Zortzi urtez zinegotzi izan ondoren, alkate da orain Joseba Izagirre, Zegama Lantzen plataformako zerrendaburua. Zegamarrei herrian geratzeko arrazoiak emateko lan egingo duela esan du.
Joseba Izagirre Zegamako alkate berria. / Maialen Igartua
Azken bi agintaldietan Zegama Lantzen plataformako Edurne Albizu izan da Zegamako alkate. Aurten, ordea, lekukoa hartu du Joseba Izagirrek (Zegama, 1974). Zinegotzi izatetik alkate izatera «salto handia» dagoela adierazi du, batez ere, erantzukizun handiagoa duelako orain. Datozen lau urteetarako helburuak argi ditu: orain arteko zerbitzuak mantentzeko lan egitea, eta datozen belaunaldiei Zegaman geratzeko arrazoiak ematea.
Zortzi urtez Zegamako Udaleko zinegotzia izan zara. Orain, berriz, alkate. Salto handia izan al da?
Bai, saltoa beti dago. Azken finean, alkatearena da erantzukizunaren zati handiena. Gainera, zinegotzi izanda gai jakin batzuk lantzea tokatzen zaizu. Orain, berriz, gai guztien berri izan behar dut. Dena den, zortzi urtez zinegotzi lanetan aritu izanak laguntzen du esperientzia apur bat izaten; ez da hutsetik hastea bezalakoa.
Zegama Lantzen plataformaren zerrendaburua zara. Azken agintaldietan zuena izan da alkatetza. Herritarrak gustura dauden seinale?
Garbi dago aldaketa etorriko dela, udalean ezin du beti jende berdinak egon. Baina, bueno, oraingoz nik uste dut herritarrak bat datozela udalaren kudeaketarekin. Eta pentsatu nahi dut eskaintzen ditugun zerbitzuekin ere gustura daudela.
Zein pauso eman dituzue lehen hiru hilabete hauetan?
Batik bat, jarraipena egin dugu. Dena den, aurreko legegintzaldiko hiru lagunek baino ez dugu jarraitzen udalean; gainontzekoak berriak dira. Hortaz, oraindik martxa hartzen ari gara: batzarrak noiz egin erabaki, batzordeak sortu… Horrek ez du esan nahi, ordea, udala geratuta dagoenik.
Zein dira legegintzaldi honetarako dituzuen helburu nagusiak?
Ez dugu proiektu anbiziosorik edo obra faraonikorik buruan. Gure helburua orain arteko zerbitzuak mantentzea izango da: autobus zerbitzua, ikastetxea, haurtzaindegia, polikiroldegia, eguneko zentroa… Jendeari Zegaman jarraitzeko arrazoiak eman nahi dizkiogu, eta Zegamako bizimodua ahalik eta erosoena izan dadin lan egingo dugu. Zerbitzuak mantentze hutsak ere lan handia eskatzen du, kontuan izan behar delako Zegamak baliabide gutxi dituela. Herria txukun mantentzen ere ahalegin berezia egingo dugu.
Eta zein dira herrian ikusten dituzuen behar handienak?
Esaterako, bidegorria. Ez da herriguneraino iristen; industriagunean amaitzen da, herritik kilometro pare batera. Hori oso arriskutsua da, bidegorria hasten den punturaino errepidetik joan beharra dagoelako. Bidegorriaz gain, Kortaberritik herrigunerainoko errepideak konpontzeko premia du. Aldundira eskaera egin da, baina oraindik ez dugu erantzunik jaso.
Etxebizitzak egiteko proiektua aurrera doa, ezta?
Ugarte Zelai auzoan etxebizitzak egiteko proiektua onartuta dago. Hainbat fase ditu proiektuak, eta lehenengo faseari ekingo zaio laster, eskari nahikoa badago, behintzat. Eraikuntza enpresak aurten hasi nahi du lanekin. Hogei etxebizitza egingo dira lehenengo fasean. Etxebizitzak egiteak herritarrak bertan geratzea ahalbidetzen du, eta horrek bizia ematen dio herriari.
