Udalgintzarekin lehen hartu-emana hasi du Asier Rodriguezek (Ataun, 1978), alkatetzarekin. Maileguaren estuasunari gain hartu, eta pixkanaka inbertsioak egiten hastea du lehenengo kezka.
Zer moduz joan da alkate izendatu zintuztenetik gaur arteko garaia udalean?
Ondo. Asentatzen ez da erraza, mugimendu asko dagoelako. Kanpotik askotan erraz ikusten da, baina hemen sartutakoan paper asko dago. Jendearekin tratuak ez zidan beldurrik ematen, gehiago paperek. Beldurra ere ez, errespetua. Baina ondo.
Kargu politiko batean lehenengo aldia al duzu?
Bai, lehenengo esperientzia dut politikan. Neska-laguna bastante ibilia da. Beraz, esperientzia, aldamenean izandakoa. Ni lanean, lanean eta lanean. 16 urterekin hasi nintzen lanean.
Udalbatza osoa aldatu da aurten Ataunen.
Denok gara berriak. Hala ere, gure onena litzateke aurreko legealdian ere talde bera egon dela, EH Bildu. Horrek asko markatu eta erraztu digu bidea, eta hori jarraitzen ari gara orain. Bide oparoa izan da aurrekoa. Horrez gain, gauza berriak sortzen dira, eta hortik ere ikasi behar da, bide berriak jorratzeko.
Jarraipen horretan, zer ildotan segiko duzue aurrekoen lana?
Pausoak jarrita daude. Hausturarik ez da izan, laguntza behar dugunean lehengoak ere hor dauzkagulako. Katea ez da eten, badago transmisioa.
Bide berriak ere ireki behar direla aipatu duzu. Zer berritzeko premia ikusten duzu?
Bereziki, hutsune handienetako bat herriarekin lan egitea da: herritarren parte-hartzea eta komunikazioa. Gure batzarretan-eta aipatu diren bi ardatz izan dira komunikazioarena eta parte- hartzearena. Jendearengana gehiago eta zuzenago iritsi behar da, informatuz. Jendearekin gehiago kontatu behar da, edozein egitasmo aurrera eramateko.
Tresnaren bat ideiatu duzue hartu-eman jarioa errazteko?
Orain urteko aurrekontuak badatoz berriz ere, eta hurrengo asteetan auzo batzarrak egingo ditugu, ahalik eta gehien. Hiru auzo daude Ataunen, baina bakoitzaren barruan ere badaude auzo txikiak. Hori zabaldu nahi dugu, ahal den jende gehienarengana iristeko. Herritarrei esango diegu gure asmoak zein diren eta esku artean orain zer dugun. Baina beraien iritzia ere jaso nahi dugu, lehentasunak: auzoan zer behar ikusten duten, udalak nondik jo behar duen… Auzoetan jendeak ikusten du ondoena, ez udalak. Ekarpen horiek hartu beharra dago.
Ekonomikoki eta finantzarioki nola dago Ataungo Udala?
Zorra badauka, mailegu dezenteko bat dauka. Hori hor edukita, kontuak nahiko saneatuta daude. Baina ez mailegua kentzeko bezainbeste. Orain dela lau urte zorra handia zegoen; orain, nahiko ondo, esan liteke.
Zerk eragindako mailegua da?
Duela hamar urte, aurreko legealdietakoek martxan jarritako proiektu batena, San Gregorioko etxebizitzena. Garai hartan ez ziren behar bezala abiatu, planteamendu okerra egon zen. Gaur horrek zorpetzen du udala, eta asko hipotekatzen du aurrekontua. Gure taldeak, duela lau urte udal gobernua hartu zuenean, ikaragarria zen zorra; burua ezin altxaturik ibili dira denbora guztian. Gutxienez, parera iritsi arte.
Zertan baldintzatzen du udal aurrekontua?
