Lazkaoko sagardo festan 18 etxetako edariak aterako dituzte
Lazkaoko Udalak antolatu eta herriko elkarteek laguntzen duten Sagardo Festaren 23. ekitaldia larunbatean (irailak 26) izango da. Lazkaoko plazan mahaiak jarrita, elkarteetako ordezkariek zerbitzatuko dituzte edariak. Hemezortzi sagardotegitatik ekarriko dituzte botilak. Goierriko ekoizpena probatu ahalko da, baita Astigarraga, Hernani, Usurbil edo Aduna aldekoak ere.
Larunbatean 19:00etan hasiko da sagardo edatea. Lazkaoko talogileek taloak ere egingo dituzte, mokadu bat jateko modua ipiniz. San Migel jai herrikoien aurrea girotuko du festa horrek, bestetik.