Dantzariak Santa Fe jaietan / Zaldibia.org
Sei eguneko festak antolatu dituzte aurten Zaldibian, bihar hasi eta igandera arte, osteguna atsedenerako utzita. Hasiera, ohitura bihurtu den bezala, mondeju osagaiak bilduz egingo dute. Olaldetik plazara, danborrada gisako desfile egingo dute. Mondeju zuria probatzeko modua ere izango da, bihar.
Musikaren arloan, Imuntzo eta Beloki disko berria besapean dutela etorriko dira herrira. Urriaren 8an, osteguna, dute berez Egurre lana aurkezteko asmoa; Zaldibian izango da estreinaldia. Lau gauetan izango dira kontzertuak eta dantzaldiak. Hurrengo asteburuan, esate baterako, bina talde ariko dira gaueko. Zaldibiarrek jotzen duten Gureran taldeak itxiko ditu festak. Euskaldunek eta kubatarrek osatutako La Jodedera taldeak ere kontzertua egingo du. Karibeko doinuak eta erritmoak, euskaraz abestuta.
Goi mailako pilota jaialdia
Kirolari dagokionez, esku pilotari eman diote santafetan indarra. Urriaren 10erako, larunbata, profesionalen jaialdia antolatu dute. Zortzi pilotari ekarriko ditu Aspe enpresak, bi partida osatzeko. Estelarrean bi txapeldun ariko dira: Xala Merino I.arekin, eta Martinez de Irujo Tolosarekin. Sarrerak egunean bertan salduko dituzte, ordubete lehenago.
Almitza elkartearen sehaskan, segak ere ezin zuen hutsik egin. Euskal Herri mailako segalaritza saioa jokatuko da, azkeneko egunean. Zortzi urtetik 16ra arteko haurrak ariko dira.
Goiztiri txarangak berriz joko du
Santa Fe egunean, asteartean, aspaldian isilik dagoen Goiztiri txarangaren doinuak entzungo dira atzera Zaldibian. Kide izandakoak elkartuko dira, 19:30ean, kalejira egiteko.
Txarangako kide izandako 20 bat lagunek asteak daramate entseatzen. «Hogei-bat elkartu gara, gehientsuenak», dio Joxe Ramon Irastortza ‘Oto’-k. Berragerpenaren helburua taldean ibili ziren bi lagun oroitzea da: Xabier Erauskin —uztailaren 18an hil zen, Zaldibiara bidean, autoarekin istripua izanda— eta Hodei Galarraga —2002an hil zen—.
EGITARAUA
Astelehena, urriak 5
18:30. Desfilea Olaldetik plazara, mondeju osagaiak bilduz.
19:00. Hasiera. Iztueta dantza taldea, danborrariak, txistulariak eta Gauerdi txaranga.
Ondoren. Kalejira, buruhandiak
20:00. Mondeju dastaketa.
Afal ostean. Gauerdi txaranga.
23:00. Imuntzo eta Beloki.
Asteartea, urriak 6
11:00. Haur jolasak, Kulkirekin.
11:00. Meza.
11:45. Elustondo eta Sarriegi bertsolariak.
12:00. Herriko trikitilariak.
17:00. Zaldibiako pilota eskolako haurren pilota partidak: Oroitz Etxabe-Jon Mendizabal / Iñaki Oria-Aimar Etxeberria.
18:30. Iztueta dantza taldea.
19:30. Goiztiri txarangako kide ohien saioa.
Asteazkena, urriak 7
11:00. Zezenak eta pottokak.
12:00. Hamaiketakoa, jubilatuei.
Ondoren. Kalejira, Zaldibiako trikiti eskolako ikasleekin.
13:30. Haurren bazkaria.
Ondoren. Haurrentzat jolasak.
17:30. Patxin eta Potxin
pailazoak.
Ostirala, urriak 9
16:00-19:00. Margoketa tailerra haurrenzat, Beti-Gazterekin.
19:00. Herri kirolak.
20:00. Elektro-txaranga.
22:30. Kontzertua: La Jodedera.
00:00. Gugaz-ekin dantzaldia.
Larunbata, urriak 10
12:45. Laguntasuna errondaila.
16:30. Mozorro-festa eta haurren jaialdia.
18:00. Profesionalen pilota partidak. Lehenik, Gorka-Urruzola / Jaka-Irusta. Bigarrena, Xala-Merino I.a / Irujo-Tolosa.
20:00. Kalejira aldarrikatzailea.
23:00. Irrikan-en kontzertua; gero, Gabenara-ren dantzaldia.
Igandea, urriak 11
11:00. Txistularien goiz eresia.
12:00. Euskal Herriko gaztetxoen sega saioa (8-16 urtekoak).
14:30. Kuadrilla bazkaria plazan
Bazkalondoan. Jundajo txaranga eta kuadrillen arteko jokoak.
23:00. Gureran-en kontzertua (herritarrak); gero, Tximeleta-rekin dantzaldia.