Urria, jaialdien aroa
Udazkenarekin batera, musika jaialdien garaia hasten da Goierrin. Indartzen ari diren hiru jaialdi egingo dituzte: Ordiziarrock, Jazpana eta He!!zurre Fest. Bakoitza bere ...
Udazkenarekin batera, musika jaialdien garaia hasten da Goierrin. Indartzen ari diren hiru jaialdi egingo dituzte: Ordiziarrock, Jazpana eta He!!zurre Fest. Bakoitza bere estiloarekin, baina helburu bakarrarekin: musikarekin gozatzea.
Udarekin batera, festen garaia etortzen da Goierriko herririk gehienetan. Udazkenak, ordea, beste mota batetako jaialdien oihartzunak ekartzen ditu Goierrira. Eskualdean dauden hiru musika jaialdi nagusiak, Ordiziarrock, Jazpana Fest eta He!!zurre Fest, urrian egingo dituzte. Hiruak garai beretsuan izan arren, bakoitzak bere bidea egin du, estilo propio bat landuz. Horregatik, musika eskaintza ahalik eta zabalena izate aldera, elkarren osagarri izan daitezkeela uste dute jaialdi horien antolatzaileek.
Egutegiari begira lehena, eta ate joka datorrena, Ordiziarrock jaialdia da. Urrian Goierrin egiten diren hiru jaialdi horien artean beteranoena ere bada, aurten 12. edizioa egingo baitu. Hasieratik antolakuntza lanetan dabilenetako bat da Urko Ruiz de Apodaka. Bere hitzetan, «herrian gabezia bat zegoela ikusita» hasi ziren herriko musika taldeak elkartzen. «Gaitasun artistikoa bazegoen, baina baliabideak falta ziren; entseatzeko lokalak, adibidez». Hala sortu zuten, 1999an, Ordiziako Trobadore Alaiak elkartea, lau urte geroago, lehenenego Ordiziarrock jaialdia antolatuko zuena.
2003ko lehen ekitaldi hartatik aldaketak izan badira ere, «filosofia beretsua» mantentzen dutela dio Ruiz de Apodakak. «Bertako taldeei jendaurrean jotzeko eskenatoki dezente bat eskaini nahi genien, eta talde ezagunago batzuekin batera jotzeko aukera eman». Lehen urteetan rock eta punk doinuak ziren nagusi, baina egun, «mundu guztiarentzako moduko jaialdia» dela dio. 2009. urtean hasi ziren beste doinu batzuk sartzen, hala nola, jazz-a eta blues-a. Horrekin batera, gorrentzako egokitutako kontzertuak eta musika eskolarekin elkarlanean antolatutakoak ere egin dituzte.
Ordiziarrock jaialdiaz gain, urtean zehar beste 18-20 ekitaldi antolatzen dituzte, horietako gehienak, gaztetxearekin, txosna batzordearekin edota auzoetako festa batzordeekin elkarlanean.
Jazpana
Astebete beranduago, hilaren 23 eta 24an, Beasainek hartuko du musika jaialdien erreleboa, Jazpana Fest jaialdiarekin. Dagoeneko 7. edizioa du jaialdi rural postmoderno honek. Izan ere, beti jokatu dute landa eremuaren eta modernitatearen arteko harreman horrekin. Antolakuntza taldeko Diego Gomezen hitzetan, «hasieratik pentsatu izan dugu euskara eta euskal kultura mundu mailako kultur korronteetan sartu zitezkeela». Izan ere, askotan «euskal kultura bertso, dantza eta herri kiroletara» mugatzen dela iruditzen zitzaien, eta horren aurrean, «Euskal Herrian nahiz estatu mailan erakargarri izateko moduko zerbait» egin zezaketela uste zuten. Bide horretatik, urteotan musikaren azken tendentzien erakusleiho bihurtu da Jazpana, eta bertako taldeak ez ezik, sona handia hartu duten kanpoko bandak ere etorri izan dira. «Beti saiatu izan gara, diruak eta azpiegiturak uzten diguten heinean, biran dabilen nazioarteko talderen bat ekartzen; gero baita Euskal Herrian denon ahotan dabiltzan taldeak ere; eta azkenik, estatu mailako izen batzuk ere ekartzen saiatzen gara». Horrez gain, hasieratik garbi izan dute jaialdiak doakoa izan behar zuela, «jendea musikaren mundura gerturatzeko modurik onena» hori delako.
Jazpana Fest jaialdia ez da ordea, musika bakarrik, eta beti ahalegindu dira beste kultur adierazpide batzuk uztartzen, hala nola skate eta saskibaloi txapelketak, argazki erakusketak, etab. Aurten, ordea, ekitaldi horiek asteburu bakarrean pilatu beharrean, urte osora zabaltzea erabaki dute. Asteburu honetan, esaterako, Monozikloen Downhill Txapelketa egingo dute, Oreka elkartearen elkarlanean.
He!!zurre Fest, gazteena
Goierrin urrian zehar egiten diren hiru jaialdietan gazteena da Hezurre Fest. Ordiziarrocken antzera, herriko musika taldeen ekimenez sortu zen. MuTaMu Urretxuko eta Zumarragako musika taldeen mugimenduak, entsegu lokalak eskatzeko hainbat protesta eta mobilizazio egin zituen, harik eta 2010. urtean, Sarralde eraikina erabiltzeko hitzarmena sinatu zuten arte Urretxuko Udalarekin.
MuTaMu kolektiboak «herriko taldeei jotzeko eta kanpoko taldeekin batera aritzeko aukera» emateko asmoz sortu zuen He!!zurre Fest jaialdia, antolakuntza taldeko Jon Ayusok azaldu duenez. «Kolektibotik atera zen gauza bat izan zen, bi udalak laguntzak ematen hasi ziren, eta horrela hasi ginen jaialdia egiten». Duela hiru urte egin zuten aurrenekoa, eta geroztik, txandaka egiten dute, urte batean Urretxun eta bestean Zumarragan. Aurten, Iparragirre plazan bilduko dira, urriaren 24an.
Jaialdiak herrian egiten den musikaren erakusleiho izatea bilatzen du. «Gehienbat talde gitarreroak dira, rocka, metala, hardcorea… baina ez dugu estilo jakin bat bilatzen». Azkenean, gainontzeko jaialdietan bezala, helburua bertako taldeek jotzeko aukera izatea eta jendeak musikarekin ondo pasatzea baita.
Ordiziarrock
Non. Ordizian.
Noiz. Urriaren 15etik 17ra.
Taldeak. Fiachras, Flitter, La Brigada del Vicio, Revolutionary Brothers, Potrotaino, Insania Crew, Koplaka, Colapso…
Weba. www.facebook.com/ordiziarock.ordiziarrock
Jazpana Fest
Non. Beasainen.
Noiz. Urriaren 23tik 24ra.
Taldeak. Bullet Proof Lovers, The Connection, Mendetz, Girls Names, Anari, Joseba B.Lenoir Gang, Señores, Mammut & The Palmeras Stuck……
Weba. jazpana.com
He!!zurre Fest
Non. Urretxu-Zumarragan.
Noiz. Urriaren 24an.
Taldeak. Afraid to speak in public, Cobra, Los Tuertos, Traka-Traka elektrotxaranga eta oraindik lotzeko dauden beste talde batzuk.