Iaztik %1,6 jaitsi da Euskal Herritik kanpo jaiotakoen kopurua Ordizian
Pasa den hamarkadako tendentzia hautsiz, azken bi urteetan behera egin du Ordizian, Euskal Herritik kanpo jaiotako herritarren kopuruak, %1,6 puntu hain justu. 2012tik hona berriz, 2,5 puntu jaitsi da portzentaia hori, ordura arteko gorako tendentzia puskatuz. Ordiziak 9.848 biztanle ditu egun, eta horietatik %26,1 dira Euskal Herritik kanpoko jatorria dutenak.
Aztiker etxeak Ordiziako Udalarentzat egindako azterketa batetik ateratako datuak dira. 2002tik hona, jatorri aniztasunaren inguruan egiten duten bosgarren azterketa da honakoa. Aztikerreko arduradunen hitzetan, «ingurune sozialean ustez errealitatea azaltzen duten hainbat estereotipok indarra hartzen dute, askotan estereotipo negatiboak» izaten dira. Azterketa honekin, «estereotipo horiek deseraikitzen» lagundu nahi dute, informazio zehatza emanez.
Azterketa horretan jasotzen denaren arabera, ordiziarren %73,9k du euskal jatorria (hamarretik bederatzik gipuzkoarra). Estatu espainiarretik eta Europatik etorriak %18,6 dira, eta gainontzeko %7,6a da beste kontinente batzuetatik etorritakoa. Horien artean, azpimarratzeko modukoa da asiarren igoera; 2012an 31 lagun (%0,1) izatetik, aurten 221 (%2,2) izatera pasa baitira. Azken urteetan etorri direnen artean, pakistandarrak dira gehienak.
Afrikarren kopuruak ere gora egin du, eta egun, 160 (%1,6) bizi dira Ordizian. Hala ere, Europatik kanpoko komunitateen artean, ugariena Hego amerikarrena da; 361 dira Ordiziako biztanlegoaren %3,7. Ozeaniarrak berriz, 6 besterik ez dira (%0,1).
Espainia eta Errumania
Euskal Herritik kanpoko jatorria duten komunitateen artean, espainiar estatukoena da handiena. Ordizian, Espainiako herrialde ezberdinetatik datozen 1.213 lagun bizi dira, biztanlegoaren %12,3 guztira. Gehienak Caceres, Burgos eta Badajozetik datoz.
Kanpotik etorritakoen artean bigarren talde demografiko nagusia da errumaniarrena, 527 (%5,4) lagunekin. Horien atzetik daude Pakistan (156), Maroko (94) eta Ekuador (81).
ORDIZIAKO BIZTANLEGOA: Herritarrak……………….9848 (%100) Euskal Herria…………….7273 (%73,9) Europa………………………1827 (%18,6) Amerika……………………….361 (%3,7) Asia……………………………..221 (%2,2) Afrika…………………………..160 (%1,6) Ozeania…………………………..6 (%0,1) Iturria: Aztiker