‘Misterioari dario’ ikuskizuna aurkeztu dute
Andoni Salamero poetak eta Mikel Serrano Zumarragako alkateak egin dute aurkezpena Antioko baselizan
Zumarragako Antion, urriaren 16an egingo duten Misteriori dario ikuskizuna aurkeztu dute eguerdian baselizan bertan. Ikuskizunak poesia, marrazkigintza eta musika uztartuko ditu izatearen misterioa harilkatzeko. Andoni Salamero poeta, Josu Maroto marrazkilaria, Jon Goenaga pianojolea eta Pello Ramirez txelojoleak parte hartuko dute. Ikuskizuna Antion egiteko aukera ematea eskertu dio Salamerok Mikel Serrano alkateari eguerdiko agerraldian. Serranok, bere aldetik, halako ikuskizun hunkigarria Antion egin ahal izatea eskertu dio Salamerori, “zumarragarrek egina eta zumarragarrentzat, Antioko Amaren ondoan”. Misteriori dario ikuskizunean “musikak bere tokia izango du, poesiak bere tokia izango du eta marrazkiak bere tokia izango du”, esan du Salamerok. Bide batez, urretxuarrak eta zumarragarrak gonbidatu ditu Antioko baselizan, urriaren 16an, 19:30ean elkartu daitezen.