Zaldibian berotik hasi dituzte Santa Fe jaiak
Mondejuak egiteko ‘osagaiak’ herrian barrena bilduta eta txupina botata, gaur iluntzean hasi dira Zaldibian herriko festak, Santa Fe jaiak. 27 graduko hego ukituarekin hasi ere, bero-bero. Lehenik, haurrek eta pailazoek osagaiak biltzeko kalejira egin dute, Olaldetik plazara. Han, porru, arrautza, sego eta mondeju bikainak egiteko beste sekretu guztiak bateratu dituzte.
Txupinazoa Joxepane ostatukoek bota dute, udaletxeko balkoitik. Espainiako Auzitegi Gorenaren erabakiz, itxi eta ondasunak gobernuak errekisatuko ditu. Erabaki hori gaitzetsiz, txaloz erantzun dute herritarrek txupina botatzeko ohorea. Atzerriko jatorriko neskatila zaldibiar batek ere aniztasun deia egin du, lehentxeago. Bere hizkuntzan zoriondu ditu zaldibiarrak eta kanpotik etorritako oro.
Santa Fe jaiak igandera arte izango dira, osteguneko atsedena barne. Gaur, mondeju osagaiak bildu bakarrik ez. Benetako hestebeteak probatu ere egin dituzte. Plazako pilotalekuan 110 kilo mondeju zuri banatu dituzte.
Bihar Santa Fe eguna izango da. Alkateak, txupinazoaren aurretik, festetan txikiziorik ez egiteko eta txukun ibiltzeko eskatu du. Izan ere, festak hasi aurretik dagoeneko komun publikoetan bi komun hautsita agertu dira.