Bizilagun kopuruz Goierriko herri txikiena da Gaintza, 130 bat lagunekin. Baina, seguruenera, inork baino lan handiagoa dauka: etorkizuna ziurtatzea. Gaizka Olaetxea (Hernani, 1984) da alkate.
Zer esperientzia duzu kargu politikoetan?
Aurreko legealdian zinegotzi izan nintzen. Ordutik bi bakarrik gelditzen gara, jende berria sartu da. Eta kargu honetan berri bat jarri beharrean, biotako baten artean erabaki zen.
Asko aldatzen al da zinegotzi izatetik alkate kargura?
Bai eta ez. Zer lan egiten duzun edo zenbat inplikatzen zaren da. Zinegotzi bezala ere, inplikatzen bazara, denbora eskatzen dizu. Alkate bezala oraindik hasi berria naiz, lan asko ez zaigu etorri. Baina, talde guztiak hitz eginda daukagu, lana pilatzen denean, elkarren artean banatu behar dela. Herri txikia da, ez da inor hemendik bizi, bakoitzak bere lana daukagu, eta komeni zaigu inor ez erretzea.
Gaintza Goierriko udalerri txikiena da, biztanlez. Baina udal funtzionamendua eta zerbitzuak besteen pare eman behar ditu. Nola egiten da hori?
Gure betebeharrak herriaren lehentasuna eta biziraupena bermatzeko bideratu behar dira. Gauza asko daude, eta zein den egokiena aukeratu behar duzu: zerk ematen digun irteera bat, zerk laguntzen digun herriaren biziraupena bermatzen…
Biziraupena aipatu duzu. Hori da Gaintzaren erronka?
Nire iritziz, bai. Herri txikia da, eta azken urteetan biztanleria poliki-poliki beheraka doa. Geroz eta adineko gehiago dago. Gazteek, normala den bezala, herri handietara joateko gogoa dute. Helburu nagusia biziraupena da. Ahal den jende gehiena etor dadin animatu, eta etortzen denari integratzen lagundu behar zaio, hemen bizitzeko.
Zeu ere ez zara Gaintzan jaioa. Zer eskain diezaioke herriak kanpotar bati? Zuk zer baloratu zenuen hemen bizitzeko?
Lasaitasuna. Alde handia da herri handi batean bizitzetik —Beasain, Ordizia, Tolosa…—, sekulako aldea dago horko martxatik. Hamar-hamabost minutuan Gaintzara iritsi, eta sekulako lasaitasuna aurkitzen da. Gaur ere ondo etortzen zait; egun osoa lanean pasa, etxera iritsi, eta lasai.
Hori izan daiteke Gaintzak eman dezakeen balio bat?
Bai. Bizitza aktibo samarra egiteko kotxea behar duzu. Saiatu gara garraio publikoa jartzen, baina ahaleginak egin arren, dauden beharrak ez ditugu nahi bezala betetzen.
Udalera etorrita, nola aurkitu duzu udalaren egoera?
Udal guztiek bezala, gure maileguak eta zorrak dauzkagu. Baina nahiko ondo aurkitu dugu udala. Lehendik ere kide nintzen, eta saiatu ginen gastuak murrizten, eta inbertsioak kontrolatzen baina egin beharrekoak egiten. Gauzak ondo atera zaizkigu, eta zor dezente eguneratzeko aukera izan da.
Orain urtebete inauguratu zenuten udaletxe berria. Alboko etxebizitzak salduta daude?
Eraiki zuen enpresarenak dira, eta oraindik saltzeko daude. Etxe horiekin udalak ez dauka inongo sarrerarik. Lau bizitza daude salgai. Norbaitek erosteko gogoa izango balu, enpresara bideratuko genuke. Guretzat pozgarria izango litzateke hona jende gehiago etortzea, eta herriari lehen daukagun bizitasunaz gain alaitasun gehiago ematea.
Udaletxearen eraikuntzaren gastua, asko geratzen da oraindtzeko?
