«Emakumeen Mundu Martxa zerbaiten hasiera izatea nahi dugu, Goierrin arrastoa utziko duena»
Martxoaren 8an Kurdistanen hasi eta urriaren 17an Portugalen amaituko den IV. Emakumeen Mundu Martxak, Beasainen egingo du geldialdia urriaren 2an. Goierri beheko hainbat ...
Martxoaren 8an Kurdistanen hasi eta urriaren 17an Portugalen amaituko den IV. Emakumeen Mundu Martxak, Beasainen egingo du geldialdia urriaren 2an. Goierri beheko hainbat emakume talde elkarlanean ari dira ekitaldia prestatzen. Tartean da Kontzientzia Moreak taldea. Irati Zubizarreta eta Maider Alustiza beasaindar gazteek Mundu Martxaren garrantzia azpimarratu dute.
Goierriko Kontzientzia Moreak taldeko kideak zarete. Zer da Kontzientzia Moreak?
Maider Alustiza: Goierriko Bilgune Feminista duela urte bete sortu genuen. Kontzientzia Moreak izenarekin ere ezagutzen da taldea. Beasaingo gaztetxean egin genuen autodefentsa feminista tailerretik sortu zen.
Irati Zubizarreta: Beasainen eta Ordizian generoari buruzko formakuntzarako taldea sortzea nahi genuen eta barne formakuntzan ari gara.
Irekia al da taldea?
M.A.: Bai, igandeetan elkartzen gara Beasaingo gaztetxean, 17:00ak aldean.
Emakumeen Mundu Martxarekin bat egin duzue.
I.Z.: Bai, Emakumeen Mundu Martxa Beasaindik pasako zela jakitean eta Beasainen geldialdia egingo duenez, harrera antolatzeari ekin genion. Goierriko beste herri batzuetatik pasako da Legorretatik barrena, baina geldialdia Beasainen bakarrik egingo du.
M.A.: Goierri mailako deialdia egin genuen eta Ordiziako Kimetz, Beasaingo Asmube eta Segurako emakume taldea azaldu ziren. Ordizian eta Seguran egin dira dagoeneko atxikimendu bilketarako ekitaldiak. Beasainen, ostiral honetan egingo da. Goierriko bideoa egiten ari gara eta Beasaingo ekitaldiarekin bukatuko dugu.
Zer da Emakumeen Mundu Martxa?
M.A.: 1995ean Quebeck-eko emakume mugimenduak Ogia eta Larrosa martxa egin zuen. 15.000 lagunek hartu zuten hamar eguneko martxan eta eragin handia izan zuen nazioartean. 2000. urtean mundu mailako martxa egiten hasi ziren. Bost urtean behin egiten da. Aurten laugarrena da. Auto karabana izaten da.
Zer aldarrikatzen du?
I.Z.: Lau arlotan laburbiltzen dira eskakizunak: guztien ona, elikadura subiranotasuna eta baliabide eta bioaniztasunareko irismena; bakea eta desmilitarizazioa; emakumeentzako lanbidea; eta emakumeen aurkako bortxakeria.
Aurtengo leloa Geure gorputzak, Geure lurraldeak da.
M.A.: Urtero lema zehatz bat izaten du. Elikadura burujabetzaren borroka izango du aurten gogoan.
I.Z.: Egun hauetan herrialde guztietako milaka emakumek munduari erakutsiko diogu zer nolako alternatiba feministak proposatzen ditugun eredu kapitalistaren eta heteropatriarkalaren aurrean.
Noiz eta nondik abiatu da aurtengo martxa?
M.A.: Martxoaren 8an Kurdistandik abiatu zen, emakume kurduei omenaldi bat egiteko. Kobane Estatu Islamikoaren erasoaren aurrean babesteko autodefentsa unitateetan aritu diren emakume gerrillariei elkartasuna eta babesa helarazi nahi zaie. Coimbran, Portugalen, bukatuko da urriaren 17an.
Euskal Herritik ere pasako da.
I.Z.: Bai, datorren astean, irailaren 28tik urriaren 4ra bitartean pasako da. Egun horietan ere, emakumeok bizi ditugun askotariko indarkeria motak ikustarazten saiatuko gara. Era berean, azaldu nahi dugu, emakumeok erresistentzian ari garela eta ez dugula amore emango gure gorputzen gainean erabaki ahal izan arte.
Beasainen egingo du geldialdia urriaren 2an. Nola antolatu duzue eguna?
M.A.: Goizean, 10:00etan iritsiko da. Ordu eta erdi inguruan egongo da Beasainen eta 10:00etatik 12:00etara hainbat ekintza egingo ditugu Gernika Pasealekuan: haurrentzako ekintzak, bertsolariak, dantza afrikarra, mural margoketa…
I.Z.: Goiza izanik, Beasaingo ikastetxeekin lanean ari gara eskolatik atera ahal izateko. Beasain Institutuari hainbat proposamen egin dizkiogu; dantza talde bat egitea, adibidez. Agurra dantzatuko diogu Emakumeen Martxari. Iluntzerako ere ekintza gehiago antolatu ditugu: Marijo Imaz eta Maddi Imaz ama-alaben Pertsona naiz, ez transexuala hitzaldia, afaria eta Mor More taldearen kontzertua.
Ordizian eta Seguran ereite sinbolikoak egin dituzte, eta Beasainen gaur egingo duzue. Zer adierazi nahi duzue?
M.A.: Aurtengo ekintzaren ikur nagusia hazia da, elikadura burujabetza aldarrikatzeko, eta Segurako eta Ordiziako landaketa sinbolikoekin atxikimendua adierazi nahi izan diogu Emakumeen Mundu Martxari.
Goierrin ereindako haziek fruiturik emango al dute gerora begira?
M.A.: Mundu Martxaren aitzakian Goierriko hainbat talde elkartu gara. Adibidez, aspaldi sortuta zegoen Ataungo talde feminista ere gurekin jarri da harremanetan eta lanean ari gara.
I.Z.: Emakumeen Mundu Martxa zerbaiten hasiera izatea nahi dugu. Ez dugu zerbait puntuala izaterik nahi, Goierrin arrastoa utziko duen karabana izatea nahi dugu.