Langabezia jaisteko neurririk hartuko duzue?
Langabezian daudenei aholkularitza eskaintzea da gure asmoa: nora jo dezaketen, zein ikastaro egin ditzaketen… Udalak ez du mediorik lanpostu asko sortzeko. Tarteka sortzen dira, baina oso puntualak izaten dira, eta asko aldi baterakoak.
Lorategietan txakur kakak zeudelako kexak jaso dituzue udaletxean. Nola eman diozue irtenbidea horri?
Txakurzaleekin bildu gara, eta konpromisoa hartu dute gorotzak jasoko dituztela, eta txakurrak lotuta erabiliko dituztela herrian. Gainera, adostu dugu herrian gorotzentzako zakarrontziak jarriko ditugula. Udaleko bi alderdiok geneukan programan jasota neurri hau, beraz, aho batez onartu dugu. Eskatuta daude zakarrontziak, eta hilabete barru pentsatzen dut jartzeko moduan izango garela.
Autobusari itxaroteko aterpeak ere jarriko dituzue.
Bai, hori ere onartu dugu eta hilabete pare bat barru jarriko dira. Herritarren eskaera zen. Hiru puntutan jarriko dira: Ugarte Zelai auzoan, Andraitz aurrean eta zinema zaharra zegoen lekuaren parean.
Energia aurrezteko zein neurri hartuko dituzue?
Gure helburu nagusietako bat da energia aurreztea, eta, modu horretan, dirua aurreztea. Energia aurrezteko, herri guztiko faroletako argiak aldatu nahi ditugu, eta led argiak jarri. Hainbat auzotan aldatu dira dagoeneko, eta horrekin aurrera jarraitzeko asmoa dugu, fase ezberdinetan. Bestalde, polikiroldegian peleten bidez berotzen den galdara bat dugu jarrita, argindarra aurrezteko. Aurten horrelako beste galdara bat jarriko dugu plazako komun publikoen ondoan. Galdara horrek udaletxeari, ostatuari eta kultur etxeari emango die zerbitzua, printzipioz. Etorkizunean, zaharren egoitzari ere bai. Epe motzera gastu handia da, baina luzera asko aurreztuko da.
Aurreko legegintzaldian zabor bilketa sistema aldatu zenuten. Mantentzeko asmoa duzue?
Uste dut bete betean asmatu genuela sistemarekin. Edukiontzi berdea kendu, eta grisa jarri genuen. Tarjeta batekin irekitzen da, astean behin. Lortutako sailkatze datuak oso onak dira: %82ko bataz bestekoa dugu. Oraindik baditugu hari batzuk lotzeko, zerbitzua are hobea izan dadin. Esaterako, Olaberriko garbigunea oraindik ez dugu martxan jarri, baina laster izango da prest. Eta, noski, datuak onak izan arren, jarraituko dugu kontzientziazio lanarekin.
Udaleko wegbunea berritzeko asmotan ere bazabiltzate, ezta?
Webgune berria eraikitzen ari gara, oso zaharkituta geratu baitzaigu orain artekoa. Helburua da udaletxeko informazioa herritarren esku jartzea, orain baino modu askoz eskuragarriagoan. Akta guztiak jasoko dira webgunean, herriko ekintzen agenda izango du, partzoneriko informazioa agertuko da… Horrez gain, udaletxean aurkeztu beharreko edozein dokumentu deskargatzeko aukera ere eskainiko du. Orain arte paperean helarazten zaie informazio guztia herritarrei; horrek gastua dakar, eta denbora asko kentzen du. Noski, oraingoz ez diogu utziko paperez informazioa bidaltzeari, baina beharrezkoa da webgunea indartzea. Ea urtea bukatzerako prest dagoen.