Goieniz zine-klubak gaur ekingo dio 38. denboraldiari, 'Mandarinas' filmaren proiekzioarekin. Hamabostean behin emango dituzte filmak ostegunetan, 21:30eanBeasainen egoitza izan, baina izenak dioen bezala Goierri mailako izaera duen Goieniz zine-klubak...

Beasainen egoitza izan, baina izenak dioen bezala Goierri mailako izaera duen
Goieniz zine-klubak «ilusio handiarekin» ekingo dio gaur iluntzean 38. denboraldiari. Momentuz urriko hiru ostegunetarako filmak iragarri dituzte, eta azaro eta abendurakoak filmak aukeratzeko lanean ari dira zine-klubekoak. Iaz bi emanaldi egiteko erabakia hartu zuten –19:00etan bat, eta 21:30ean bigarrena–, baina aurten proiekzioa bakarrera itzultzeko erabakia hartu dute:
ostegunetan, hamabostean behin eta 21:30ean. Bost filma ikusteko bonuak 15 euroan daude salgai, eta emanaldi bakarrerako sarrerak 4 euro balio du.
Goierriko Zine Kluba taldeak 1980ko hamarkadan Ordizian egin zituen emanaldiak. Garai hartan Donostiako Zinemaldiak herriz herri ibiltzen zen Auzoak eta Herriak izeneko atal bat zuen, proiekzio horietako bat Ordizian egiten zen, eta horren babesean sortu zen taldea. 1995. urtean, berriz, Usurbe zine aretoa jarri zen martxan, eta aurreko hamarkadan Goierriko Zine Klubean ikusle ziren lagun batzuk, eta antolatzaile izandako bakarren bat elkartuta, Goieniz zine-kluba sortu zuten.
Kalitatea eta mezua
«Zinearen bidez kulturari zabaldutako leiho bat da Goieniz». Jose Ignacio Sanchez Goienizeko presidentearen esanetan, filmak aukeratzeko prozesuan zine klubean elkartzen diren kide guztiek hartzen dute parte, eta filmaren kalitatea eta ematen duen mezua hartzen dituzte irizpidetzat: «Herrialde ezberdinetako filmak izaten dira, mezu zehatz, ezberdin eta erreala gordetzen dutenak». Gai sozialak izan ohi dira maiz filmen haria, eta zine komertzialak ematen ez duen «beste begirada bat» eskaintzen dute.
Beti bertsio originalean proiektatzen dituzte.
Zinemaldiko Zabaltegi saileko filmak dira, gutxi asko, Goienizen erreferentzia. «Film asko ekartzeko dugun arazoa ekonomikoa da, banatzaile batzuk oso garesti jartzen baitituzte. Horregatik, dei berezi bat egin nahi diet film onak ikusi nahi dituzten goierritarrei Goienizera etortzeko, tristura ematen baitu horrelako lana hartu eta jendeak guk espero bezala ez erantzutea». Hiruhileko zikloa urtearen hondarreko Gau Laburra euskal film laburren emanaldiarekin amaituko da, ohi bezala.
Elkarlanari zabalik
Goienizeko kideak «borondatez» aritzen direla, eta parte hartu nahi duenarentzat «ateak zabalik» daudela gogoratu dute, «ideia berriak ongi etorriak baitira». Halaber, eragileekin elkarlanean jardun nahi dute, eta horri lotuta, Sanchezek nabarmendu du
Una segunda madre filma Asmuberen 25. urteurrena ospatzeko sartu dutela karteleran.
GOIENIZ ZINE-KLUBA. URRIKO FILMAK
Gaur, hilak 1. Mandarinas (Estonia, 2013). Iraupena: 83 minutu. Zuzendaria: Zaza Urushade. Nazionalitate eta erlijio ezberdinen bizikidetza du ardatz.
Hilak 15. Una segunda madre (Brasil, 2015). Iraupena: 114 minutu. Zuzendaria: Anna Muylaert. Sao Paoloko etxe batean lan egiten duen emakumezko baten bizimodua islatzen du.
Hilak 29. Los caballos de Dios (Maroko, Frantzia, Belgika, 2012). Iraupena: 115 minutu. Zuzendaria: Nabil Ayouch. Islamizazioa da filmaren gai nagusia.