Goierriko alkate sozialista bakarra da Serrano (Urretxu, 1972). Gehiengo osoa lortu zuen udal hauteskundeetan inoiz bere alderdiak jaso dituen boto kopuru handienarekin.
Mikel Serrano Zumarragako alkatea. / Miriam Luki
Hirugarren agintaldia duzu. Joan den maiatzeko hauteskundeetan 2.626 botok gehiengo osoa eman zizuten. Espero al zenuen?
EH Bilduk eta EAJk bat egin zezaketela uste genuen, eta gure ahalegina kanpainaren azken egunera arte itzela izan behar zela argi ikusi genuen. Gutxienez sei zinegotzi eta ahal zela zazpi lortu nahi genituen.
Hauteskunde egunean nire mahaian botoa ematen lehena izan nintzen. Lagunek eta senideek lasai egoteko esaten zidaten, baina lasaitasunari eustea zaila egin zitzaidan. Iluntzeko zortzietan PSE-EEko gure egoitzan nengoen. Interes berezia nuen udaletxeko mahaiaren emaitzak jakiteko, Etxeberri eta baserri guneak hartzen dituena. Botoak zenbatzen lehenengo mahaia da eta han 145 boto lortu genituela jakitea izugarria izan zen. Aurreko hauteskundeetan 91 jaso genituen. Ezin nuen sinetsi. Mahai guztietan irabazi genuen, inoiz ez da halakorik gertatu. Gainera, Gipuzkoako Legebiltzarrerako botoa ere eman behar zuten herritarrek eta haiekin alderatuta 800 boto gehiago izan genituen. Sentitu nuena azaltzeko hitzik ez dago.
Zein uste duzu dela garaipen horren sekretua?
Jendeari entzutea. Badakit egindako esaldia dirudiela, baina zumarragarrei entzutea izan da gure garaipenaren giltza. Ahal denean lagundu eta ahal ez denean ezin dela esan, hor dago gakoa. Entzuteko grina horrek inoiz liskarrak sortu ditu gure alderdiaren barruan, baina nik beti eutsi diot horri.
Inbertsio handiak ekartzeko egindako ahaleginak ere hor daude. Ospitaleko kanpo kontsulten eraikina, erresonantzia magnetikoak egiteko gailua eta aurki eraikiko duten aparkaleku berria horren adibide dira.
Hauteskundeetara aurkeztu zenuten lan taldera Rosa Maiza batu zenuten.
Enplegu sustapena jorratuko zuen norbait behar genuen lantaldean, hutsune hori sumatzen genuen. Maiza independentea da eta orain bozeramaile lanak ere egiten ditu, horrenbestez badu bere pisua udal gobernuan. Independente izateari garrantzia ematen diot, hala hasi nintzen ni ere eta Patxi Lopezek edo Jose Luis Rodriguez Zapaterok osatu zituzten gobernuei erreparatuz gero, uste dut badela sozialiston ikur bat.
Nolakoa da Zumarraga zure begietatik?
Zumarraga izaera industrial nabarmena duen herria da, baita gure bailara ere. Enpresa handien mendekotasuna agerikoa da, baina enpresa txiki zein ertain sare zabala dugu 20 kilometro koadroan. Dibertsifikazioa erronkarik handienetakoa da eta suspertzen ari diren sektoreak indartzeko lanean ari gara. Turismoari bultzada ematen ari gara mankomunitatean, ez industriaren tokia hartzeko, zerbitzuen sektorearen sarea ehuntzeko baizik. Ortoprotesiaren alorrean ere lanean dihardugu mankomunitatean Ugle lanbide eskolarekin batera.
Iaz ArcelorMittal enpresaren Zumarragako lantegia itxiko zutenaren mamua errealitatetik hurbil egon zen. Jarri al zara inoiz Arcelorrik gabeko Zumarraga baten aurrean?
Iazko irailaren 1a pasa zen eta lantegia hemen dago oraindik. Guretzat egun bakoitza egun bat gehiago da eta geratu badira zerbait ondo egiten ari garenaren seinale da. Nire esperantza da ArcelorMittalek bere jarduera dibertsifikatuko duela. Han 430-450 lanpostu zuzen inguru daude eta zeharkakoak 2.000tik gora dira. Gurean altzairua da nagusi eta zaila da goizetik gauera beste produktu bat gailentzea.
Aukera berriak sortuko dituzte AHTak eta Gi-632 [Zumarraga-Bergara lotuko dituena] errepidea berritzen dutenean. Hemengo enpresek hazteko modu gehiago izango dituzte.
