Ormaiztegi Batzen plataformako zerrendaburua da Jon Enrique (Legazpi, 1966), egungo alkatea. Ofizioz irakaslea, "herrigintza" egitera sartu da udaletxera, "ideia politikoak alde batera utzita".
Legazpin jaioa da Jon Enrique (1966), baina hamasei urte daramatza Ormaiztegin. Azken hiru hilabeteetan udal gobernu berriak emandako pausoen berri eman du, baita datozen lau urteetarako asmoena ere.
Aurretik ibilia al zara politikan?
Ez, inoiz ez. Ni, izatez, irakaslea naiz. 1987az geroztik ari naiz lanean irakasle modura, Donostiako ikastetxe batean.
Eta nolatan onartu zenuen Ormaiztegi Batzen kandidaturako zerrendaburu izatea?
Politika baino, herrigintza proiektu bat bezala proposatu genuelako Ormaiztegi Batzen. Kudeaketa lana gustuko dut, eta horregatik eman nuen pausoa. Aurreko legegintzaldietan, EH Bilduz gain, bi herri plataforma aurkeztu izan dira. Aurten, ordea, bi herri plataformak batera aurkeztea pentsatu genuen. Taldeen arteko desadostasunak herriaren kalterako izan dira azken urteetan, eta batzeko beharra ikusi genuen.
Hiru hilabete daramatzazue udal gobernuan. Zein izan dira lehenengo pausoak?
Lehenengo eta behin auditoria lan bat egin dugu: udalak enpresa ezberdinekin dituen kontratuak aztertu, herrian zein behar dauden ikusi, eraikuntza eta azpiegituren egoera aztertu… Behin beharrak identifikatuta, horiei aurre egiteko zenbat diru beharko litzatekeen kalkulatu dugu. Guzti hori kontuan hartuta, lau urte hauetarako proiektu ekonomiko bat diseinatu dugu. Plan ekonomiko hori datorren urteko aurrekontuetan islatuko da.
Zein dira ikusi dituzuen behar handienak?
Behar handiena eraikuntzek eta azpiegiturek dute: kultur etxea, zaharren egoitza, gazteen egoitza, liburutegia, polikiroldegia… dena dago berritzeko premian, eta hori izango da gure lehentasuna. Fase desberdinetan ekingo diogu horiek berritzeari. Oso gaizki daude, eta duindu egin behar ditugu.
Eraikinak berritzeaz gain, zein dira prestatu duzuen plan ekonomikoaren ildo nagusiak?
Herrian momentu honetan dauden zerbitzuak hobetzea, esaterako, kale garbiketa. Kultura eta gizarte arloetan, berriz, formazioa, gazteentzako aisialdi eskaintza ordenatu bat diseinatzea, gaztelekuaren funtzionamendua birplanteatzea…
Jubilatuei dagokienean, Euskadi Lagunkoia proiektua duzue buruan.
Jubilatuentzat momentu honetan ez dago inongo eskaintzarik, eta guk martxan jarriko dugu Euskadi Lagunkoia proiektua. Urriaren 16an egingo dugu lehenengo bilera, proiektua jubilatuei aurkezteko, eta urriaren amaierarako lantaldeak osatuko ditugu. Eskaintza orokor bat eman nahi diogu adineko jendeari, bai formazio aldetik, bai beste alorretan.
Ormaiztegi Sarea izeneko erakundea osatzeko lanetan ere ari zarete. Zer da hori zehazki?
Onartuta dago, eta urrian jarriko dugu martxan. Herritarren partaidetza ahalbidetuko duen erakundea da. Kontseilu ezberdinez osatuta egongo da: enpresa, kultura, kirola, gizartea, nekazaritza eta merkataritza eta ostalaritza. Kontseiluburuak udaleko zinegotziak izango dira, eta izendatuta daude dagoeneko. Datozen egunetan herriko merkatari, elkarte, enpresa eta abarri gonbita egingo diegu kontseiluetan parte har dezaten. Hitza ematea da helburua. Bilerak antolatuko ditugu beraiekin, eta beraiek aho batez onartutako proposamenak udal batzarretara eramango dira zuzenean. Urrian hasi nahi dugu bilerekin. Izan ere, azaroan aurrekontuak onartu nahi ditugu, eta kontseilu horietako proposamenak aurrekontuetan isla izan dezaten nahi dugu.
