Legazpiko Gazteria Zerbitzuak dirulaguntzak kaleratu ditu
Musika grabaketak eta aisialdiko prestakuntza saioak egiten dituzten talde eta legazpiarrentzat dira. Urriaren 30ean amaituko da eskaerak egiteko epea
Herriko musika taldeentzat eta aisialdiko prestakuntza saioak egin dituzten legazpiarrentzat dirulaguntzak kaleratu ditu Legazpiko Gazteria Zerbitzuak, zazpigarren urtez lehenak eta bosgarrenez bigarrenak. Eskaerak egiteko epea urriaren 30ean amaituko da, eta udaletxean bertan egin beharko dira, Herritarrentzako Arreta Bulegoan.
Grabaketak egiten dituzten musika taldeei dago zuzenduta dirulaguntza horien zati bat. Helburua, “musikari legazpiarrei euren diskoa argitaratzen laguntzea da”. Gehienez, 1.000 euroko laguntza emango zaio talde bakoitzari, beti ere abestiek giza eskubideen aldarrikapen unibertsala errespetatzen badute. Lehentasuna izango dute laguntza lehen aldiz eskatzen dutenek, baita euskaraz sortutako grabazioek ere. Aurreko urteetan, honako hauek izan dira dirulaguntza hauek jaso dituzten taldeak: Elbereth (2009), Hartu arte (2010), Yerko Ortiz (2011), Doinua Musika Eskolako Big Band eta D-Pintxos (2012), One Way Rock, Vancouver eta Deaf Squad (2013) eta D-Pintxos eta Alaitasuna Errondaila (2014).
Aisialdiko prestakuntza saioetarako laguntzak, berriz, 2013-2014 ikasturtean herritik kanpo begirale edo zuzendari ikastaroa burutu duten herritarrei zuzenduta daude eta beka gisa emango dira. Bekaren zenbatekoa matrikula prezioaren erdia izango da. Guztira hamaika gaztek jaso dituzte horrelako bekak aurretik.