Elixabete Garmendia kazetariak ‘36ko gerra Ormaiztegin’ dokumentala aurkeztu du. Sei herritarren testigantzak jasotzen ditu. Dokumentala ikusgai dago udalaren webgunean.
Elixabete Garmendia, dokumentala aurkezten. / Arg.: Maialen Igartua
Ormaiztegiko kultur etxeko aulki bakar bat ere ez zen hutsik geratu joan den ostiralean. Jendez bete zen aretoa,
36ko gerra Ormaiztegin dokumentala ikusteko gogoz.
Elixabete Garmendiak zuzendutako dokumentala da, Eusko Ikaskuntzaren eta udalaren ekimenez, eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzaz.
Duela bi urte izen bereko liburua kaleratu zuen Garmendiak, 36ko gerra bizi izan zuten ormaiztegiarren testigantza jasota. Oraingoan, testigantza haiek ordenatuta, dokumentala osatu du. Aurkezpenera joaterik izan ez zutenek, dokumentala
sarean ikusteko aukera dute dagoeneko,
ormaiztegi.org webgunean, oso osorik.
Sei herritarren kontakizunak biltzen ditu dokumentalak: Kontxa Intxausti, Madalena Ramos, Carmen Lasa, Jose Ramon Lasa, Kasilde Arzelus eta Joxe Urretarenak. Dokumentala orain osatu badute ere, grabazioak 2009an eginak dira, eta gaur egun sei horietatik bi lagun bizi dira: Madalena Ramos (1916), Donibane Lohizunen (Lapurdi), eta Joxe Urreta (1925), Ormaiztegin bertan.
Dokumentalaren aurkezpenean izan zen Urreta. «11 urte baino ez nituen 36ko gerra hasi zenean, eta oroitzapen asko ditut oraindik», adierazi zuen. Esaterako, etxera sartu eta aitona itsua hiltzen saiatu zirenekoa oso gogoan geratu zaio. «Parrokoak esan zien pakean uzteko aitonari, eta halaxe salbatu zen». Horrelako dokumentalak egitea
«oso garrantzitsua» iruditzen zaio Urretari, ondorengo belaunaldiek gertatu zenaren berri izan dezaten. Zegaman jaio bazen ere, umetatik bizi da Urreta Ormaiztegin.
Gai nagusia, zubia botatzea
Dokumentalak 27 minutu irauten ditu. Garmendiak azaldu duenez, sei orduko grabazioa zuen esku artean, eta entresaka handia egin behar izan zuen. «Liburuan agertzen diren gauza asko kanpoan utzi behar izan ditugu, baina ezin zen dena sartu; hala ere, uste dut erraz jarraitzen dela haria». Testigantzez gain, zuri beltzeko argazki zaharrak ere ikus daitezke dokumentalean, baita ustez
Serafin Esnaolak filmatutako bideo bat ere. Off ahotsik ez du; horren ordez, idatziz agertzen dira hainbat pasarteren azalpenak.
Dokumentalaren proiekzioa, kultur etxean. / Arg.: Maialen Igartua
36ko gerrak Ormaiztegin utzitako irudi esanguratsuenetako bat zubiaren eraistea izan zen, noski, eta hori da dokumentalean jasotako testigantzen gai nagusia. 1936ko irailaren 15ean bota zuten zubia, eta hiru egun beranduago sartu ziren nazionalak Ormaiztegira. Hilabete beranduago, urriaren 15ean,
hiru lagun fusilatu zituzten zubia botatzea egotzita. Fusilatu haietako bat Antonio Galdos izan zen, eta dokumentalaren aurkezpenean izan zen haren alaba, Manttoni Galdos. «Aita hil eta gero jaio zen; ezin izan zuen ezagutu», azaldu zuen Garmendiak.
Arrate Arin Eusko Ikaskuntzako zuzendaria eta Izaskun Unzurrunzaga kultur zinegotzia ere aurkezpenean izan ziren. «Gure
helburua ondarea ezagutu eta ahalik eta gehien zabaltzea da», azaldu zuen Arinek. Unzurrunzagak ere herriko ondarea jasota izatearen garrantzia nabarmendu zuen. «Datorren urtean 80 urte beteko dira gerra hasi zenetik, eta beharrezkoa iruditzen zitzaigun herritarren testigantzak jasotzea».