Legazpiarrek Agenda 21ean aztertu dute uhin elektromagnetikoen gaia
Uhin elektromagnetikoez inguratuta bizi gara eta osasunean duten eraginari buruzko kezka geroz eta handiagoa da. Batzuek oso kaltegarriak direla diote, beste batzuek ezetz… Zalantzak argitzen laguntzeko, Legazpiko Agenda 21eko foroaren azken bileran gai hau landu dute.
Legazpiko Udala Haurtzaroa eta Ingurumena programan parte hartzen ari da eta iaz uhin elektromagnetikoen eragina aztertu zuten. Oraindik ez dituzte emaitzak jaso, baina udalak gaia mahai gainean jartzea erabaki du. Ingurugelako Edurne Huesa izan zen azalpenak eman zituena.
Uhin elektromagnetikoez hitz egiten dugunean, telefono mugikorra etortzen zaigu burura. Baina aparailu guztiek sortzen dute eremu magnetikoa. Aparailuz inguratuta bizi gara eta oraindik ez dakigu zein eragin duten osasunean. Europako Parlamentuak aparailuekin ahalik eta harreman txikiena izatea aholkatu du. Batez ere haurren kasuan. Ez zaie mugikorretatik gertu egotea komeni, adibidez.
Eusko Jaurlaritzak ere gai honen inguruko hainbat neurri hartu ditu. Eskoletan Wi-Fia jartzeko asmoa zuen eta, Arartekoak eskatuta, kable bidezko Internet jarri zuten. Batzuek, eremu magnetikoek lipoatrofia sortzen dutela diote. Muskulu-masan arazoak sortzen dituztela, alegia.
Zientzialari guztiak ez dira iritzi berekoak eta oraindik ez dago jakiterik bizitza osoa telefono mugikorraren ondoan emateak zein eragin izan dezakeen. Ondorioak jakiteko itxaron egin beharko da.
Bitartean, Legazpiko Agenda 21eko foroaren bileran kontuz ibiltzea gomendatu zuten. Haurrek eta gazteek telefono mugikorrak ez erabiltzea, ahal den guztietan esku libreak funtzioa erabiltzea, telefonoa estaldura ona dagoenean bakarrik erabiltzea, telefonoa erosten denean bere erradiazio maila begiratzea, dei motzak egitea, gauean Wi-Fi aparailuak itzaltzea eta mugikorra logelan ez edukitzea aholkatu zuten, besteak beste.