Ordizian Merkatari Elkarteak outlet azoka antolatu du hamargarren urtez. Herriko 23 komertziok kalera aterako dute beraien eskaintza
Ordizian Merkatari Elkarteak antolatzen duen Stock Azokak 10 urte beteko ditu aurten. Herriko 23 komertziok parte hartuko dute bertan, bihar hasi eta larunbatera arte. Denden aurrean nahiz plazan jarritako postuetan, aurreko denboraldietatik sobratutako salgaiak jarriko dituzte, deskontu handiekin.
Hamar urteren ondoren, Stock Azoka dagoeneko egonkortuta dagoen egitasmoa dela azaldu du Ordizian Merkatari elkarteko Josune Intsaustik. «Tradizio moduko bat bihurtu da, urtero garai beretsuan egiten da eta jendeak ohitura hartu du». Merkatarientzat hitzordu garrantzitsua bihurtu da, denboraldi bukaeran stockean gelditu gabekoak saltzeko aukera ematen dielako. «Urte hobeak eta okerragoak izan ditugu, baina orokorrean ondo saltzen da». Gainera, parte hartzen duten merkatariak urtero apuntatzen badira, «funtzionatzen duelako» dela uste du Intsaustik.
Herriko plazan izango du gune nagusia azokak. Lehen frontoian egiten zen, baina plazara aldatuta «asmatu» egin zutela uste du Intsaustik, «Ordiziara datorren ia jende guztia hortik» pasatzen baita.
Moda eta janzkien arloko 15 dendak jarriko dituzte postuak. Goizez (10:00-13:00) eta arratsaldez (17:00-20:00) egongo dira bertan. Beste zortzi dendak, saltokien atarian jarriko dituzte arropak eta gainontzeko produktuak. Gizon nahiz emakumeezkoentzako arropaz gain, umeentzakoa, kirol arropa, oinetakoak ere izango dira.
Txekeen zozketa
Hamargarren edizio honetako berrikuntzetako bat, azokan bertan erabiltzeko erosketa baleen zozketa izango da. Hala, bihar erosketaren bat egiten dutenen artean, 100 euroko hiru txeke zozkatuko dituzte larunbat eguerdian, egunean bertan gastatzeko.
Azokaren osagarri moduan, haurrentzako parkea ere jarriko dute Garagartza plazan. Eguraldiak lagunduko ez balu, frontoira aldatuko lukete.