Otaegik, Olasagastik, Azurmendik, Atutxak, Irazuk eta Larrañagak (Nazabalen ordez) jokatuko dute finala.
Astelehenean, hilaren 12an, 12:00etan, Basaurin (Bizkaia), jokatuko du Iñaki Azurmendi arriarandarrak hamahirugarren aldiz Euskal Herriko aizkora txapelketako finala.
Iazko arantza atera nahirik, Euskal Herriko hirugarren txapelaren bila joango da Azurmendi. Atutxa, Otaegi, Olasagasti, Irazu eta Larrañaga izango ditu aurkari. Azurmendiren ustez Atutxa bizkaitarra da faborito, bera gerriko arazoekin ibili baita azkenaldian: «Udaberrian bezala egongo banintz ondo baina gerriko minarekin nabil».
Asteartean egin zuen azkeneko entrenamendu saioa eta gustura geratu zen egindako lanarekin. Dena den, Atutxari zail jartzen saiatuko da arriarandarra, egun ona izanez gero, eta gerriak arazo handirik ematen ez badio, hirugarren txapela lortzeko aukera izan dezakeela uste baitu. «Arriskatzera joango naiz. Berdin da bigarren edo laugarren egin», aitortu du.
Lehiaketan egin beharreko lanarekin ez du kexarik, gustuko lana du: launa kanaerdiko, 60ko eta oinbiko ebaki beharko dituzte. Txapelarekin edo txapelarik gabe, astelehenean Ataungo Urbitarten egingo dute bazkaria Azurmendik eta bere jarraitzaileek.
Denboraldia borobiltzeko aukera
Denboraldi bikaina ari da burutzen Azurmendi. Bi txapela eskuratu ditu dagoeneko: Gipuzkoakoa eta Urrezko Aizkorakoa. Dena den, arriarandarraren helburu nagusia Euskal Herrikoa lortzea da.