Artisau eta munduko janarien merkatua, hitzaldiak, tailerrak eta kontzertuak izango dira Euskal Herria plazan
Oropavi elkarteko Joseba Etxaniz eta Gentzane Arruabarrena, Javier Iraeta udaleko zinegotziarekin, gaur. Arg. I. Gurrutxaga
Legazpik Kulturarteko IV. Eguna hartuko du larunbatean
Bizirik bizi artean goiburupean, Oripavi elkarteak antolatuta. Laugarren edizio honen ardatza artea izango da. Egun osoko jardunaldia izango da, 11:00etatik 22:00etara, eta era askotako ekitaldiak egingo dira, Euskal Herria plaza elkargune hartuta: artisau eta munduko janarien merkatua, hitzaldiak, tailerrak eta kontzertuak, besteak beste. Javier Iraeta Legazpiko Udaleko zinegotzia, eta Oripavi elkarteko Gentzane Arruabarrena eta Joseba Etxaniz arduratu dira aurtengo jardunaldia aurkezteaz.
Iraetak “jardunaldi polita” dela, eta legazpiar guztiei larunbatean parte hartzeko deia egin die. Udalak bai Oripaviri eta migranteei “babesa” adierazten diela nabarmendu du, eta migranteak “integratzeko bidean” lanean jarraituko dutela. “
Gaur egun 34 herrialdetako jendea bizi da Legazpin“.
Egitarauari errepasoa egin ondotik, Arruabarrenak gehitu du azken bi urteetan
bizikidetza lantzen ari direla. “Etorkinekin elkarrizketak egiten ari gara, eta egunerokotasunerako eta seme-alabei etxerako lanekin laguntzeko, gazteleraz ikasteko toki bat behar dutela adierazi digute”.
Etxanizek nabarmendu du
herrialde ezberdinetako 20 bat postu izan direla aurten, 10 herrialde ezberdinetakoak: Txina, Rumania, Maroko, Senegal, Pakistan… eta baita Euskal Herrikoak ere. Euro baten truke salduko dituzten errifak ere aterako dituzte aurten. Nekazaturismo batean gau bateko egonaldia eta Legazpiko jatetxe batean otordu bat zozkatuko dituzte.
KULTURARTEKO IV. EGUNA, ‘BIZIRIK BIZI ARTEAN’. URRIAK 3, LARUNBATA
11:00-14:00: Artisau eta munduko janarien merkatua
12:00-13:00: Iñaki Carretero ipuin kontalariak, Entzun entzun saioa egingo du.
12:00-13:00: Bienvenida Sanchezek (Madrilgo Complutense Unibertsitateko irakaslea) Artea kulturartekotasunaren espresio bezala hitzaldia egingo du.
14:00: Bazkari herrikoia postuetan erositako produktuekin edota etxetik ekarritakoekin
14:00: Zamba de Zanga taldearen musika
16:00-17:00: Eider Plazaolak gidatutako Margo aurpegi tailerra, haur eta nagusientzat.
17:00-19:00: Iñaki Oiartzabalek (Irungo Lauburu estudioa) kaleko artearen tailerra eskainiko du. Graffitik bat margotu dezakete hamar urtetik gorakoek futbol zelaiaren ondoko pareta batean.
17:30-18:30: Donostiako Soup Kandhja reggae taldearen kontzertua.
20:00-22:00: Gobeo Bay reggae taldearen kontzertua.