'Alternatiben herria' egitasmoan parte hartzeko deia egin dute Goierriko eragileek
“Pertsonen beharrak erdigunean jartzen dituen eredu sozial berria aldarrikatzeko” egungo sistema aldatu behar dela aldarrikatzen du Bizi Mugimenduak. Eta hori lortzeko “alternatibak” daudela sinetsita, Alternatiben Herriak antolatzeko deia egin dute Goierri beheko eragile eta norbanako ezberdinek. Hala, Euskal Herriko Karta Sozialaren asanbladak urriaren 24an egingo den Alternatiben Herria egitasmoan parte hartzeko deia egin dute, eta bertara joateko autobusa antolatu dute eskualdetik.
Zehaztu dutenez, “aldarrikapen, hausnarketa eta ospakizun eguna” izango da hilaren 24a Bilbon, abenduan Parisen (Frantzia) klima aldaketaren inguruan egingo den Goi Bilerari erantzuna emanez. Bilboko egitasmoan, baina, klimaren inguruko proposamenari beste batzuk gehituko zaizkio, eta eremu sozial, ekonomiko eta kulturalean egunez egun eraikitzen ari diren “alternatibak” plazaratuko dituzte. “Balio justuagoetan oinarritutako gizartea eraiki daitekeela sinetsita gaude eta proiektu hauek guztiak aldaketa horren hazia direla erakutsi nahi dugu”, adierazi dute Goierriko eragileek.
Bost gune, bost aldarrikapen
Alternatiben Herriak Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartaren prozesuan dauka jatorria, Euskal gehiengo sindikalak eta hainbat gizarte eragilek “kritikatik alternatiben eraikuntza eta saretzeko” eman zuten pausoan: “Karta Sozialaren eztabaida prozesuan oinarriak finkatu genituen, eta orain, alternatibak eraikitzen hasteko eta hasita daudenak hauspotzeko garaia da”.
Bide honetan, bost aldarrikapen egingo dituzte urriaren 24an Bilbon, Areatzan eta Alde Zaharrean kokatutako bost gune ezberdinetan:
- Naturaren gunea: energia subiranotasuna, klima aldaketa, hondakinak, mugikortasuna, elikadura burujabetza, kontsumoa…
- AuzoEKOnomia gunea: finantzak, txanpona, ekonomia sozial eraldatzailea, aberastasunaren banaketa, enplegua…
- Parte hartzea, demokrazia eta subirautza gunea: eredu ekonomiko, soziala, kulturala eta politikoa erabakitzeko eskubidea, parte hartze soziopolitikoa, prozesuak, herrien arteko elkartasuna…
- Bizitza duinak eta anitzak gunea: jatorria, identitatea, sexua, funtzionalitatearen inguruko aniztasunaren kudeaketa, bizitzaren iraunkortasuna…
- Arragoa gunea: euskal hizkuntza, hezkuntza, euskal kultura…