Zerrenda bakarra osatu, eta lantalde gaztea sartu da legegintzaldi honetan Gabiriako Udalera. Iñaki Etxezarreta (Gabiria, 1971) da alkatea, eta herritarrekin batera hartu nahi ditu erabakiak, batzordeetan lan eginez.
Aurreko legegintzaldietan bi talde aurkeztu izan dituzue Gabiriako udal hauteskundeetara. Aurten, ordea, talde bakarrean aurkeztu zarete. Zergatik?
Bai, lehen elkarte bakoitzak bere zerrenda aurkezten zuen. Aurten, ordea, biek bat egin dugu. Herria batzea zen gure asmoa, eta horregatik bat egin genuen. Garrantzitsuena herriarentzat lan egitea da, denentzako. Eta hori izan zen batzearen arrazoia.
Lehendik ere izana zara udaletxean.
Zortzi urtez zinegotzi izan nintzen, duela hiruzpalau legegintzaldi. Orain, berriz, alkate modura nago, eta oso desberdina da. Ikuspegia asko aldatzen da. Gainera, denek alkateari begiratzen diote. Nire asmoa, ordea, denek elkarrekin lan egitea da, zinegotziek eta nik. Ez dut desberdintasunik nahi. Erabakiak denon artean hartu behar dira. Alkatetza ez dut zerbait pertsonal modura hartu, herrira begira lan egiteko baizik, taldean lan egiteko. Talde bakarra izateak, noski, asko laguntzen du erabakiak denon artean hartzeko garaian.
Iñaki Etxezarreta da Gabiriako alkatea. / Maialen Igartua
Lantalde oso gaztea osatu duzue.
Bai, gehienak gazteak dira. Aurretik zeudenek urte batzuk pasa zituzten dagoeneko, bakoitzak bere familia du… eta aurten gazteek hartu dute erreleboa. Ilusio handia dute. Ni neu ere horregatik animatu naiz zerrendaburu izateko, gazteak ilusioz eta lanerako gogoz ikusten ditudalako.
Gazteak eta udalean berriak izateak zer abantaila ditu?
Ideia berriak ekartzen dituzte. Freskotasuna dute. Eta dena zalantzan jartzen dute, hau da, orain arte egin denaren zergatia galdetzen dute: ‘Hau zergatik egiten da horrela, eta ez beste modu honetara…?’. Horrek ikuspegi zabalagoa izatea ahalbidetzen dio udalari.
Zein da Gabiriako udalaren helburua datozen urteetarako?
Orain arte herrian egindako lanari jarraipena eman nahi diogu, eta batzordeak indartu. Garrantzitsua iruditzen zaigu herritarrek batzordeetan parte hartzea, erabakiak ez daitezen izan bakarrik udalarenak, herritar guztien artean landutakoak baizik. Batzordeen bidez herritarren ikuspegien berri izan dezakegu. Azken finean, Gabiriako 500 biztanleetatik zazpi bakarrik gaude udaletxean, eta gainontzekoen iritziak jasotzea ere garrantzitsua da. Parte hartze hori landu beharra daukagu, guk nahi baino jende gutxiago joaten baita batzordeetara. Obren inguruko batzordeetara, esaterako, jende asko joaten da. Beste batzuetara, oso gutxi.
Zer egingo duzue batzordeetan parte hartzea indartzeko?
Momentuz, batzordeen bileren akta guztiak pasatzen dizkiegu batzordekide guztiei, gaien jarraipena egin dezaten. Horrela, bileraren batera joaterik ez dutenean ere, hitz egin denaren berri jasotzen dute. Baina nolabait lortu beharra daukagu jende gehiagorengana iristea. Gabiria parte hartzaile bat nahi dugu, iritzi edo ikuspegi desberdinak izan arren, norabide bakarrean joango dena: herria hobetzearen alde. Hori lortuz gero, beste guztia berez etortzen da.
Zaborraren arazoari ere helduko diozue legegintzaldi honetan.
