EAJk gehiengo osoa du Beasaingo Udalean eta epe motzeko, ertaineko eta luzeko Beasain eraikitzeko oinarriak jartzen ari dira, Aitor Aldasoro (Beasain, 1967) alkate berria buru dela.
Zer moduz moldatu zara lan berrian?
Udaletxea eta arazoak ezagutzeak, eskarmentuak, asko laguntzen du, baina egunak ematen duena baino gauza gehiago egin nahi izaten da. Udaletxera datorren herritarrari erantzun egin behar zaio, datorren orduan datorrela. Barruko funtzionamendua eta kanpoko funtzionamendua uztartzea zaila da. 07:00etarako udaletxean nago eta 20:00etan bukatzen dut, eta askotan beranduago. Baina gustura nabil.
Nola aurkitu duzu Udala?
Ondo, ekonomikoki ez da horrelako erabakirik hartu. Badaude gauza batzuk beste era batera egingo genituzkeenak, baina ekonomiari orokorrean ez zaio halako astindurik eman. Ekonomikoki saneatutako udaletxe bat da. Inbertsioak egiteko badauzkagu ideiak, epe motzean badaude beharrak, epe ertainean aukerak egon daitezkeela ikusten dugu eta epe luzera ere zein Beasain nahi dugun badakigu. Beasaindik kanpoko erakundeei ere inplikazioa eskatu behar zaie eta horretan ari gara.
Aitor Aldasoro Beasaingo alkate berria. / Loinaz Agirre
Beasaingo langabezia tasa %12 ingurukoa da. Sei langile hartuko dituzue orain. Langabeziari aurre egiteko zein asmo duzue?
Sei langile kontratatzeko deialdia egin da Jaurlaritzaren bidez Enplegu Planaren barruan. Oposizioan geundenean ere eskatzen genuen Enplegu Planaz gain, enpresekin egindako udal plana behar zela, formakuntzan oinarritzen zena. Udalak ere busti behar du, diru bat aurreikusiz. Gure ustez lana ematea baino egokiagoa da, puntualki lana eman behar baldin bada obra bati ematea, baina jendeari formakuntza ematea. Lankidetzan ari gara lan arloan munduratzen laguntzen duen jendearekin, ea plan bat egin dezakegun datorren urteetarako, perfil desberdinetako jendeari formazioa eskaintzeko. Batez ere, formakuntzarik ez duten adin batetik aurrerako herritarrei begira.
Zein da zuen lehentasuna?
Udalak sail asko dauzka, herritarrei zerbitzu asko eman behar zaizkie, eta zerbitzu horiek emateko oinarriak ari gara jartzen. Ongizatean, adibidez, 18-21 arteko Aspaceko eguneko zentroa Beasainen ireki nahiko genuke eta Arangoitin dauden 15 plaza kontzertatzeko ideia edo lanketa hasi dugu foru aldundiarekin. Hirigintza arloan, arkitekto bat behar dugulako, lehiaketa publiko bat egiteko pleguak onartu ditugu. Hori da oinarria, beste hainbat zerbitzu eman ahal izateko. Berdintasun teknikariarentzat ere lehiaketa publiko bat egin dugu. Hizkuntza Politika ere sail berria da. Egituratzen, habeak jartzen ari gara.
Epe ertainera begira zein proiektu duzue esku artean?
Bonberian badago proiektu bat; zubi bat egin nahi genuke, Gipuzkoako plazatik Arana kalera. Arana kalea pasoko kale bat izatea nahi dugu, bizitza eman behar zaio kale horri.
Eta epe luzera?
Epe ertain luzera, Olaran edukiko genuke. Plan Orokorra ere hor dago, garai bateko arau subsidiarioak. Hori ere berritu egin beharko da. Berrikuntza horretan gaur egungo trenbidearen eta errepidearen arteko horri buelta eman beharko zaio. Hasieran behintzat onartu egin behar da gune horretan zerbitzuak joan daitezkeela. Beasainek sarrerak eta irteerak modu eskasean dauzka eta horri buelta bat eman behar zaio. Plan Orokorra da horretarako tresna eta tresna hori martxan jarri beharko da.
Ezkiaga auzoko bi igogailuetan aldaketak proposatu dizkiezu auzotarrei.
