Baserritarra beti aritzen da aitzindari lanetan, beti aurrera begira. Tipulin zuri landareak salgai dira, eta ilarra erein duenik ere bai. Mikologia aukera ere gero eta zabalagoa da.
![Zenbait astetan ferian izan gabe egon eta gero, udare eta sagar aukera zabala eraman zuen Idiazabalgo Kalbario baserriko Amaia Alkortak](http://goierri.hitza.eus/site/files/2015/09/Amaia_Alkorta__Idiazabalgo.jpg)
Zenbait astetan ferian izan gabe egon eta gero, udare eta sagar aukera zabala eraman zuen Idiazabalgo Kalbario baserriko Amaia Alkortak
Urtaro aldaketa justu feria garai erdi- erdian eman zen atzo,
10:21ean. Eta lekukotza utzi nahian edo, aspaldiko eguraldi euritsuena eta freskoena izan genuen. Hala ere baserritarrak ederki daki kontuak aurretik ateratzen, eta halabeharrez halaxe jokatzen du. Ondorioz, lehen zantzuak ageri dira:
tipulin zuri landareak salgai dira,
azaroko tipula ere deitua, 3 euroan ehuneko sorta. Ilarra erein duenik ere bazen atzo ferian.
Ohituren arabera jokatzen du jendeak.
Patxi Arizmendi aramarrak honakoa zioen: «Nik tipula hain goiz ez dut landatzen. Beranduxeago aldatuta ere, martxoa edo apirila izaten da burua egin artean. Aldiz,
kanpoan lehen ilar motza erein dut».
Babarrun urtea da aurtengoa, eta tokiaren arabera aldakor dabil. «Laiotzean asko, eta gurea egutera-egutera da eta oso gutxi aurten, lurra erreta dago, bero handiegiak eraginda. Landareak ere ez dio lurrari heltzen, harro-harro dago, eta satorrak ote ziren ere pentsatu izan dugu ohartu garen arte».
Kontxi Arizagak urteak eta urteak daramatza baratze lanetan, eta hala ere,
«beti ikasten ari gara», esan du.
Bertako fruta eskaintza
Zenbat astez etorri ezinik egon den Amaia
Alkorta Idiazabalgo Kalbarioko fruta sorta oparoarekin agertu da, inguruko eta berezoen pozerako: udare (kaskade, mantekosa de ardi, konferentzia…) eta sagar ( erreineta, etxekoa, izar gorri…) mota ugari, baita irasagar fruitua ere.
Barazki bizidunak postuak utzitako hutsunea ere nabarmena da, abuztu hasieran Berrobiko berotegietan kazkabarrak eragindako txikizioei aurre egiten nahikoa lan badute.
Perretxiko aukera polita
Hemengo eta kanpoko onddo, gorringo, zizahori eta esnegorri
ugari zegoen atzo ferian. Eta ehiza garaia zabaldu denez,
laster usoak ere salgai izango dituela aurreratu digu Mikel Lasak. Plaza inguruan jarri ohi diren fruta saltzaileen postuetan geroz eta piper gehiago azaldu dira, bai kiloka baita kaxaka ere salgai. Hala ere, oraindik pixka bat itxoiteko aholkua eman dute saltzaileek,
poteetan sartzeko prezioak merkatuko direla eta.
Ordiziako azokako
prezioak (2015-09-23)