Denetarako ez delako iristen. Udal txikia da, herri txikia; eta ematen den dirua oso gutxi da hau guztia behar bezala kudeatzeko. Gauza asko egin nahi dira, herritarrek ere eskatzen dituzte, baina ezin erantzun. Lehentasunak ere jarri egin behar dira. Baina batzuentzat lehena dena, besteentzat ez da. Neurria non jartzen duzun da. Badago oraindik zer erantzun ekonomikoki, baina duela lau urte baino askozaz hobeto dago gaur udala. Bilduk hartu zuenean, udal langileei ordaintzeko justu zegoen dirua.
Agintaldi honetan zer egiteko aukera ikusten duzue?
Inbertsioak badauzkagu buruan, baina ezin da sartu, maileguak ez digu uzten. Txiki batzuk egiteko modua izango da, hala ere, diru laguntzaren bat etortzen bada. Haur parkeak konpontzeko asmoa dago, eta Kaxiori eskainitako bide berdea ere bai. Kulturalki, memoriaren bueltan, 400. urteurrenarekin Inazio Munduatek lan asko egina dauka, eta horri forma emateko asmoa badago. Euskaran, deialdi publikoa egin dugu jendeak ikasteko; 14 laguneko taldea osatu da. Zubiak ere hondatuta daude, eta azpiegituretan nahiko lan badago. Ataun zabala da, eta zail alde horretatik. Baserri bideen dinamika ere badago.
Lanketa handiagoa eska dezakeen zeri heldu nahi diozu?
Aralar mankomunitatea daukagu hemen oso garrantzitsua. Zati handi bat Ataunen dago, eta herriak baditu ondare kultural, arkeologiko eta natural ikaragarriak. Ea Foru Aldundiarekin aukera gehiago lortzen ditugun herriari eskaintzeko. Ea zerbait gehiago lor dezakegun.
Zer zentzutan jorratu nahi duzue Aralarren gaia?
Gutxienez, momentu honetan Aralarren mantenimenduari begira ere gauzak ez daude batere ondo. Argitu beharko da, zeren berez Mankomunitateari, foru diputazioari tokatuko zaio mantentze hori egitea. Baina, askotan gertatzen da: hari dagokio, niri dagokit, eta inork ez duela egiten eta modu txarrean egoten direla gauzak. Hori ere argitu nahi dugu. Ea behingoz Atauni zerbait gehiago eskaintzen dion Foru Aldundiak ere, bai ekonomikoki, bai horko ondarea zaintzeko baliabide gehiago jarriz.
Orokorrean, zer helburu jarri duzu udalgintzarako?
Herri programa oparoa egin genuen, herri batzar askorekin eta jende askoren oniritziarekin. Guk nahiko genuke puntuz puntu agertutako egitasmoak aurrera atera. Hori da gure nahia. Gertatzen dena da oso mugatuta gaudela ekonomikoki guztiak egiteko. Orduan, izugarrizko orekatzeak behar dira ekonomikoki: etengabeko dinamika batean, hari kendu, beste bati eransteko; batekin gutxiago egin, beste egitasmo bat sartzeko… Hor izan behar dugu bizkorrak, diru gutxirekin gauza asko egiten asmatzen.
Lehentasun gisa zer daukazue?
Aiako plaza, bat. Hango argiteria gaizki dago, eta plaza ere nahiko hondatuta. Han hasi nahi dugu. Bestetik, kale argiteria ere kontsumo baxukoa jarri nahi dugu, aurrezteko. Pixkanaka, ea. San Martingo haur parkea hil honetan berrituko dugu, eta hurrengo urtean San Gregoriokoa eta Aiakoa berritzeko asmoa dago.
Zure alkatetzaren ikurra zein izatea nahiko zenuke?
Bat, herriari eta jendeari erantzun ona ematea. Eta zorra gehiena kitatzea: diru arloan ondo geratzea, edozein inbertsio egiteko libreago izateko. Bestetik, herri hau ere krisi politiko-sozialetik ez da salbatu. Hemen ere dezente jende dago jateko iritsi ezin dena. Ezinduei, beharrean daudenei, aukera bat eta baliabideak eskaintzea izango da gure nahia datozen lau urteotan. Gutxienez berdintasun egoerara eraman, bizitzeko eta jateko denok dugun eskubidea beraiek ere izan dezaten.