Asteazkenero izango da saioa, 12:15ean. Aurten tarte berriak izango ditu irratsaioak.
Segura Irratian grabatzen da Bixi Bixi saioa, Lierni Elortzak gidatuta. / Arg.: Aimar Maiz
Eñaut Telleria Segurako alkatea eta Eluska Gerriko alkate ohia elkarrizketatuko dituzte bihar Segura Irratiko Bixi Bixi irratsaioan. Zazpigarren denboraldiko lehen saioa izango da,
12:15ean hasita. Ekainaren 17ra bitartean, 34 saio egingo dituzte, asteazkenero.
Biharko saioan, bi alkateez gain, Hitz edo Irri Euskaraz Elkarri euskara elkarteko
Alaitz Imaz eta Axier Alustiza izango dira, elkartearen asmo berriz hizketan.
Anjel Oiarbide idiazabaldarrak Gure Esku Dagok antolatutako hitzaldiaz hitz egingo du,
Gillermo Roak Elhuyarren egitasmoei buruz, eta
Ainhoa Urretabizkaiak musika jarriko du saioaren bukaeran.
Segurako euskara elkarteak bultzatutako saioa da Bixi Bixi, udalaren babesarekin, eta Lierni Elortzak aurkezten du. Zazpigarren denboraldi honetan tarte berria izango dute
bertsoak, musikak eta euskalkiek. Gipuzkoako Bertsolari Txapelketaren jarraipena egingo dute eta, musikari dagokionean, irratiko aspaldiko kantutegia astinduko dute.
Eguneko Gaia izeneko tartean pertsona bat elkarrizketatuko dute asteazkenero. Horrez gain, ohiko kolaboratzaileak izango dituzte, eta noizean behin
saio bereziak egingo dituzte Goierriko Hitzako kazetariekin.