Urdanetaren itzulera
Duela 450 urte, Andres Urdaneta esploratzaileak mundua zeharkatu zuen, bide berriak aurkituz. Haren aurkikuntzak aztertzeko hitzaldi sorta antolatu du Lemniskata elkarteakAndres Urdanetak Asia eta Amerika lotzen dituen pazifikoko bidea aurkitu zueneko ...
Duela 450 urte, Andres Urdaneta esploratzaileak mundua zeharkatu zuen, bide berriak aurkituz. Haren aurkikuntzak aztertzeko hitzaldi sorta antolatu du Lemniskata elkarteak
Andres Urdanetak Asia eta Amerika lotzen dituen pazifikoko bidea aurkitu zueneko 450. urtemuga beteko da urriaren 8an. Efemeride borobil hori ospatzeko, Goierriko Lemniskata zientzia elkarteak eta Ordiziako Udalak, Urdanetaren inguruko jardunaldiak antolatu dituzte, urriko ostiraletarako. Erakusketa bat eta bost hitzaldi egingo dituzte guztira, Urdaneta nor izan zen eta bere aurkikuntzek izan duten garrantzia ulertzeko.Atzo aurkeztu zuten Urdaneta, itzulera bidaia (450 urte) hitzaldi sorta, Ordiziako Barrena kultur etxean. Jose Miguel Santamaria Ordiziako alkateak, Urdaneta jaio zeneko bosgarren mendeurrena zela eta, 2008an ospatu zuen Urdanetaren urtea izan zuen gogoan. Orain, 1565. urtean egindako bidaiaren 450. urtemuga dela eta, «Lemniskatak mahai gainean jarritako aukera aprobetxatu» nahi izan dute, «hain gertu baina hain urrun dugun pertsonaia hau hobeto ezagutzeko».
«Aukera ezin hobea»
Lemniskata elkarteak ere, «zientziaren eta jakintzaren arloan» mugitzen den heinean, «aukera ezin hobea» ikusi zuen urtemuga hau probestuz, hitzaldi sorta hau antolatzeko. Jose Luis Etxezarretak, 2008ko kongresua «oso gertu» dagoela eta oraingo honetan «beste ikuspegi bat bilatzen» saiatu direla azaldu du. Hala, gonbidatu dituzten bost adituen bidez, Urdanetaren eta beren bidaien historiaz gain, ontzigintza, kartografia eta biologia aztertuko dituzte, besteak beste.
Aurreneko hitzaldian, Ordizian ezaguna den Jose Ramon de Miguel merkataritza ontziko kapitaina gonbidatu dute. Urteak daramatza Urdanetaren bizitza eta ibilbideak ikertzen, eta 2008an ere izan zen Ordizian. Etzi, Urdaneta y el Tornaviaje hitzaldia egingo du, 19:00etan, Barrenan.
Carlos Pedros Alio biologoak (urriak 9), Albaola fundazioko Xabier Alberdik (16), Elhuyar fundazioko Guillermo Roak (23) eta Raul Ibañez matematikariak (30) osatuko dute zikloa. Jardunaldi horien osagarri moduan, Le Tour du monde. Esploratzaileak XIX. Mendean erakusketa ere jarriko dute, Zumalakarregi Museoarekin elkarlanean.