Feminismora bidean, urrats moreak Beasainen
Gure gorputzak, gure lurraldeak lelopean goizean goiz iritsi da emakumeen karabana Goierrira. Beasainen zuten hitzordua goizeko hamarretan eta puntual iritsi dira bertara. Goiza euritsu eta goibel esnatu bada ere, urratsez urrats, euren bideari eutsi diote emakumeek.
Irati Zubizarreta Kontzientzia Moreak taldeko kideak izan du harrera ekitaldian hitza hartzeko ardura. Emakumeen Mundu Martxari ongi-etorria ematearekin batera eskerrak eman dizkie Beasaingo ekitaldia antolatzen lagundu duten guztiei. Emakumeen Mundu Martxak hogei urte dituen arren, borroka feminismo aspalditik datorren mugimendua dela gogorarazi du Zubizarretak. “Historiako liburuek erakutsi ez arren, mendeetan zehar beti egon dira, orain bezala, euren eskubideen alde borrokatu duten emakumeak. Berak landatu zituzten hazien fruituak jasotzea egokitu zaigu guri. Eta guk jaso ditugun bezala, gure ondorengoek jaso ditzaten, orain guri dagokigu haziak landatzea”.
Beasaingo talde feminista eta emakume elkarteetako kideez gain, eskualdeko hainbat mugimendutako emakumeak ere bildu dira Beasaingo frontoian. Bertan izan dira bailarako hainbat udaletako ordezkariak ere. Festa eta aldarrikapena batu dituzte ekitaldian. “Lurperatu nahi izan gintuzten, haziak ginela ohartu gabe. Baina lurra prest dugu, haziak ere bai, eta ureztatzea besterik ez zaigu falta gure helburuak lortzeko!”, esan du Zubizarretak.
Ekitaldiaren ondoren, landaketa sinbolikoak egin dituzte. “Elkartasuna”, “feminismoa”, “osasuna denontzat”, “aski da”, “askatasuna”… hamaika mezu erein dituzte.
Krabanak Beasaingo frontoian geldialdia egin du eta ondoren bere bidearekin jarraituko dute. Edonola ere, arratsaldean ere jarraituko dute ekitaldiek nahi beste jendek parte har dezan.
Arratsaldeko egitaraua 20:15ean Marijo Imazek eta Maddi Imazek hitzaldia emango dute: Pertsona naiz, ez transexuala. 21:30, afaria egingo dute plaza azpian 23:00etan Mor Morek kontzertua eskainiko du.1995ean Quebec-eko (Kanada) emakume mugimenduak egindako martxa batean du oinarria egitasmoak. Ogiaren eta Larrosen Martxa izendatu zuten eta 15.000 pertsona batu zituen. 2000. urtean martxa mundu zabalera ireki nahi izan zuten, mundu mailan demokrazia, itxaropena, berdintasuna eta bakea aldarrikatu asmoz.