Bai. Olarango igogailuaren kasuan, denboran luzatzearekin batera, bideragarritasun ekonomikoa zalantzan jartzen dute teknikoek, gero eta karga gehiago daudelako. Olarango tximinia babestu egin beharko da ondare izendatuta dagoelako eta lurra desafektatu egin behar da eta horrek ere gastu gehigarri bat sortuko du. Beste igogailu baten zirriborroa egin dugu, J. M. Iturrioz eta Zazpiturrieta kaleak lotzen dituen eskaileretan egitekoa. Auzotarrei azaldu zaie proiektua. Olarangoa bukatzeko proiektua lehenbailehen bukatu eta pleguak ateratako ditugu. Ea aurten hasi gaitezken igogailu hori egiten. Datorren urtearen hasieran bukatuta egongo dela pentsatzen dut.
Eta Oriako pasealekukoa?
Ez egitea erabaki da, eta ez da arazo politikoa, teknikoa baizik. Ur Agentziak txosten bat egin du igogailua hor ez egiteko esaten duena. Iberdrola eta Naturgasek ere baldintzak jarri dituzte eta ezin dira bi baldintzak batera bete. Horri gehitu behar zaio, garajeetako egituraren gainean joan beharko lukeela. Gure ustez aurrez egin behar zen kontsulta, eta hori galdetu zen bere garaian. 50 metrora, gure bistarako behintzat, bazen aukera bat igogailua egitekoa, pilotalekuaren frontis atzean. Baina horrek ere ez du irisgarritasun araurik betetzen. Auzotarrek bigarren hori eraikitzea erabakitzen badute egingo dugu. Urriaren 6an dugu berriz bilera.
Aurreko legealdian hainbat parte hartze prozesu egin ziren. Formula horrekin jarraitzeko asmorik badaukazue?
Bai, baina parte hartze batzordearen egitekoa izango da arauak zeintzuk izango diren onartzea. Adostu egin behar dira. Lehengo bideak balio izan du baina beraiek egindako parte hartze prozesuei gabezia batzuk ikusten dizkiot; horiek batzordean landu beharko ditugu. Zein gutxieneko egon behar duen parte hartze prozesu bat martxan jartzeko, plenoak onartu behar dituen, nola eraiki behar den parte hartze prozesu bat. Denagatik galdetu behar da? Non dago muga? Loteslea izateko zenbat jendek parte hartu behar duen edo zein jendek parte hartu behar duen esateko moduren bat adostu beharko dugu.
Sasietako Mankomunitateko presidente ere bazara. Goierriko herrietan bilketa sistema desberdinak daude. Zeren aldeko apustua egingo du Sasietak?
Herri bakoitzak erabakitzen duen bilketa sistema errespetatuko da Sasietan. Hori bai, herri bakoitzak berea ordaindu beharko du.
Eta Beasaingo kasuan?
Euskadin ez da egongo beste herririk, gure neurrikoa, daukagun bilketa sistemarekin birziklatze portzentaje horiek emango dituenik. Aurreko legealdian adostasunez erabaki zen Beasaingo bidea zein izan behar den: beste edukiontzi bat jartzea, aho handikoa ixtea… pauso horiek eman egin beharko dira. Beasainen neurriko herrientzat hori da sistemarik egokiena.
Eudeleko zuzendaritzan ere bazaude. Zein lan egingo duzu?
Sailak banatzen ari gara, eta Beasaini formakuntza eta berrikuntza dagokio, udaletara nola eta zein baliabide bideratu aztertzea. Beasainentzat ona da Eudelen egotea; erabakiak hartzen diren tokietan egotea ona da.
Lan berriagatik kobratu behar zenuen soldatagatik zalaparta handia sortu zen. Nola eraman zenuen?
Gaizki. Populismoak horretara eramaten gaitu. Nik garbi daukat nire buruari soldatarik ez diodala jarri, eta nik ez dudala soldatarik igo. Alderdiak berak hartu zuen erabakia, Eudelek zehaztuta dituen parametroen arabera. Aldatu behar baldin bada Eudelek aldatu beharko du. Ez dut ulertzen aurreko legealdian gertatzen zena: Beasaingo alkateak 57.000 kobratzen zuen, Ordiziakoak 42.000 eta Tolosakoak 46.000. Legebiltzarkideek eta batzarkideek Eudelen arabera kobratzen dute. Haiekin ez da komeni sartzea?