Gaintzan, Altzagan, Ormaiztegin eta Lazkaon izango dira 'sanmigelak', baita Idiazabalgo Urtsuaran auzoan ere.
Patata tortila lehiaketa egingo dute Gaintzako jaietan. / Arg.: Gaintzako Udala
Uda jaiez betea izaten dela, baina iraila ere ez da gutxiagorako Goierrin. Aurreko astean Santa Anastasia jaien txanda izan bazen, honetan San Migel jaiez gozatuko dute hainbat herri eta auzotan. Altzagan, Gaintzan, Lazkaon eta Ormaiztegin ospatuko dituzte sanmigelak, baita Idiazabalgo Urtsuaran eta Besaingo Lazkaibar auzoetan ere.
Altzagan eta Gaintzan urteko festa nagusiak dira sanmigelak.
Altzagan bihar hasiko dira jaiak; haurrentzako ekintzak eta patata tortilla lehiaketa izango dituzte lehen egunean. Etzi, berriz, herri afaria egingo dute, eta igande goizean
herri kirol erakustaldia eskainiko dute herriko aizkolariek eta trontzalariek. Astelehenean amaituko dira Altzagako festak, San Migel bezperan, herri bazkariarekin. Bazkarian Julio Soto eta Iban Urdangarin ataundarra izango dira bertsotan, eta Urretxu-Zumarragako Gari eta Iñaki trikitilariek alaituko dute giroa.
Gaintzan ere bihar hasiko dira jaiak. Mozorrotuta elkartuko dira herritarrak Oteñe erretegian, eta pilotalekura abiatuko dira. Han botako dute jaien hasierako txupinazoa, eta, ondoren,
herri afaria egingo dute. Afalostean jarraituko du jaiak, playback lehiaketarekin eta Elizagoien ahizpen erromeriarekin.
Asteburuan ere ez da faltako musikarik eta jan-edanerako aitzakiarik Gaintzan. Etzi arratsaldean patata tortilla lehiaketa egingo dute bigarren urtez, eta, ondoren,
sagardoa eta pintxoak eskainiko dituzte, bertsolariek girotuta. Gauean,
Botaik eta Guri 5 taldeek jarriko dute parrandarako aitzakia.
Igandean dagoeneko 32. urteurrenera iritsi den txirrindulari proba jokatuko da Gaintzan. Arratsaldean ikuskizuna eskainiko du animalekin
Gorritik, eta mondejua eta ardoa eskainiko dituzte. Astelehenean amaituko dira jaiak, herri bazkariarekin. Igandean eta astelehenean, trikitilariak egun guztian zehar izango dira kaleko giroa alaitzen.
Urtsuaranen, mondejua jateko aukera
Idiazabalgo Urtsuaran auzoan hiru eguneko egitaraua prestatu dute, ohiko ekintzekin. Urtero bezala, bihar eta etzi gauean mondejua jateko aukera izango da. Etzi, gainera,
Patxin eta Potxin pailazoen emankinzuna izango da haurrentzat. «Urtsuarango jaietara haur asko etortzen da», esan du Aitor Zuriarrainek. Igandean, berriz,
aizkora lehia eta auzotarren bazkaria izango dira. Igande goizean ere jende dezente biltzen da Urtsuaranen.
Ormaiztegin, gerra gogoan
Ormaiztegiarrentzat herri festak dira sanmigelak, urteko festa nagusiak azaroan ospatzen baitituzte. Bihar, jaietako egitarauaren barruan, Elixabete Garmendia herriko kazetariak
36ko gerra Ormaiztegin dokumentala aurkeztuko du. 2013an izen bereko liburua argitaratu zuen Garmendiak, udalaren eta Eusko Ikaskuntzaren ekimenez, ahozko ondarea jasotzeko helburuarekin. Liburu hura idazteko bildutako materialarekin osatu du orain dokumentala.
Dokumentalak 27 minutu ditu, eta sei lagunen testigantzak jasotzen dira. Testigantza eman zutenetatik bik jarraitzen dute bizirik:
Joxe Urreta eta Madalena Ramos. Urreta aurkezpenean izango da, eta amaitutakoan kafe tertulia egingo dute.
Etzi, bestalde,
21. Mendi BizikletaProba jokatuko da, Ormaiztegiko Txirrindularien Lagunak elkarteak antolatuta. Bi ibilbide antolatu dituzte: helduentzat 27 kilometrokoa, eta gaztetxoentzat hamabikoa. Ormaiztegi, Lierni, Mutiloa eta Zeraingo mendietan zehar egingo dute ibilbidea, eta amaieran gosaria banatuko diete partaide guztiei.
Gainontzean, urteroko ekitaldiak izango dira: harrikalari, sukaldari, toka eta mus txapelketak, herri afaria eta abar.
Harrikalari txapelketa egingo dute Ormaiztegin. / Arg.: Asier Zaldua
Lazkaon, herri afaria
Lazkaon San Migel egunean bertan izango dute jai egun garrantzitsuena, datorren asteartean, hilak 29. Ohiturari jarraituz, herri afaria egingo dute plazako pilotalekuaren babesean. Bakoitzak bere afaria eraman beharko du, baina lekua erreserbatzeko
txartela erosi beharko da bihar, 09:00etan, udaletxean. Herri afariaren aurretik eta ondoren, Drindots taldeak girotuko du plaza. Bestalde, jubilatuek ere San Migel egunean egingo dute aurten heuren bazkaria.
EGITARAUAK
ALTZAGA
Bihar
- 17:00. Altxorraren bila.