Kutsaduraren galdera atzetik dator ezinbestean.
Eusko Jaurlaritzarena da eskumena. Datuetan alarmarik piztuz gero, Arcelorreko produkzioa geratzen da. Handik ateratzen diren kamioiein norabidea aldatu nahi dugu Eitzagako biribilgunera egin ordez, Argixaoko tuneletara jo dezaten. Bestetik, Euskal Herria hiribidearen boulebarizazioa lantzen ari gara. Honi buruzko albisterik ez egoteak ez du esan nahi lanean ari ez garenik.
Gizarte arloan zeintzuk dira erronka nagusiak?
Zumarragan sortzen diren arazoei lehentasuna eman eta datozen arazoei elkartasunez aurre egitea.
Hau ez da proiektu handien agintaldia izango eraikuntzari dagokionez, ezta?
Proiektu handiak egin dira jada udalaren aurrekontuak hipotekatu gabe. Bien bitartean, herriari buelta ematen ari gara auzoak eta erdigunea konpontzen. Kike Amonarriz gurean egon zen orain gutxi eta Zumarraga honek duela hamar urtekoarekin zerikusirik ez duela esan zidan. Lan txiki horiekin guztiekin jarraituko dugu.
Jubilatuen egoitza konpontzeko asmoa baduzue.
Bai, baina kanpotik dirua lortu behar dugu ezinbestean.
Urolako geltoki zaharra eraberritzeko proiektua ere badago, zer erabilpen emango zenioke?
Geltokia baliabide inportantea da. Familientzako topagune bat egitea aukera bat da, Gipuzkoako bakarra Donostian dago. Turismo bulegoaren adar bat ere han egon liteke, bidegorria gertu dago, bizikleta puntu bat… Hasteko, eraikina nola egokitu ikusi behar dugu eta dirua nondik atera. Orbegozo zahar etxea zenaren zaharberritzea ere buruan dugu, agian Ugle eskolaren osagarri izan litekeelako.
Eta kultura sortzeko gunerik? Musika talde batzuen egoera ez da oso ona Urretxuko Sarralden egonda…
Oro har musika taldeek, bandari buruz edo txistulari taldeari buruz ari naiz, badute non egin entseguak. Egia da Sarralden daudenak ez daudela tokirik egokienean eta irtenbide bat topatu beharrean gaudela Urretxurekin batera.
Urretxu aipatu duzu, nola hasi zarete elkarren arteko hartu emanei dagokienez? Legazpirekin?
Agintaldiaren hasieran gaude eta hasiera guztietan bezala, hartu emanak berreskuratzeko asmoa dago; espero dut denboran irautea. Legazpirekin kirol instalakuntzen erabileraren gaia lantzen ari gara berriro.
Ispilla kiroldegia zaharkituta geratzen ari al da?
Aztertu dugu inoiz hiru herrion artean kirol azpiegitura bat sortzea, baina ez da bideragarria behar guztiak beteko lituzkeen azpiegitura bat sortzea; behintzat kantxa kopuruari dagokionean. Niretzat, irtenbidea da txartel bakarrarekin hiru kiroldegien erabilpena bermatzea. Bestelakoan Ispilla eraberritzen jarraituko dugu. Inoiz pentsatu dut non egingo nukeen kiroldegi berri bat baina…
Non?
Kalebarrenen, hala ere, ezinezkoa da gaur-gaurkoz. Ez nuke nahi han 400 etxebizitza egin. Eitzagako eta Artiz auzoko etxebizitzen proiektuari amaiera eman behar diogu.
Eta Kalebarrenekin, zer?
Dagoena eraberritu, 60 bat etxebizitza egin eta berdegune bat. Bizilagunekin adostu behar da dena eta, bai, horri heldu behar diogu.
Udalbatzako beste taldeekin nolako hartu emanak dituzu?
Ni hitz egiteko prest nago, baina aldaketak ez dira goizetik gauera gauzatzen. Desadostasunetatik harago elkartzeko gune bat topatzea nahiko nuke. Guztiok daukagu zer ikasia, nik ere bai, jakina.
Urkulluk deitutako alkateen bileran egon zinen, memoriari buruzkoa.
Bai, Zumarragan orain bost urte hasi ginen indarkeria guztien biktimen aitortza egiten azaroaren 10ean, eta orduan jada berandu genbiltzala esan nuen.