Badago. Baina horren gastuak nahiko konpentsatuta daude. Mailegu pare bat daude, egunean daramatzagunak. Beste arazorik sortzen ez bada, legealdia bukatzerako garbi geratuko dira.
Kurtso politikoa orain hasiko da benetan, festak pasatuta. Zer lan egin nahi duzu aurrena?
Inbertsio handiak egiteko moduan ez gaude. Herri txikia da, eta finantzatzeko ez daukagu bide handirik. Gauza batzuk badaude zintzilik. Handiena, biziraupena da. Herria bizirik mantentzea lortu, ahalik eta jende gehiena erakarri, eta etortzen dena gustura senti dadila. Horrez gain, herria dinamizatu, ahal den jende gehiena inplikatuz ekintzetan. Udalerriko arauak berritzea ere zintzilik dago. Proiektu txikiak dauzkagu; gehien bat, herria txukun mantendu, eta ez dago besterik. Ez daukagu proiektu handirik.
Azpiegitura aldetik, zerk dauka lehentasun handiena?
Neguan, euri jasa handiak egiten dituenean, bideak ondo mantentzeko adi egon behar da. Lur jauzirik ez dadila egon; beldur handiena horrek ematen digu.
Arazo dezente sortu dira luiziekin azkeneko neguotan, ezta?
Bai. Gainera, badago bide zati bat oraindik berritzeko dagoena. Foru Aldundiarekin bildu ginen aurreko agintaldi bukaeran, baina aldatu direnez, hori zintzilik dago. Segituan heldu beharrekoa da hori.
Haur eskolak segitzen du?
Oraindik bai. Urtero bezala, kolokan dago ordea. Aurtengo iraupena behintzat bermatuta dago, baina hurrengo urterako behar da. Jaiotza tasaren arabera dago. Jende gaztea erakarri beharko litzateke lehenengo.
Aipatu duzun herriaren biziraupenerako, epe luzerako dinamikarik baduzue buruan?
Ez, ez daukagu. Biziraupeneko programa bat burutzea gustatuko litzaiguke. Baina egunean-egunean bizi gara.
Udalaren ohiko funtzionamendua nolakoa izaten da Gaintzan?
Hemengo herrigintza nola dago antolatuta? Ez daukagu batzorde berezirik. Hilean behin udalbatzar bat egiten saiatzen gara. Beti ez da posible izaten. Bilkura horretan eztabaidatzen dira norberak dauzkan kezkak, proiektuak… Norbaitek zerbait berria baldin badauka plenoan aurkezten ditu, eta aurrera jarraitu ala ez erabakitzen da. Hori da nahi dugun funtzionamendua. Batzarretan, udaleko lantaldeaz gain, herritarren batek proiekturen bat ateratzeko gogoa baldin badauka, entzuteko prest gaude.
Lehengo udaletxe zaharrarekin zerbait egiteko asmorik badaukazue?
Ez, udalak ez. Hutsik dago eraikina. Nahiko egoera onean dago. Udal bezala, oraingoz ez daukagu inongo proiekturik edo irtenbiderik.
On-Bide soziedadea zegoen lokala umeek erabiltzen dute orain, arratsaldeetan eta, ezta?
Bai. Orain, uda-udazkenean oraingoz eguraldi nahiko polita daukagu [elkarrizketa lehengo astean egina da], eta kanpoan ibiltzeko ez dago inongo arazorik. Baina udazken erdialdetik aurrera, neguan eta udaberri hasieran, erabilera ematen zaio. Umeak, ikastolatik etortzen direnean, zuzenean etxera joan beharrean, jolasteko, elkarrekin egoteko eta gurasoekin egoteko txoko bat daukate.
Lau urte barru, Gaizka Olaetxea alkateak nola utzi nahiko luke Gaintza?
Egia esan, orain dagoen bezala: zor handirik gabe, eta biziraupena beste lau urterako mantenduz. Gustura egongo nintzateke. Gero, beste zerbait berririk azalduko balitz, ongietorria izango litzateke, noski. Baina gauzak dauden bezala mantentzearekin konforme naiz.