Jon Enrique Ormaiztegiko alkate da maiatzeko hauteskundeez geroztik. / Maialen Igartua
Kirol eskaintza ere handitu duzue, ezta?
Udalak eskaintzen zituen kirol ikastaroen eskaintza handitu egin dugu. Ikastaro berriak eskaini ditugu, adibidez, adinekoentzako soinketa. Beste kasu batzuetan, zeuden ikastaroen eskaintza handitu egin dugu, goizean ere eskainiz. Bestalde, polikiroldegiaren erabilera arautzen duen ordenantza bat onartuko dugu laster. Orain arte ez zegoen inongo araurik. Hemendik aurrera udalean egin beharko dira eskaerak, eta udala izango da polikiroldegia kudeatuko duena, ez erabiltzaileak eurak.
Kutsadura neurtzeko sentsoreak jarriko dituzue.
Eusko Jaurlaritzak diru laguntza bat onartu digu herriko ibai eta errepideetan sentsore batzuk jartzeko, kutsadura neurtzeko. Nahiko arazo ditugu Mutiloako Cespa zabortegiarekin, eta sortzen den kutsadura kontrolatuta izan nahi dugu. Sentsore horiek ordubetetik behin bidaliko digute informazio zehatza. Aurtengo partean hasiko dira sentsoreak jartzen.
Trafikoan aurrikusi duzue aldaketarik?
Herritarrengandik nahiko kexajaso ditugu isletengatik eta semaforoengatik. Aldundiarekin harremanetan jarri ginen, eta gaur datoz —atzo— udalarekin batera egoera ikustera, eta birmoldaketa bat adostera. Ikusiko dugu zer egin daitekeen arazoa konpontzeko.
Aurreko legegintzaldian nahikoa ika-mika sortu zen zabor bilketa sistemarekin. Bere horretan utziko duzue, ala aldatzeko asmoa duzue?
Ika-mika asko izan ziren bai. Bilera asko egin ziren, eta azkenean, adostasun maila handia lortuta jarri zen gaur egun dugun sistema. Hortaz, uste dugu ez duela merezi aldaketa bat proposatzeak. Jendea, orokorrean, gustura dago sistema honekin. Dena den, aurreko udal gobernuak konpost guneak erabiltzeagatik zergetan %25eko deskontua agindu zien herritarrei. Eskaintza hori aztertu dugu ekonomikoki, eta momentu honetan ez du zentzurik, konpost guneek udalari ez diotelako gasturik murrizten. Beraz, zergen murrizketa hori ez dugu aplikatuko.
Iberdrolako eraikinak botatzeko eskaera ere egin du udalak.
Iberdrolari eskaera egin diogu herri sarreran dituen eraikinak botatzeko, eta Iberdrolak onartu egin du. Bi eraikin txikienak laster botako dituzte, eta handiena geroago.
Ondareari dagokionean, zeinpauso eman dituzue?
Aldundiarekin hainbat bilera egin ditugu Ormaiztegiko ondarearen kudeaketa adosteko. Gaur egun, hiru plano ditugu mahai gainean jarrita. Batetik trenzubia, ondare kulturala dena. Bestetik, Arandi baserria, Zumalakarregiren jaiotetxea. Eta, azkenik, Bide Berdearekin lotuta dauden azpiegituren mantentzea. Akordioak lortzen ari gara guzti hori balorean jartzeko eta mantentze lanak egiteko. Bide Berderako irisgarritasuna, esaterako, hobetu nahi dugu.
Antoneneko etxebizitzen proiektua aurrera doa?
Antoneneko proiektua nahiko blokeatuta zegoen, arrazoi teknikoengatik, baina lortu dugu irtenbidea ematea. Etxebizitzen aurkezpena urrian egingo da, eta eskaerak egiteko epea laster zabalduko da. Martxo inguruan eraikitzen hastea da ideia, eskaria badago, noski. Lehenengo fasean, printzipioz, 22 etxebizitzako bi bloke egiteko asmoa dago. Bloke bat egiteko hemezortzi eskari behar dira, gutxienez; bi blokeak egiteko, 30.