Legazpiko Udalak Ardiaren Euskal Kofradiaren sorrera bultzatu du
Legazpiko Udalak Ardiaren Euskal Kofradiaren sorrera bultzatuko du, Gipuzkoako Artzain Eguna indartzeko eta herriko artzain eta gaztagileei bultzada emateko. Egitasmoa atzo aurkeztu zuten Koldobike Olabide alkateak eta Nekazaritza taldeko kideek.
Udalak baserritarrei lagundu nahi die eta, horretarako, Gipuzkoako Artzain Egunari buruzko azterketa egin du, besteak beste. Egun horretako ekitaldi nagusiak ardi haragi, gazta eta artzain txakur lehiaketak dira eta protagonista nagusia ardia da. Gainera, herrian gaztagileak daude eta Erreizabal baserrian Artzaintzaren Ekomuseoa bisita daiteke.
Hori guztia dela eta, legealdi honetan sortu den Berrikuntza zerbitzuak Ardiaren Euskal Kofradia sortzea erabaki du. Honen bitartez, Gipuzkoako Artzain Egunari, lehen sektoreari eta herriaren posizionamenduari bultzadatxoa eman nahi diete. Erabakia irailaren 22ko Nekazaritza taldearen bileran hartu zuten. Ondoren, udalak kofradia erregistratzea eskatu du. Erregistratu ondoren, estatutuak idatziko dituzte eta barne funtzionamendua zehaztuko dute.
Legazpiko artzain eta gaztagileek begi onez ikusten dute egitasmoa. «Ardi latxaren inguruko egitasmo guztiak positiboak dira», esan du Erreizabaleko Juan Jose Arangurenek. Bere ustez, ardi latxak euskal herritarron esker ona merezi du. «Monumentua merezi du. Eta hori da, kofradiak egin beharko lukeen gauzetako bat: animalia honi monumentu bat eskaini». Izan ere, ardiak mende asko daramatza euskal herritarroi haragia eta esnea ematen, baina askotan ez dugu merezi bezala zaindu. «Ardiek milaka urte eman dituzte sasiak jaten. Garai batean urte osoa mendian ematen zuten eta ez zieten jaten ematen ere. Elurra egiten zuenean, eskuarearekin elurra kendu eta kito. Ikaragarri sufritutako animalia da».
Ardi onena
Maitasun apur bat jasotzen hasi denean, lehen mailako animalia dela erakutsi du. «Pixka bat zaintzen hasi garenean, esne asko eman dezakeela ikusi dugu. Ordura arte Israeleko ardiei begira egoten ginen eta ardirik onena etxekoa genuen».