Aramako alkate karguan bigarren lau urtekoa hasi du Asier Mujikak (Arama, 1977). Hauteskunde prozesu beretik abiatuta, udalaren funtzionamendua aldatu nahi dute, kideei gehiago zabalduta.
Zinegotzi zortzi urtean eta alkate lautan izan ondoren, udaletxea ondo ezagutuko duzu.
Oraindik ezagutzeko asko gelditzen zait. Beti dago zerbait. Oraintxe arauen berriskupenarekin ibili gara, eta garbi geratu da ikasteko badagoela. Espero dut azkeneko agintaldia izatea.
Txanda noiz emango zain?
Komeni dela uste dut. Bai niri, hamasei urte asko direlako; eta jende gehiagok parte hartu beharra dauka. Bestela…
Aurten, lehen aldiz, hauteskundeetako zerrenda izendatzeko aurre aukeraketa egin duzue.
Zer edo zer desberdina egiten hasi gara, Zerainen eta Mutiloan egin izan den bezala. Aurretik aurre hauteskunde batzuk egin, eta jendeari eman diogu bozkatzeko aukera, aproposena zein iruditzen zaion. Gauzak horrela egin direnez, beste lau urte segituko nuela erabaki nuen.
Zer erronka jarri duzue 2015-2019 agintaldirako?
Nire helburua zintzoa izatea da. Horren barruan, eskari txiki bat badago etxeak egitekoa herritarren artean, eta hori da erronka. Azken lau-sei urteetako prozesua espero dugu datorren astean bukatzea, arauak onartzen badizkigute behintzat. Industria sektorea ere kili-kolo dago, eta ea modurik badagoen laguntzeko.
Industrigune berriren bat sortzeko asmoa dago?
Lehendik dago industri lur bihurtua. Baina jabe aldaketa eta ustiapen aldaketa izan da, eta beste ideia batzuekin dabiltza. Ea hori aurrera eramateko aukerarik dagoen.
Etxegintza arloan, zer kopuru eraikitzeko aukera irekiko da?
Aspalditxoan geunden Arauak agortuta. Aurreko legealdian herriko eskaria estali nahi izan genuen, baina herria gehiegi bete gabe. Hasieran, udalak duen sail koxkor bat erabiliko da etxeak egiteko. Atzealdean dago, ez da agian herriko onena, baina hori da udalak daukana. Hor 18 etxebizitza bitarte utzi dugu tartea. Beharraren arabera hasiko gara. Beste hiruzpalau sail kalifikatu dira urbanizagarri, baina plan partzial bat behar da. Beste 24 etxe egiteko aukera legoke hor.
Hazi bai, baina zenbat izango da gakoa. Nolako herria nahi duzue? Oreka-puntua, non?
Orain arte hori pasatu da: herria hazi da, kanpotik jendea etorri da, baina lo egiteko bihurtu da. Eta bai kanpokoak, bai bertakoak, denok bihurtu gara horretan. Beti behar da aukera etxe batzuk egiteko, herrikoek kokaleku bat izan dezaten. Baina herria etxez betetzea ez da aproposa, azkenean identitatea eta daukan xarma galduko duelako. Lurraldeko Sektore Planean Aramari egozten zaion etxe kopurutik baxuago gabiltza. Ea onartzen diguten.
Bestela, zer behar du Aramak?
Inbertsioak eta material kontuak aparte utzita, herriaren aktibazioa da niretzat behar-beharrezkoa. Herriak mugitu beharra dauka. Edozein gauza dela ere, beti-betikoak gabiltza, eta hori ezin da izan. Dinamika bat sortu beharra dago.
Herrigintzan-eta mugimendu gutxi dago ala?
Orain, momentu honetan, oso gutxi. Hori lortzeko bidea bilatu beharko dugu, nolabait. Azken lau urteotan ez dugu lortu, baina bilatu beharra dago.
Zer dator berririk Arauetan?
Baserriak husten ari dira. Ia bi-hiru bakarrik biziko dira ustiapenetik, eta erdi erorian daude batzuk. Mantendu ahal izateko, eraikina bakarrik bada ere, baserri bakoitzetik beste bi bizitza ateratzeko aukera sortu dugu, beti ere onartzen badute. Espero dugu baietz. Jendeak ez dauka zertan baserritik bizi beharrik, baina bizileku izan dezake.