- 19:00. Haurren pintxo lehiaketa
- 19:00. 7. Patata tortilla lehiaketa
- Ondoren. Fronteniseko finala: Arama-Altzaga.
Larunbata
- 10:00-13:00 eta 16:00-18:00. Haur jolas-parkea.
- 20:00. Herri afaria, frontoian. Txartelak Olagin, gaur arte.
- 22:00. Disko jartzailea.
Igandea
- 12:00. Meza nagusia.
- 18:00. Herri kirolak. Aizkoran, Alazne Etxaburua, Irati Astondoa, Iñaki Azurmendi eta Joxe Mari Olasagasti. Taldeka erronka, bost proba desberdinetan. Herriko trontzalariak eta aizkolariak. Aurkezlea: Sarasola.
- 19:00. Sagardo dastaketa (7 etxe), txistorra eta gazta.
Astelehena
- 12:00. Meza.
- 14:00. Bazkaria, Artea elkartean. Julio Soto eta Iban Urdangarin bertsolariak, Gari eta Iñaki trikitilariak. Izena emateko: elkartean edo udaletxean (943 88 37 37).
- 18:00. Haur jolasak.
- 19:00. Toka lehiaketa.
GAINTZA
Bihar
- 20:00. Jaien hasiera mozorrotuta, Oteñe erretegian hasita.
- 21:00. Txupinazoa eta herri afaria, frontoian. Txartelak udaletxean salgai.
- 23:00. ‘Play-back’ lehiaketa. Ondoren. Elizagoien Ahizpak.
Larunbata
- 11:30. Pilota partidak.
- 17:00. Haur jolasak.
- 18:30. 2. Patata tortilla lehiaketa. Ondoren. Bertsolariak, pintxoak, sagardoa. Afaltzeko mahaiak.
- 22:30. Kontzertuak: Botaik eta Guri5 taldeak.
Igandea
- 12:00. 32. Txirrindulari igoera.
- 17:00. Gorritiren animaliak.
- 19:00. Mondejua eta ardoa. Egun guztian, trikitilariak.
Astelehena
- 12:00. Meza. Ondoren. Hamaiketakoa, jubilatuentzat.
- 14:00. Herri bazkaria, Kale Txiki jatetxean.
- 17:30. Toka. Egun guztian, trikitilariak.
LAZKAO
Larunbata
- 12:00. Haurren mendi duatloia.
- 16:00. Euskal Herriko Skate Txapelketa, irristaketa pistan.
- 19:00. 23. Sagardo dastaketa (18 etxe). Taloak ere egongo dira.
Igandea
- 09:00-14:00. Basherri Eguna, herriko nekazaritza azoka: abere erakusketa, postuak, jendaurreko sukaldaritza saioa, pintxo eta sagardo banaketa, trikitia. Goizean, lixiba egiten.
- 11:00. Imaz korrika lasterketa.
Asteartea
- 1:30-13:30 eta 16:30-19:00. Jolas parkeak, Lazkao Txiki Zelaia, Areria eta Gurutzeko parkean (euria bada, kiroldegian).
- 12:00. Meza, San Migel elizan.
- 12:00. San Migel pilota txapelketako finalak, plazako frontoian.
- 14:30. Jubilatuen bazkaria.
- 19:00. Buruhandiak eta Antzar Gazteak txistulariak.
- 19:30. Drindots, plazan.
- 21:00. Herri afaria, plazako pilotalekuan. Mahaiak hartzeko txartelak bihar 09:00etan, udaletxean. Zenbatuak dira.
- Gauean. Drindots.
ORMAIZTEGI
Bihar
- Arratsaldean. VI. Binakako Pilota Txapelketaren finala.
- 19:00. ‘36ko gerra Ormaiztegin’ dokumentalaren aurkezpena eta kafe-tertulia, kultur aretoan.
Larunbata
- 10:00. Mendi bizikleta proba. Izena: 09:30ean udaletxe parean.
- 11:45. 24. Toka Txapelketa. Izen-ematea 12:15a arte. Muxikan.
- Ondoren. 20. Harrikalari txapelketa, Berjaldegin.
- 16:00. 25. San Migel Musa. Izena 16:30a arte. Bikoteko 10 euro.
- 16:30. Hiruko futbola, haur jolasak. Askaria. Ibaialdeko pistan.
- 17:45. 9. Patata-tortilla lehiaketa. Izena bihar arte, liburutegian.
- 20:15. Kupel ardoa, Muxikan.
- 21:00. Herri afaria.
- Gauean. Joxe Mendizabalekin erromeria.
URTSUARAN (IDIAZABAL)
Bihar
- 19:30. Suziriak eta kanpai joa. Ondoren. Afaria: mondejua, gixatua eta ardi txuletak.
- 22:30. 22. Mus txapelketa.
Larunbata
- 12:00. Meza. Ondoren. Txistulariak; Zeberio eta Peña bertsolariak; Elortza eta Urdangarin trikitilariak.
- 14:00. Udalkideen bazkaria.
- 17:30. Patxin eta Potxin pailazoak, jolasak, txokolatea. Ondoren. Bertsolariak. Iluntzean. Afaria eta trikitia.
Igandea
- 12:30. Aizkolariak: Aitor Urteaga-Joxe Ugarteburu, Xabier Dorronsoro-Angel Arrospide.
- 14:00. Herri bazkaria. Urdangarin eta Zubeldia bertsolariak. Elortza-Urdangarin trikitilariak.
- 17:00. 24. Toka lehiaketa.