Argazkilari berrien zein adituen lana kalera ateratzea du helburu jaialdiak. Azaroaren 1a arte, erakusketak eta tailerrak izango dira.
Jaialdia aurkezten, Lurdes Azpiazu, Oihane Sanz, Jon Enrique, Sergio Vallejo eta Eli Lopez de Munain. / Arg.: Maialen Igartua
Trentxiki argazki elkarteak sortu zuen Argazkialdia jaialdia, duela bi urte. Sergio Vallejok azaldu duenez, Gipuzkoa mailako argazki jaialdia da Argazkialdia, argazkilari ezezagunei eta gazteei ate bat ireki nahi diena, eta, aldi berean, esperientzia handiko argazkilarien lanak erakutsiko dituena.
Aurten, Gipuzkoako herri askok hiribildu titulua lortu zuteneko
400. urteurrena ospatzen ari direnez, gai hori hartu dute ardatz. Gaurtik aurrera,
azaroaren 1a arte, Ormaiztegin izango dira ikusgai gai horren inguruan egindako hainbat argazki muntaia. Urteurrena bete duten herrien argazkiekin eginda daude muntaiak, argazki zaharrak eta berriak nahastuta.
Gaiaz gain, argazkien formatua ere berezia da, oso
tamaina handia baitute: 2,5m x 2,5m. Edukiontzi handi baten alboak osatzen dituzte argazkiek. Horrelako
sei edukiontzi jarri dituzte Ormaiztegin. “Formatua hain handia izanik, argazkizalea ez den jendearen ikusmina ere pizten du”, esan du Vallejok. “Azken finean, kultura herritarren esku jartzea da gure helburua”.
Argazkiek 2,5m x 2,5m neurria izango dute, eta herriko sei lekutan jarriko dituzte. / Arg.: Maialen Igartua
Erakusketak eta 3D argazkigintza tailerra
Horrez gain, bi argazki erakusketa ere izango dira urrian zehar, jaialdiaren barruan. Udaletxe azpiko aretoan
Iñigo Royoren argazkiak ikusteko aukera izango da. Erakusketa bitxia bezain interesgarria da Royorena, kanario baten kaiolaren azpialdeari ateratako argazki ezberdinez osatua. Bigarren erakusketa,
Lobo Altuna argazkilariarena, Zumalakarregi museoan egongo da.
Tailer bat ere antolatu dute jaialdiaren barruan. Ormaiztegik Hip Hip Urri programan parte hartuko du asteburuan, eta argazki jaialdia herrian dutenez, argazkigintzari lotutako tailerra antolatu dute udalak eta Zumalakarregi museoak elkarlanean:
3D argazkigintza: XIX. mendean eta orain. Bihar izango da tailerra, 11:30ean, Zumalakarregin. Aurrez
izena eman behar da.
Jon Enrique Ormaiztegiko alkateak adierazi duenez, jaialdi hau herriaren 400. urteurrena ospatzeko ekintzen barruan kokatzen da. “Urtean zehar hitzaldiak, herri antzerkia… egin dira, eta orain argazki jaialdia”.