Zerainlab egitasmoa aurkeztu du Zeraingo herritar talde batek, landa eremuko herri txikien garapena lantzeko gunea. Hiru alor landuko dituzte: herri antolaketa, ekonomia eta ingurumena
Jesus Ezeizabarrena, Jon Harreguy, Elixabete Garmendia eta Loli Gonzalez, egitasmoa aurkezten, asteazkenean. / Arg.: Maialen Igartua
Zerainlab. Izen hori jarri diote Zeraingo herritar talde batek sortutako egitasmoari. Zerain, herriaren izenagatik, noski. Lab, laborategiari erreferentzia eginez. Izan ere,
esperimentatzeko eta bide berriak arakatzeko gunea izan nahi du Zerainlabek. Helburua landa eremuko herrien garapenaz hausnartzea da. Antolatzaileek azaldu dutenez, egitasmoa Zerainen sortu den arren, gainontzeko herri txikientzako ere baliagarriak izan daitezke zeraindarrek egindako ekarpenak.
Hiru gai landuko dituzte Zerainlaben:
herri antolamendua, ekonomia eta ingurumena. Herri antolamenduari dagokionez, hainbat galderari erantzuten saiatuko dira: elkarbizitza nola hobetu, erabakiak nola hartu, parte hartzea nolakoa izan behar den, herri zerrenda bakarraren funtzionamendua bideragarria den… Hala azaldu du Loli Gonzalezek.
Ekonomiaren alorrean, lehen sektoreaz, enpresa ekimen berriez eta esparru berrietara zabaltzeko aukerez ariko dira, besteak beste. «Gure ardura da gai hau lantzea, guk nahi dugun ekonomia izateko», esan du Jon Harreguyk.
Eta, azkenik, ingurumena landuko dute. Jesus Ezeizabarrenaren hitzetan, «herri txiki gehienok landa eremuan gaude, eta paisaia naturalaren parte gara». Hori dela eta, jasangarritasuna lortzeko ingurunearekin izan beharreko harremanaz hausnartuko dute. Energia, zaborra eta ibilgailuak izango dituzte hizpide, besteak beste.
Urriaren 15ean lehen saioa
Oraindik egitasmo jaio berria da Zerainlab. Hazia jarri dute hainbat herritarrek, eta gainontzeko herritar guztiei egin diete proiektura batzeko gonbita. «Ahalik eta herritar gehienek parte hartzea da helburua, adin tarte ezberdinetakoek, denon artean erabakitzeko zein izango den lan dinamika», azaldu du Ezeizabarrenak.
Lan dinamika aurrerago markatuko badute ere, dagoeneko badituzte hainbat ekintza antolatuta. Esaterako,
Zerain etorkizunera begira izeneko
gogoeta prozesua antolatu dute. Bi saio ireki izango dira, kanpoko bi teknikarik gidatuak. Lehenengo saioa urriaren 15ean izango da, 18:30ean, kultur etxean.
Herritar asko bildu ziren egitasmoaren berri entzutera. / Arg.: Maialen Igartua
Horrez gain, landa eremuko beste herri batzuetako esperientziak ezagutzeko jardunaldiak antolatu nahi dituzte aurrerago. Eta
nazioarteko kongresu bat ere badute buruan, atzerriko esperientzien berri izateko.
Elixabete Garmendiaren ustez, oraingoa «momentu klabea» da horrelako prozesu bat hasteko, dagoeneko 40 urte pasa baitira Zeraingo herri eredua eraikitzen hasi zirenetik. Hauteskundeek, gainera, «haustura» eragin dute herrian. Ondorioz, aurrera begira jarri eta hausnartzeko une aproposa iruditu zaie.