako kideek.
Mozioak udaletan
Erakunde internazionalistaren aurka urriaren 19an Madrilen hasiko den epaiketa salatuz eta Askapenari zein bertako kideei euren elkartasuna adieraziz mozioak aurkeztu dira Goierriko hainbat udaletan. Ormaiztegin, esaterako, EH Bilduren bitartez mozioa aurrera ateratzen ahalegindu ziren baina Ormaiztegi Batzen taldeak atzera bota zuen. Elkartasun argazkia egin dute herrian. Olaberria eta Zegamako udal gobernuek, bestalde, ez dute onartu mozioa eztabaidatzea. Gaur iluntzean Lazkaoko udalbatzan eztabaidatuko da mozioa; eta datorren asteartean, hilak 29, Ordiziako udalbatzan.
Hitzordu garrantzitsuak
Bi data garrantzitsu ditu datozen egunetarako Goierriko Askapenak. Batetik, urriaren 3an Goierriko herri-epaiketa egingo da Ordizian. Jaialdia eta manifestazioa egingo dira bertan. Urriaren 12an, bestalde, herri-sententzia izango da Iruñean. Goierritik autobusak antolatuko dituzte bertara gerturatu ahal izateko.
