Baserria kalera jaitsi eta kalean bizi diren herritarrei gerturatu nahi diete gaur Idiazabalen. Egun osoan zehar, baserriko eta bertako produktuen erakusketa izango da herrigunean. Horrez gain, baserriko lana hobeto ezagutzeko hainbat ekintza ere egingo dituzte. Umeentzako bisita gidatuak egingo dituzte, ganadua eta lan tresnak ikusi eta ezagutu ditzaten eta herri bazkaria ere egingo dute, bertako produktuak oinarri hartuta; aurtengo berezitasuna, Olazagibel baserriko zaldi baten haragia izango da.
Laugarren urtez jarraian ospatuko dute Idiazabalen Baserritarren Eguna. Herritarrak eta kaleko jendea «baserritarren lanaz jabetu daitezen» hasi ziren jaialdi hau antolatzen, eta egun, herriko nekazari eta abeltzainen lana ezagutzera eramateko leiho bihurtu da.
Javier Jauregi Idiazabalgo lehen sektorearen dinamizatzailearen hitzetan, helburu bat du festa honek: «Kaletarrak ere konturatzea baserritarrek zer lan egiten duten, berandu baino lehen». Izan ere, «ez dituzte gero guk jaten ditugun jaki goxoak bakarrik egiten, gure belardiak eta parajeak ere zaindu» egiten dituztela azaldu du. Idiazabalen, esaterako, 650 hektarea kudeatu eta zaintzen dituzte herriko nekazariek, eta hortik ikusten da Jauregiren ustez, paisaian izan dezaketen eragina. «Nekazariek beraien lana egiteari utziko baliote, gure inguru dena basoz eta sasiz beteko litzateke».
EGITARAUA:
- 09:00. Baserrietako ganadu erakusketa frontoi zaharrean. Plazan tokiko produktuen erakusketa eta Iparraldeko produktuen salmenta.
- 12:00. Umeentzako baserri jolasak eta baserriko lan tresnen erakusketa, futbito zelaian.
- 12:30. Artaldearen jaitsiera.
- 14:00. Herri bazkaria pilotalekuan, bertako produktuekin.
- 17:00. Herri kirol saioa futbito zelaian.