Gizartea sentsibilizatzeko eta gizartean eragiteko kanpaina egiten du urtero Atzegik, adimen urritasuna duten pertsonen aldeko Gipuzkoako elkarteak. Era horretan, ez ezagutzak dakarren bazterketa ekidin nahian, adimen urritasuna zer den ezagutzera eman eta gizarteko beste talde bat bezala onartzea lortzea dute helburu. Aurtengo kanpainaren Ezetz asmatu nolakoa den nire bizitza leloarekin, adimen urritasuna duten pertsonengan dauden aurreiritziak apurtu nahi ditu Atzegik. Honela, adimen urritasuna duten pertsonen eguneroko bizitzari buruzko ezagutza zabaldu nahi du. Maite Peña Gipuzkoako aldundiko Gizarte Politikako diputatuak kontzientziazioaren garrantzia azpimarratu nahi izan du lekuan lekuko aurkezpenetan: «Adimen urritasuna duten pertsonen egunerokoa ezezaguna da gutariko gehienontzat».
Atzegiko kideak, arduradunak eta boluntarioak elkarteak Goierri behean aurtengo kanpaina aurkeztu zuen egunean. / Loinaz Agirre
Kanpaina «ausarta»
Kanpaina «ausarta eta parte hartzailea» diseinatu dute aurtengorako. Hainbat euskarriz baliatuko dira kanpaina ahalik eta eraginkorrena izateko.
Batetik, Lucia eta Sergio protagonista dituen iragarkia zabalduko dute sare sozialetan, eguneroko bizitzan zer egiten duten azaltzeko. Adimen urritasuna duten pertsona askok duten bizitza aberatsaren eredu dira Lucia eta Sergio. Iragarkiaren bitartez, gizartean oso hedatuta dauden estereotipoen inguruan hausnarketa egitera gonbidatu nahi dute protagonistek.
Era berean, kanpaina parte hartzailea egin nahi izan du Atzegik. Galdetegi sorta bat ere aurki daiteke atzegi.org /horrelakoadanirebizitza webgunean. Galdetegiarekin kolektibo honen inguruan gizartean dagoen ezagutza maila neurtzea da.
Josean Idoeta Atzegiko presidentearen esanetan, «oraindik kolektibo honen inguruan aurreiritzi eta estereotipo faltsuak existitzen dira, bai euren jarrerari buruz (maitagarriak dira, haurrak bezalakoak dira, ez dute iritzi propioa…) baita euren bizimoduari dagokionean ere (ez dute lanik egiten, ez dakite ondo pasatzen, ez dute lagunik…)». Idoatek bereziki azpimarratu nahi izan du kolektibo oso anitza dela adimen urritasuna duten pertsonena, «eta gainontzekoekin gertatzen den moduan, baliagarria den eredu bakarra ez da existitzen».
Eskoletan hitzaldiak ere egingo dituzte eta horretarako oso baliagarria izango da webguneko galdetegia. «Galdetegia eskoletarako sentsibilizazio erreminta bikaina izango dela uste dugu eta sare sozialetan parte hartzera gonbidatzen duten pegatinak ere egin ditugu bertan banatzeko».
Argazki bilduma
Adimen urriko pertsonen errealitatea ikusgai egiteko, #HorrelakoaDaNireBizitza hashtag-a sortu dute. Adimen urritasuna duten pertsonei argazkiak bidaltzeko eskatuko zaie, herritar guztiei euren bizitza nolakoa den ikusarazteko. Argazkiak Twiter, Facebook eta Instagram bitartez bidali ahal izango dira, edo WhatsAppeko 609 703 706 zenbakira.
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez harpidedun, izan HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.