Zegama 1615. urtearen aurretik ere herria zela defendatzen du liburuan .Bere kabuz idatzi du, eta Erroteta argitaletxearekin argitaratu. Hamabost euroan dago salgai
Angel Irigoras ‘Kaleko’, argitaratu berri duen liburuarekin. / Maialen Igartua
Gipuzkoako hainbat eta hainbat herri ospatzen ari dira aurten hiribildu titulua erosi zuteneko 400. urteurrena, tartean Zegama. Hiribildu titulua 1615ean erosi bazuten ere, herri horiek historia luzea dute atzetik. «Duela 400 urte hiribildu titulua erosteko aukera eman ziguten, baina
lehendik ere herriak ginen», adierazi du Angel Irigoras Kaleko zegamarrak. Ideia hori ardatz hartuta, Zegama, 400 urte baino gehiago liburua kaleratu du.
Zegamako historia jorratzen du 300 orrialde pasatxoko liburuan. Herriaren inguruan topatu duen
aipamenik zaharrena 1306koa da, eta, hortik tira eginez, hainbat eta hainbat gai landu ditu: galtzadak, gazteluak, burdinolak, errotak, Zegamako sinesmenak eta erritoak… «Gure herriaren historiako zati txiki batzuk bildu, gogoratu, baloratu eta idatziz zabaltzen saiatu naiz», adierazi du.
Jatorria duela milaka urte
Kalekok azaltzen duenez, Zegamaren jatorria duela milaka urte koka daiteke. «Orain dela 14.000 urte San Adrianen jendea bizi zen». Gerora, San Adriango biztanleak erreka inguruetara jaisten eta herrixkak sortzen joan ziren. «Ez zeukaten udaletxerik edo administraziorik, baina herri kontzientzia bazuten».
Kalekoren ustez
1200. urtea mugarri historiko garrantzitsua da: urte hartan Gaztelak Gipuzkoa konkistatu zuen, eta 1256an hainbat hiribildu sortu zituen, «beren kultura eta administrazioa zabaltzeko». Hiribildu horietako batzuk ziren Segura, Tolosa eta Ordizia. Udaletxeak sortu ziren hiribildu horietan, eta alkateak izendatu. Bitartean, Zegaman ez zuten udalik, baina eliza atarian elkartzen ziren erabakiak hartzeko. Hau da, beste modu batera, baina herri gisa funtzionatzen zuen.
Arazoak XIV.mendean hasi ziren Zegaman eta inguruko herrietan. Nafarroarekin mugakide izateak hainbat liskar piztu zituen, bidelapurrak agertu ziren… «Besltalde, Ahaide Nagusiak deiturikoak sortu ziren; familia boteretsuak ziren, gainontzekoei lapurreta egitearen poderioz aberastu zirenak». Arazo haiei aurre egiteko,
1384an Zegama, Idiazabal, Ormaiztegi eta beste hainbat herri Segurako hiribilduan sartu ziren. «Segurako auzokide egin ginen, baina gure lurrak eta herri izaera mantentzen jarraitu genuen».
Hiribildu titulua erosi
Segurak zergak kobratzen zizkien auzokideei, baina, Kalekoren esanetan, jasotako dirua ez zuten inbertitzen auzokideetan. Hori dela eta, hiribildutik desanexionatzeko eskaera egin zuten. 1607. urtean Espainia kiebran sartu zen, diru beharra zuen, eta
Segurara anexionatutako herriei hiribildu titulua erosteko aukera eman zieten 1615ean. «Ez ziguten ezer oparitu, erosi egin behar izan genuen».
Zegamak eta gainontzeko herriek hiribildu titulua erosi zutenean, orain ezagutzen dugun antolaketa jarri zen: udaletxea, alkatea… Kalekok liburuaren izenburuan garbi adierazten duen bezala, ordea, Zegamak 400 urte baino gehiago ditu, eta hori azaldu nahi izan du bildutako dokumentuen bidez. «Zegama noiztik den herria? Auskalo, hori ezin da jakin».
Joan den larunbatean aurkeztu zuen liburua, Zegaman, eta jada
salgai dago Goierriko hainbat herritan, hamabost euroan: Zegamako saltokietan, Beasaingo Mirentxun eta Aranburun, Lazkaoko Gerrikon, Idiazabalgo Teren, Segurako Elorripen, Ataungo Troskaetan, Zeraingo Mandion eta Ostatun, eta Mutiloako Ostatun, besteak beste.