‘Gure inguruko perretxikoak’ erakusketa ikusgai jarri du Zelai Arizti kultur etxean. Mendizaletasunak piztu zion perretxikoen gaineko jakin-mina Quevedori (Zumarraga, 1948). Erakusketan ehunetik gora perretxiko argazki bildu dituzu. Beti al daramazu
‘Gure inguruko perretxikoak’ erakusketa ikusgai jarri du Zelai Arizti kultur etxean. Mendizaletasunak piztu zion perretxikoen gaineko jakin-mina Quevedori (Zumarraga, 1948).
Erakusketan ehunetik gora perretxiko argazki bildu dituzu. Beti al daramazu motxilan argazki kamera?
Mendian geratu, eta argazkiak ateratzeko denbora hartzen dudalako Manuel Iraola bidelaguna batzuetan haserretu egiten zaidan arren [barreak], ez naiz argazkien zoro bat.
Nolatan animatu zara erakusketa hau osatzea?
Nahikoa material nuela konturatu nintzen eta animatu ere. Mila bat perretxiko espezieren argazkiak ditut eta honezkero 600 bat identifikatu ditut. Besteen identifikazio lanean ari naiz, baina batzuekin ez da batere lan samurra.
Nola identifikatzen dituzu ezezagunak zaizkizun perretxikoak?
Internet erabiltzen dut eta liburuak ere bai. Nik ez dut Aranzadik bezain identifikazio lan sakona egiten. Perretxiko batzuk nahastu ezinak dira, beste batzuekin zalantzak sortzen dira.
Nondik datorkizu perretxiko zaletasuna?
Mendizaletasunetik. Ez naiz mendira perretxiko bila soilik joaten, baina aurkituz gero geratu egiten naiz, jakina. Bi urte baino gehiago dira jubilatu nintzela eta aurretik hasitako bildumari segida eman diot.
Argazkietan eta diapositibetan dauden guztiak ingurukoak al dira. Zeri esaten diozu inguru?
Gipuzkoan eta Nafarroan ateratako argazkiak dira, baten bat Hueska inguruan ere bai. Hildako egur azaletan hazten diren perretxikoak edota perretxiko formarik ez dutenak ere badaude.
Erakusketaren kartela egiteko erabili duzuna azken horietako bat da. Perretxikoa baino, aloe landare gorria ematen du.
1914. urtean katalogatu zuten lehen aldiz Europan. Ustez Australiatik Lehenengo Mundu Gerrara etorritako soldaduek ekarri zituzten esporak, clathrus archeri izena du eta ez da inondik ere jangarria.
Perretxikoen eta onddoen inguruko azalpen mamitsua gehitu diezu argazkiei.
Bai. Onddoa berez ez dugu ikusten, lur azpian dago. Perretxikoa onddoaren ugalketa aparatua da eta bere eginbeharra esporak banatzea da. Onddo bat hartzen dugunean zer jasotzen dugu? Perretxikoa. Finean, perretxikoa sagarrondoak ematen duen sagarraren parekoa da.
Perretxiko bila joaterakoan ezagupen minimoa ezinbestekoa da, ezta?
Bai, zalantzarik gabe, bestela ezusteko galantak hartu daitezke. Esate baterako, amanita faloides eta San Joan perretxikoak antza handia dute, baina San Joan perretxikoarekin digestioa etxean egingo duzu eta amanitarekin ospitalean.