Dendari eta eragile
Ordiziako Goierriko Baratza dendak 10 urte egin berri ditu irailean. Elikagai ekologikoak saltzeko denda bat zabaltzea «urrats handia» izan zen garai hartan ...
Ordiziako Goierriko Baratza dendak 10 urte egin berri ditu irailean. Elikagai ekologikoak saltzeko denda bat zabaltzea «urrats handia» izan zen garai hartan bi bazkideontzat, argi edukita haiena ez zela saltoki hutsa izateko jaio.
Politikan, negozio munduan zein ingurumen gaietan arrastoa utzi duen kontzeptu bat dago Goierriko Baratza dendaren sorburuan: Think globally, act locally (Pentsatu globalki, jardun lokalki). Orain hamar urte denda zabaldu zutenean –2005eko irailaren 5ean–, Franciso Javier Masid Txisku-k (Beasain, 1964) eta Danel Etxeberriak (Itsasondo, 1970) argi zuten haien denda ez zela mugatuko elikagaiak saltzera, bestelako mundu bat lortzeko bidean haien alea jartzea ere beharrezko ikusten baitzuten.
«Ondo pentsatutako eta aztertutako erabakia izan zen. Urtebete baino gehiago pasa genuen antzeko beste denda batzuk ikusten, azokak bisitatzen, harremanak egiten». Masidentzat «urrats handia» izan zen garai hartan elikagai ekologikoak saltzeko denda bat zabaltzea, «ordura arte belardendak bakarrik baitzeuden».
Mezularitza enpresa batean aritu zen ordura arte lehena, eta eraikuntza arloan bigarrena. «Beldur askorekin gogoratzen ditut nik egun haiek. Biok ala biok lan ezberdinetan ibiliak ginen, baina asko hitz egin eta gero denda irekitzea erabaki genuen», azaldu du Etxeberriak.
Denda bitan banatuta
Bai produktu ekologikoak, bai baserriko produktuak, azoketan soilik saltzen zirela jabetuak zeuden, eta «hutsune» hori betetzeko ideia buruan bueltaka zerabilten. «Garai hartan ekoizleari erosten zenion zuzenean, ala ferietan erosten zenuen. Ikusten genuen horrelako zerbitzu bat falta zela Goierrin», gogoratu du Etxeberriak.
Masidek gogoan du denda ireki berritan bezero batek baino gehiagok errepikatutako esaldia: ‘Bazen garaia horrelako denda bat irekitzeko!’. Haren esanetan, «oso atsegina eta aberasgarria» zen bezeroen ahotik horrelakoak entzutea. «Batek ogia enkarguz erosten zuen belardenda batean, barazkiak, ekologikoan ari zen baserritarrari… Dendaz denda ibili gabe, produktu ekologikoz eta baserriko produktuez osatutako saski bat osatzeko aukera eskaini genuen, lehen plateretik hasi eta postreraino».
Hasierako planteamendua horixe izan zen gainera. Dendaren alde batean produktu ekologikoak saltzen zituzten, eta bestean inguruko baserrietako produktuak. Pare bat urtean ibili ziren horrela, baina azkenean erabat produktu ekologikoekin lan egitea erabaki zuten. Etxeberriak eman du azalpena. «Guk bertako produktuari garrantzia ematen diogu, nahiz eta ekologikoaren zigilurik ez eduki. Gure ustez, baserriko produktuak badu zentzu ekologikoa, gertukoa, baserritarrek ekoitzia delako, baina kontsumitzaileak izan ziren dena ekologikoan egitera bultzatu gintuztenak. Gure artean eztabaida izan genuen, baina azkenean prozesu natural bat izan dela esan daiteke».
Ekologikoa, goraka
Ekoizleen eta bezeroen arteko topagune izateko borondatearekin jaio zen Goierriko Baratza, eta hamar urteren ondoren, helburua bete dutela uste dute biek: «Ez da gure lana bakarrik izan, beste jende askorena ere bai. Beti esan izan dugu ez dugula denda soil bat izan nahi, ez genuela produktuak saltzera mugatu nahi. Produktuak nola eta non egiten diren ikusteko aukera eman diogu jendeari, bitartekari lanetan aritu gara, eta jendeak erantzun egin du». Etxeberriak adierazi du zentzu horretan ulertu behar dela joan deneko zortzi urteetan antolatzen duten Goierriko Bizitza eta Nekazaritza Ekologikoaren Hamabostaldia.
Produktu ekologikoen ekoizpenak eta kontsumoak azken hamarkadan izan duen gorakadaz galdetuta, iritzi argia dute bi bazkideek. «Orain hamar urte gaixoentzako produktuekin lotzen ziren produktu ekologikoak, baina denon artean uste hori puskatzea lortu dugu», esan du Masidek. Etxeberriak bat egin du adierazpen horrekin, baina merkatu globalizatuari ere egin dio aipamena. «Jendea kontziente da zer dagoen merkatuan. Askok pentsatzen dugu ekologikoa erosi eta kontsumituta, norberarentzat ona dela, baina baita inguruko ekoizleentzat eta baita ingurumenarentzat ere».
Bezeroen artean adin guztietako pertsonak dituzte; osasun arazoak dituztenak, arazo horiek saihestu nahi dituztenak, baina Masidek beste profil batekoei ere egin die aipamena. «Etortzen zaigun jende asko ez da produktu ekologikoen kontsumitzaile hutsa, baina mundua hobetzeko lanean aritzen dira gobernuz kanpoko erakundeetan edo bestelako mugimendu batzuetan, eta elikadura ekologikoa gaur egungo sistema hori aldatu nahi duen sare horren parte da. Eta nik dudan sentsazio pertsonala ere hori da, planeta hau hobetzeko kolaboratzen ari naizela dendarekin eta jardunaldi ekologikoak antolatuz».
Beste modu batez elikatu
Kalean sarritan entzuten den esan bat da produktu ekologikoak garestiak direla. «Hori zabalduta dagoen kontu bat da. Egia da produktu ekologikoak garestiagoak direla, baina hemen ez dituzu erosketak egiten saltoki handi batean egingo zenituzkeen bezala. Hemen dauden elikagaiek elikatu egiten dute», nabarmendu du Masidek. Orain hurrena beste kazetari baten bisita ere jaso zuten, eta antzeko galdera bati bezero batek nola erantzun zion aipatu du: «Ez da garestiagoa, kontua da beste modu batean jaten dela», izan zen erantzuna.
Salneurrien gaiari Etxeberriak eman dio jarraipena. «Lan baldintza onak denontzako, hori da guk aldarrikatzen duguna. Azkenean borroka orokor bat da, baina jende askok ez du horrela ikusten. Lantokian soldata ona nahi du, baina produktuak garestiak iruditzen zaizkio. Eskatzen digutena ordaintzen diegu ekoizleei». Eta bide beretik jarraitu nahi dute urte askoan Txiskuk eta Danelek, dendari eta eragile izaten.