Carlos Ausserladscheiderrek eta Inma Rodriguezek pintura erakusketa irekiko dute Legazpin
Ostiral arratsaldean Curvas rectas pintura erakusketa irekiko dute Legazpiko kultur etxean Carlos Ausserladscheider legazpiarrak eta Inma Rodriguez kanariarrak. Biak Txo! artista taldeko kideak dira eta Iruñean bizi dira.
Bien lanak elkarren oso ezberdinak dira, baina legazpiarrak «ederki» bateratzen direla aipatu du. Berak kolore biziak eta forma zuzenak erabiltzen ditu batez ere eta Rodriguezek, berriz, kolore itzaliagoak eta kurbak.
Aipatzekoa da Ausserladscheiderrek pintura eta musika lotzea atsegin duela. Legazpiko artistari «ilusioa» egiten dio bere lanak bere jaioterrian erakusteak eta Susi Jorgek Juan Kruz ile-apaindegian prestatu duen erakusketa bisitatzeko asmoa duela aipatu du.
Margolanak urriaren 9ra arte egongo dira Legazpin. Kultur etxeko erakusketa aretoa astelehenetik ostiralera irekitzen dute: 17:30etik 20:30era.