Gabiriako birziklatze datuak nahiko txarrak dira, ez gara %50era iristen, eta datu horiek hobetu nahi ditugu epe motzera. Ahalik eta errefusa gutxien sortzea da helburua. Horretarako, errefusarentzako edukiontzian giltza jartzea pentsatzen ari gara. Bestetik, kontzientziazio lana ere beharrezkoa da. Gabirian etxe gehienak baserriak edo bizitza bakarreko etxeak dira. Duela lau urte konpostagailuak banatu genituen etxebizitza bakoitzeko.
Konpostagailu horien erabilera bultzatuko dugu legegintzaldi honetan ere. Bakoitzak bere hondakin organikoak etxean kudeatzea nahi dugu, eta modu horretan ahalik eta errefusa gutxien sortzea. Gabirian baserri mundutik gatoz gehienok, eta lehengo ohiturak berreskuratzea bultzatuko dugu: sobratutako jana animaliei ematea, esaterako. Oraindik konpostagailua ez dutenei laguntza emango diegu jartzeko. Tabernentzako, bestalde, beste sistema bat pentsatzen ari gara.
Epe motzera zaborraren gaiari helduko diezue. Eta epe luzera?
Gabiriak ez du diru iturririk, eta ez dugu gauza handirik egiteko aukerarik. Gauza txikiak egiteko aukera, ordea, bai. Batzordeetan ateratzen diren gauza txikiak egiten joango gara. Aurten, esaterako, kolunbarioak jarriko ditugu hilerrian. Bestalde, orain arteko zerbitzuak mantentzea ere izango da gure lana: eskola, liburutegia, dantza taldea… Eskola herrian izateak bizia ematen dio Gabiriari. Gainontzean ez dugu proiektu zehatzik buruan.
Zein behar ikusten dizkiozu Gabiriari?
Esaterako, baserrietarako bideak konpondu nahi genituzke, baina ekonimikoki ezin dugu hori aurrera eraman. Pena da, baina gure aurrekontuarekin ezin dugu denera iritsi, eta atentzio gehiago jartzen diogu herriguneari. Bestetik, herritarrak elkartzeko gune bat ere botatzen dut faltan, elkarte pribatua ez dena, zahar, heldu zein gazteentzat egokia. Batzorde batzuetan atera izan da gai hori.
Lanpostuak sortzeko ahaleginik egingo du udalak?
Egiten duguna da, herrian sortzen diren lanpostuak herritarrei eskaini. Herriko gazteek herrian lan egiteko modu bat da hori.
Gazteak herrian geratzea ere izango da Gabiriaren helburu bat, ezta? Horretarako zein neurri hartuko duzue?
Herriko gazte asko kanpora joaten ari dira, alokairuan. Beraz, datozen lau urteetarako beste erronka bat dugu: etxebizitzen gaia nola kudeatu, gazteak herritik ez joateko. Herrian badaude etxebizitza batzuk salgai, baina gaur egun gazteek erostera baino gehiago jotzen dute alokatzera, lan egoera ezegonkorra izaten dutelako. Dena den, oraindik ez daukagu argi nola aurre egin arazo horri. Landu beharra daukagu.
Gabiriak baditu hainbat auzo herrigunetik aparte: Alegia eta Aztiria. Egingo duzue ahalegin berezirik auzo horietara gehiago iristeko?
Baserriekin bezala gertatzen zaigu auzoekin: ez diegu behar adina laguntzen, udalak baliabide gutxi dituelako. Gutxienekoa egiten da, hori egia da. Auzo horietara gehiago iristeko modu bat izan daiteke batzordeetan parte hartzea. Auzo horietako jendeak batzordeetan parte hartzen badu, gainontzeko herritarrekin batera, bertako beharren berri izango dugu. Modu bakarra da herri guztiko arazoak mahai gainean izateko. Gero ezingo diegu denei irtenbidea eman, baina arazoaren berri izango dugu, behintzat, eta hori da lehenengo pausoa. Esaterako, iaz ura eraman genuen Aztiriara. Urtetako eskaria zen, eta azkenean lortu genuen.