Erabakitzeko eskubidea gai hartuta mahai-ingurua egingo dute Beasainen
Gure Esku Dago ekimenak eta Agirre Lehendakaria Center fundazioak antolatuta, Erabakitzeko eskubidea, kultura eta berrikuntza mahai-ingurua egingo dute urriaren 7an, Beasainen. Juan Jose Ibarretxe lehendakari ohia, Jose Manuel Castells zuzenbide arloko katedraduna, Angel Oiarbide GEDko bozeramailea eta Ixabel Olano Beasaingo Ikastolaren sortzaile eta andereñoa ariko dira solasean.
Gure Esku Dagok martxan jarri duen Eskura hausnarketa prozesuaren hasiera puntua izango da mahai-inguru hori. Izan ere, hurrengo pausoa «hautetsontzietatik erabakira iristeko bideari» ekitea izango da. «Ekainaren 21ean hautetsontziak eraiki genituen. Hautetsontziei erabilera eman nahi diegu, noski: erabaki egin nahi dugu». Gogoeta hori Euskal Herri mailakoa izango bada ere, Goierrin bertan, «goierritarrok zer egin dezakegun ozen pentsatzen» hasteko garaia dela uste dute Gure Esku Dagoko kideek. Gogoeta prozesu horri bukaera emateko, azaroaren 26an ezohiko batzar nagusia egingo dute.
Open Akademia
Juan Jose Ibarretxe lehendakari ohiak zuzentzen duen Agirre Lehendakaria Center fundazioak antolatu du mahai-ingurua, Gure Esku Dagoren laguntzarekin. Fundazio horrek martxan jarri nahi duen Open Akademia egitasmoaren aurkezpen modura planteatu dute saioa. Akademia hori, zentroak egiten dituen ikerketak ezagutarazi eta euskal gizarteari dagozkion gaiak gizartearekin konpartitzeko helburuarekin sortu dute.
Mahai ingurua urriaren 7an izango da, 19:00etan, Beasaingo Usurbe antzokian. Sarrera dohakoa eta librea izango da.