Gaitasunak lantzen
Gureak lantegiek 40 urte bete dituzte. Adimen urritasuna edo ezgaitasun fisikoren bat dutenei lan munduan sartzeko aukera eskaintzeko sortu ziren,eta dagoeneko 5.000 laguni ...
Gureak lantegiek 40 urte bete dituzte. Adimen urritasuna edo ezgaitasun fisikoren bat dutenei lan munduan sartzeko aukera eskaintzeko sortu ziren,eta dagoeneko 5.000 laguni ematen diote lana. Goierrin hamar lantegi ditu.
Adimen urritasuna duten pertsonek lan munduan integratu eta lan aukera egonkorrak sortzea. Helburu horrekin sortu zen, 1975. urtean, Gureak taldea. Tailer txiki batzuekin hasi zen abentura hura, ordea, urteen poderioz 5.000 langile dituen talde indartsua izatera pasa da. Lau hamarkadako ibilbidearen ondoren, atzera begiratzeko tartea hartu dute, erakusketa ibiltari bat eta beste hainbat ekintza antolatuta.
Ordiziako Barrena jauregian jarritako erakusketan, Gureak taldearen sorrera eta garapenari buruzko informazioa eman dute. Iurdana Rodriguez arduratzen da erabiltzaileei nahiz hauen senideei harrera egin eta azazlpenak emateaz. Berak azaldu duenez, «70eko hamarkadan, adimen urritasuna zuten pertsonen senideek kezka agertu zuten, behin eskola bukatutakoan beraien seme-alabei zein aterabide edo etorkizun eman ez zekitelako». Hala, Atzegi elkartearen bidez, aurreneko tailer edo lantegi babestuak sortzen hasi ziren. 1972an, Donostian eta Bergaran jarri zituzten aurrenekoak. Ondorengo urteetan, beste hainbat herritara ere zabaldu ziren, tartean Legazpira eta Ordiziara. Zabalkunde honen ondorioz, enpresa gisa egituratzeko beharra ikusi zuten, eta hala, 1975ean sortu zen Gureak, sozietate anonimo moduan.
Urtez urte zabaltzen joan da Gureak taldearen lantegi sarea, eta Gipuzkoako 38 herritan dituzte lantokiak; Araban eta Nafarroan ere badituzte. Jarduerari dagokionean, alor industriala (elektronika, kableak eta piezak) eta zerbitzu arloa (logistika, lorazaintza, posta zerbitzua, garbiketa…) jorratzen ditu, batez ere. Azken urteetan ordea, marketing arloan ere zabaltzen ari da.
Goierrin errotuta
Gureak taldeak izan duen zabalkundean, oinarri garrantzitsuetako bat izan da Goierri. Legazpiko eta Ordiziako lehen tailer haiez gain, egun Itsasondon, Beasainen eta Urretxu-Zumarragan ere badituzte lantoki edo zerbitzu guneak, 10 guztira.
Industria alorrean, Ordiziakoa izan da tailerrik emankorrenetako bat. 1979an zabaldu zuten, eta bi urte geroago, tokiz aldatu zuten, Itsasondora. Lehen urte haietan, Orkli, Bilore, Nenuco edota Goizper bezalako enpresak hornitzen zituzten. 1998an, atzera Ordiziara mugitu zuten lantegia, Mallutz industrialdera. Egun, Orkli da bezero nagusienetako bat; harentzako soldadura iturriak, buru termostatikoak eta segurtasun balbulak egiten dituzte, besteak beste. Automobilgintzako Valeo enpresarentzat berriz, argizpapenerako kableak egiten dituzte.
Zerbitzuen alorrean, erreferente nagusietako bat Beasaingo zerbitzugunea da. 2005ean zabaldu zuten eta gasolindegia, denda eta taberna ditu; egun, 34 langile ari dira lanean bertan.
Gureak Garbitasuna berriz, Goierriko hainbat enpresa eta erakunderi garbikuntza zerbitzua emateaz arduratzen da. Horien artean daude CAF, GH, Olaberriako Estanda fundizioa edota Beasaingo Arangoiti adinekoen egoitza.
Gureak Berdea (Goroldi) berriz, lorategien eta parkeen mantenuaz arduratzen da, eta CAF, Irizar eta Ampo enpresak eta Beasaingo, Olaberriako eta Ormaiztegiko Udalak ditu bezero nagusien artean.
Lan merkatua, helburu
Gureak taldeak lan handia egin du urte hauetan guztietan, tailer eta zerbitzu propioak sortuaz, adimen urritasuna duten pertsonak lan munduan integratzeko. Orain ordea, beste pauso bat eman nahi dute, eta beraien taldetik kanpo, lan merkatuan integratzea da taldearen hurrengo helburua.
Bide horretan, beste hainbat zerbitzu jarri dituzte martxan. Horietako bat da Pauso Berriak programa. Adimen urritasuna duten pertsonak «lan merkatuan integratu eta lanbide ezberdinak» ikasteko erreminta dela dio Iurdana Rodriguezek. «Bakoitzaren gaitasunak kontuan izanda, orientazio bat eta formakuntza bat ematen zaie». Azken pausoa, enpresa eta erakundeekin harremanetan jarri eta kontratu bat egitea dela dio Rodriguezek. Bide beretik doa Gureak Akademi ere, ostalaritza mundurako prestatzea helburu duen egitasmoa. Programa horien bidez, Beasaingo Udalean edota Dolarea hotelean pertsona bana kontratatzea lortu dute, adibidez.
40. urtemuga dela eta, aurtengoa ospakizun urtea izaten ari da Gureak taldearentzat. Arlo ezberdinetako profesionalak eta adituak elkartzeko Gureak Gosaldiak egin dituzte, eta baita urteurrena ospatzeko Gai gara bai abestia sortu ere. Esperientzien tailerra eta erakusketa ibiltaria dozena bat herritatik pasa da dagoeneko. Bertan, Gureak taldearen historiari errepasoa egiteaz gain, jokoen bidez desgaitasuna duten pertsonek egunerokoan topatzen dituzten oztopoen inguruko kontzientzia lantzen dute. Hala, bisitariak desgaitasun fisiko, sensorial edo intelektuala edukitzea zer den ulertarazten diete. Eta noski, hauek dituzten beharrei erantzuteko eta autonomia lantzeko laguntza egokiak izatea zein garrantzitsua den ere.
Ordiziakoa amaitu ondoren, bere bidea jarraituko du taldearen erakusketa ibiltariak, harik eta Gureak taldeak lantegiak dituen herri guztietara iristen diren arte.
413
Langile Goierrin. Gureak taldeak 5.000 langiletik gora ditu dagoeneko; horietatik 413 Goierriko tailer edo zerbitzuetan ari dira lanean. Gureakek 10 tailer edo lantoki ditu bailaran, eta hainbat zerbitzu eta enpresetan ere jarduten dute.
· Ataun 2
· Arama 1
· Beasain 81
· Idiazabal 12
· Itsasondo 7
· Lazkao 36
· Legazpi 67
· Olaberria 5
· Ordizia 61
· Ormaiztegi 7
· Segura 10
· Urretxu 31
· Zaldibia 11
· Zegama 11
· Zumarraga 71