Bertsoaren bidez adinekoen motibazioa lantzeko bi saio egingo dituzte Goierrin
GOIERRIKO SAIOAK:
Gipuzkoako Foru Aldundiak martxan jarritako Adin-adin programako bi saio izango dira, Lazkaon eta Beasainen. Guztira lurraldeko adinekoen hamaika egoitzatara bina bertsolari joango dira, bertsoaren bidez adineko pertsonengan “eragin positiboa” lortzeko. Saio bakoitzera bertsolari gazte bat eta helduago bat joango dira, egoitza dagoen bailarako bertsolariak beti, eta bertsotan eskualdeko kontuak landuko dituzte, adinekoei ezagunak egiten zaizkienak.
Bertsoa ardatz hartuta, adineko pertsonen gaitasuna sustatzea da Adin-adin programaren helburua, “adinekoen bizi kalitatea hobetzeko eta gaitasun psikoemozionalak lantzeko”. Foru Aldundiak eta Lanku bertso zerbitzuak elkarteak antolatu dute elkarlanean programa, eta biek “bertsoaren izaera terapeutikoa” nabarmendu dute.
Izan ere, adineko asko bertsoaren bidez hunkitu egiten direla aztertu dute, eta “euren bizipenak, oroitzapenak gogoratzen dituzte eta zaila da motibazio hori beste modu batera lortzea”, Maite Peña Gizarte Politikako diputatuak azaldu duenez.
- LAZKAO: Urriaren 23an, Txindoki egoitzan, 17:00etan. Gemma Urteaga eta Iñaki Murua.
- BEASAIN. Urriaren 30ean, Arangoiti egoitzan, 17:00etan. Gemma Urteaga eta Iñaki Murua.