Udalean, funtzionamenduan bada berritasunik?
Aldaketak badira. Aurreko agintaldia ordainpeko dedikaziorik gabe bukatu nuen. Ikusten nuen ez zela lehengoa bidea, ez zitzaidan funtzionamendua gustatzen. Hala bukatu nuen, eta horrela segituko dut. Baina gogoa eta asmoa da gaudenon artean funtzioak gehixeago zabaltzea. Alkatea alkate izango da, baina ez dauka berak zertan izan beharrik gauza guztietan agintzen eta erabakitzen duena.
Batzorde gehiago izango dira?
Iazko antzekoak mantenduko dira. Udaleko kideak maiztasun batekin elkartzen gara, eta denetik lantzen dugu. Bestela, batzordeen ardura dezente banatu dugu; nik oso gutxi hartu dut.
Ekonomikoki eta egoera finantzarioan nola dago udala?
Ondo. Aurreko lau urteetan udaletxe berria eraiki zen, eta horrez gain obra asko egin dugu. Diru laguntzetan fijatu, nondik hel dakigukeen, eta geuk ahalik gutxien gastatuz. Ez daukagu ez mailegurik, ez zorrik. Bere garaian sortu zen kutxa bat, eta horixe erabili dugu. Urtea parean bukatzen dugu, eta alderdi horretatik momentuz ondo gaude.
Saneamendu sarea osatzen ari zarete.
Herriko baserri eta etxe guztietako ur zikinak biltzeko lana udalak egin du. Goiko baserri bat geratzen zaigu, eta Altzagatik gora dagoen beste bat; hura oso zaila dago. 600.000 euroko proiektua genuen, eta bukatzen ari gara gure partea. Orain, hil honetan hasiko da Ur Kontsortzioa Altzagako eta Aramako ur zikinak altako sarera lotzeko lanekin. Bajakoa, guri dagokiguna, ia bukatuta dago.
Azpiegitura aldetik, zer gabezia dauka herriak?
Azpiegituraz gaizki ez gabiltzala esango nuke. Beti bururatzen da zerbait, aldameneko herrian ikusitako zer edo zer. Baina nahiko estalita gaude. Orain urtebete ikastola txiki bat egiteko ideia ibili zen. Ez da aurrera atera. Beti ongi etorriak izango lirateke horrelako gauzak. Bestetik, alokairu sozialeko pisu bat egin behar dugu, lehengo udaletxe zaharrean. Bizitza bat jarriko dugu, baina beste bost jartzeko aukera dago. Beharra ikusten badugu, osatzen joan daiteke.
Udaletxe zaharra etxebizitzatarako geratuko da, orduan?
Hasiera batean, bai. Ez gara ari inbertsio gehiegi egiten, ez daukagulako garbi gerora zer izango den. Baina, obra txiki batekin, bizitza bezala jarriko dugu.
Zer duzue esku artean, lehenengo heldu nahi diozuena?
Gipuzkoa mailan, herri txikietan gabezia dago Internet zerbitzu, gas zerbitzu eta horrelakoetan. Gutxi garelako, konpainiei ez zaie etortzea interesatzen. Herri handien bizi mailaren pare jartzeko, horiek falta dira, albo batera geratzen ari gara herri txikiak. Horrekin gabiltza bueltaka, batik bat Interneta jartzeko; zeren gasa, garestia, baina zentralizatuta badaukagu. Ea Internet konpainiaren bat ekartzea lortzen dugun. Obra zibil guztia ia eginda daukagu, saneamenduko hodia aprobetxatuz. Kable ziztrin hori botatzea falta da.
Agintaldia nola datorrela ikusten duzu, zure esperientziatik?
Guk urteko 400.000 euroko aurrekontua dugu. Horrekin ezin da miraririk egin. Orduan, ahal dena. Genituen beharrak betetzen ari garela uste dut. Lau urteak gure mailan igaroko ditugu, aukerarik edo zirrikiturik ikusten bada, aprobetxatuz. Ea etxe horietxek herritarrei alokatzea lortzen dugun, eta industri sektorea aurrera botatzen dugun.