Ampo Ordiziak bigarren garaipena lortu du, hau ere etxetik kanpo
Erasoan joko ona eginez eta 8 entsegu lortuta, Ampo Ordiziak denboraldiko bigarren garaipena lortu du. Aurrekoa bezala, hau ere etxetik kanpo izan da, Madrilen jokatu baitute asteburuan, Alcobendasen kontra.
Seigarren minuturako aurrea hartu zuten ordiziarrek, Springen entsegu batekin. Hala, partida osoan zehar aurretik joatea lortu zuen. Izan ere, Santboianaren kontrako partidaren ondoren, Wade Kelly entrenatzaileak ahalegin berezia egin du taldearen erasoko jokoa hobetzeko. Horren emaitza agerikoa izan zen igandean, taldeak 8 entsegu lortu baitzituen, eta horietatik 5 gauzatu. Springek, Kortak eta O’Donellek bina entsegu lortu zituzten. Rustek azken minutuan lortutako drop batek borobildu zuen azken emaitza, ordiziarren aldeko 44-56koa.
Markagailuak adierazten duen moduan, entsegu asko lortu zituzten bi taldeek; partida bizia eta ikusgarria izan zen. Klubak azaldu duenez, ezarri nahi duten «joko sistema berriaren bidean beste pauso bat» izan da asteburukoa. Garaipen honi esker, ohorezko mailako sailkapeneko 4. postuan da orain Ordizia.