Joseba Jaka beka jarri du abian berriro Elkar Fundazioak
2016an Joseba Jaka hil zela 20 urte beteko direla gogoratuz (Zegama, 1978 – Cadiz, 1996), eleberri edo ipuin bilduma proiektu bati 10.000 euroko laguntza emango dio Elkar Fundazioak. Ia hamar urteko etenaren ondoren jarri du berriz beka martxan Elkarrek.
Lanak 2016ko urtarrilaren 29a baino lehen aurkeztu beharko dira eta proiektuaren sariduna 2016ko apirilean jakinaraziko da. Bekaren laguntzat idatzitako nobela edo narrazio bilduma 2017an argitaratuko du Elkar argitaletxeak. Epaimahaia Joxe Azurmendik, Karmele Jaiok eta Iratxe Retolazak osatuko dute, Elkar argitaletxeko editore batekin batera. Editoreak, baina, ez du botorik izango.
Beste arlo batzuera zabalkundea
Aurrerantzean bi urtetik behin egingo du Elkar Fundazioak Joseba Jaka bekarako deialdia, eta 2018koan hasita laguntza hau beste arlo eta diziplina batzuetara zabalduko da.
Etenaren aurretik 1996tik 2006ra bitartean eman zuen Elkarrek laguntza, eta tarte horretan 239 proiektu aurkeztu ziren Joseba Jaka bekaren deialdietara. Beka jasotako 41 liburu argitaratu ziren.