Urretxun Bizi Gara egitasmoa antolatu dute aurten ere, etorkinei integratzen laguntzeko
Aurreko ikasturteko arrakasta ikusita, udalak Urretxura bizitzera etorri direnentzako informazio eta formazio saioak antolatzea erabaki du. Urretxun Bizi Gara egitasmoa udaleko Aniztasun eta Bizikidetza Mahaiak sustatzen du eta urriaren 6an
Aurreko ikasturteko arrakasta ikusita, udalak Urretxura bizitzera etorri direnentzako informazio eta formazio saioak antolatzea erabaki du. Urretxun Bizi Gara egitasmoa udaleko Aniztasun eta Bizikidetza Mahaiak sustatzen du eta urriaren 6an hasiko da. Helburua, herrira iritsi direnei Urretxuri buruzko informazioa helaraztea da.
Herri berri batera heltzean, bertako kultura, ohitura eta funtzionamendua ez ezagutzea izaten da ohikoa. Norberaren baliabide pertsonal eta sozialek egokitze prozesu hori erraztu edo zaildu dezakete, baina harrera egiten duen herriaren jarrerak ere eragina du. Egokitzea errazteko antolatu dute, hain zuzen ere, Urretxun Bizi Gara.
Egitasmoak bi hilabeteko iraupena izango du (32 ordu). Formazio saioetan enplegua, hezkuntza eta lana landuko dituzte, besteak beste. Gainera, bisita gidatuak egingo dituzte herria eta bere inguruak hobeto ezagutzeko. Irakasle lanetan herriko eragileak arituko dira. Besteak beste, sindikatuak, Uggasa garapen agentzia, Helduen Hezkuntza Iraunkorreko Zentroa eta Udal Euskaltegiko kideak izango dira formatzaileak.
Ikastaroa urriaren 6an hasiko da eta azaroaren 26an bukatu. Eskolak astearteetan eta ostegunetan izango dira, 09:30etik 11:30era. Matrikulazio epea ostiral honetan itxiko dute. Ikastaroa doan da eta izena udaletxean eman behar da.
Egitasmo hau iaz antolatu zuten lehenengoz eta arrakasta itzela izan zuen. Hamabost lagunentzako tokia zegoen eta toki guztiak bete ziren. Pakistan, Maroko, Sahara, Honduras, Nikaragua, Espainia, Ginea, Dominikar Errepublika eta Kolonbiako lagunek parte hartu zuten.
Urretxun bizitzeko ezinbestekoa den informazioa jasotzeaz gain, Goierri garaiko toki erakargarrienak ezagutu zituzten. Gainera, Gabonetan kantatzera irten ziren eta ikastaroa amaitu ondoren diploma bat jaso zuten. Parte hartzaileek udalari eskerrak eman zizkioten egitasmo hau antolatzeagatik eta urtero antolatzeko eskatu zieten udal ordezkariei.