Idiazabalgo ganaduzaleak Urrutikoetxeko belardietan elkartu dira gaur, Baserritar Egunaren aurkezpenerako.
Duela lau urte hasitako bidea jarraituz, Baserritarren Eguna ospatuko dute gaur zortzi, Idiazabalen. Baserri mundua kalera jaitsi eta gure inguruneari eta gizarteari eskaintzen dion guztiaz jabetzeko ekitaldia izaten da. Eta asmo horrekin berarekin antolatu dute asteazkenerako mahai-ingurua ere. Gaur aurkeztu dituzte ekitaldiok Idiazabalgo Urrutikoetxe baserriko larreetan.
Nekazaritza munduan zeresan handia duten bost gonbidatu,
Zer eskaintzen dio baserriak gure gizarteari? galderari erantzuna ematen saiatuko dira. Iker Elosegi, Euskal Herriko Laborantxa Ganberako koordinatzailea; Xabier Arruti, Gipuzkoako Foru Aldundiko nekazaritza zuzendaria; Bittor Oroz, Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, arrantza eta Elikagaien Sailburuordea; Garikoitz Nazabal EHNE sindikatuko lehendaria; eta Xabier Iraola ENBA sindikatuko koordinatzailea dira gonbidatuak. Mahai-ingurua asteazken honetan izango da, 19:00etan, udaletxeko areto nagusian.
Baserritarren eguna, igandean
Igandean berriz, “baserria kalera” jaitsi eta nekazarien eguneroko lana eta produktuak ezagutzeko aukera izango dute bisitariek. Hala, egun osoan zehar, bertako nekazarien produktuak izango dira ikusgai, baita egunerokoan erabiltzen dituzten erremintak ere, lehengoak eta oraingoak. Umeek jolasen bidez eta bisita gidatuen bidez ezagutu ahal izango dute baserri mundua. Eta eguerdi partean, artalde batek zeharkatuko du herrigunea.
EGITARAUA (Urriak 12, astelehena)
- 09:00. Baserrietako ganadu erakusketa frontoi zaharrean. Plazan, tokiko produktuen erakusketa eta Iparraldeko produktuen salmenta.
- 12:00. Umeentzako baserri jolasak eta baserriko lan tresnen erakusketa, futbito zelaian.
- 12:30. Artaldearen jaitsiera.
- 14:00. Herri bazkaria pilotalekuan, bertako produktuekin.
- 17:00. Herri kirol saioa futbito zelaian.