Galdeketa «loteslea» izango dela aurreratu du alkateak. EAJren eta PSE-EEren babesarekin onartu dute testua; prozesua zehazteko mahai bat osatuko dute
Santamaria (EAJ) eta Eguren (EH Bildu) hizketan, atzo, osoko bilkuran.
Legazpiko Udalak hartutako erabakiaren ondotik, Ordiziako Udalak ere hondakinen bilketa sistemaren inguruko galdeketa egiteko lehen pausoa eman du. Hala onartu zuten atzo, EAJk osoko bilkurara aurkeztutako testuaren bidez. Gobernu taldeko bi alderdien babesarekin (EAJ eta PSE-EE) onartu zuten proposamena. Data eta galderaren edukia ez dituzte zehaztu, baina mahai bat osatzea proposatzen dute, gaia aztertzeko.
Jeltzaleek nahiz sozialistek udal hauteskundeetako programetan jaso zuten hondakinen bilketaren inguruko galdeketa egiteko asmoa. Behin udal gobernua osatuta, alkatetzara iritsi zireneko 100 egunak bete berritan, egitasmo horri heltzea erabaki dute. Plenoan landutako testua lehen pausoa besterik ez da izango bide horretan. Jose Migel Santamaria alkateak azaldu duenez, «plenoari eskatu dioguna da hondakinen inguruko kontsulta lotesle bat egiteko prozesua martxan jarri dezala». Horretarako mahai bat osatzea proposatzen dute, eta bertan alderdiak eta gizarte eragileak ordezkatuta egon daitezela; bertan erabakiko lirateke egin beharreko galdera eta galdeketaren data.
EH Bilduk eta Ordizia Orainek proposamena aurkezteko modua kritikatu zuten. Igor Egurenek “honelako gai garrantzitsu bat abiatzeko formularik onena ez” dela esan zion Santamariari. “Hausnarketa eta baloraziorik gabe, presaka eta interes jakin batzuei erantzunez” aurkeztu izana leporatu zion. Proposamen “sendoago” bat egin arte gaia atzeratzea proposatu zuen. Mila Sukiak (Ordizia Orain), “galdeketa egitearen alde” daudela baina kontsulta ez litzatekeela “inoren bandera bezala hartu behar” azaldu zuen. Bere alderdiko zinegotzi baten falta “erabili” izana leporatu zien; “ez genuen espero horrelako gai bat honela, boto bat gutxiago egonda aurkeztuko zenutenik”.
Santamariak, testu horren helburua “galdeketaren prozesura hastea” zela azaldu zuen, eta “mahai bat osatu eta han denon artean” erabakiko direla galdeketaren nondik norakoak. Metodologia definitu gabe badago ere, mahai horretan aztertuko lirateke galdera, data eta gainontzeko xehetasunak. “Herritarren eskaera bati bide” eman nahi diotela azaldu zuten, eta behin martxan jarritakoan, “protagonismoa mahaiak” izango duela. Iñaki Dubreuilek (PSE-EE) berriz, alkatetza EAJk duela eta gai honen inguruko proposamenak aurkeztea “logikoa” dela esan zuen, eta proposamen hau, “prozesuari hasiera” emateko dela defendatu zuen.
Bozketaren garaian, proposamenaren aldekoek (EAJ eta PSE-EE) eta kontrakoek (EH Bildu eta Ordizia Orain), seina boto zituzten, Ordizia Oraineko zinegotzi batek kargua utzi duelako. Berdinketa hori hautsiz, alkateak bere kalitatezko botoa erabili zuen, bere esanetan, “erabakia ez delako alderdiona, herritarrena baizik”.
Atez atekoak bi urte
Ordiziako Udalak, EH Bilduk gidatuta, 2013an onartu zuen atez ateko bilketa martxan jartzea. Urte hartan, birziklatze tasa %36koa izatetik, urte bukaeran %70era iristea lortu zuten, Sasietak emandako datuen arabera. Dagoeneko bi urte egin ditu sistema horrek, eta aurtengo lehen seihilekoan %73ko birziklatze tasara iristea lortu dute.
Gai polemikoa izan da hasieratik. Oposizioko alderdiak, EAJ eta PSE-EE buru zirela, atez atekoaren kontra eta bosgarren edukiontziaren alde agertu ziren. Atez atekoaren kontrako plataformak eta bi alderdiok gidatuta, sinadura bilketa, galdeketa eta manifestazioa ere egin zituzten 2013an.