Mikel Irizar: "Bada kezka apalaldian gaudela, eta hausnarketa hasi nahi dugu"
(Garikoitz Goikoetxea/Berria) Ezaguna du bulegoa. «Mahaiaren beste aldean askotan egon naiz». Urteak eman ditu euskalgintzan eragile Mikel Irizarrek (Ormaiztegi, Gipuzkoa, 1954); Topagunea euskara elkarteen federazioko lehendakaria izan zen, besteak beste. Erakundeetan ari da orain, Gipuzkoako Hizkuntza Berdintasuneko zuzendari. Udan hartu zuen postua, eta lehen urratsetan ari da oraindik. Aurreratu du aurtengo ikasturtea aurrekoaren jarraipena izango dela, aldaketa sakonik gabea. Gogoeta hasi nahi du, hala ere, euskararen aurrerabidea indartzeko. Ziklo baten amaiera datorrela uste du. Diskurtso berriak egin behar direla nabarmendu du.
Hizkuntza Berdintasuneko zuzendari zara, Euskarakoa beharrean. Zertan ikusiko da aldea?
Diferentzia erabatekorik ez. Hori da etxe honen ezaugarri on bat: 30 bat urteko ibilbidean, hizkuntza esparruan sartu den berriak ez du aurrekoek egindakoaren aurkakoa egin. Metatu egin du. Zerbitzu hizkuntza da neurri handian euskara aldundian, eta lan hizkuntza ere bai, neurri txikiagoan. Oso urrats handiak egin dira. Jarraitutasun bat egon da.
Aurreko zuzendariarekin egon zara? Zer moduzko sintonia?
Bai. Sintonia ona izan nuen. Ikuspegi asko partekatuak dira. Ez da aldaketa kolpekorik izango. Aldaketak etorriko badira, eztabaidatuak izango dira, eta, ahal den neurrian, adostuak. 2016rako, planteamendu kontinuista egin dugu; aldaketa sakonak egiteko denbora behar da, eta kontrastea nahi dugu euskalgintzarekin. Hausnarketa hasi nahi dugu. Euskalgintzan bada kezka: apalaldian gaudela, geldiunean, bidegurutzean, ziklo aldaketan… Horrek eskatzen du berrikuntza, hausnarketa. Arbitrarioa litzateke nire kabuz hastea, nire aurreiritzietatik. Helburua da urtebete hartzea patxadaz eztabaidatzeko; dauden foroak erabiliko ditugu. 2017rako prestatuko genuke aldaketaren aurrekontua. Ez dakit izango den %20koa edo %80koa.
Ziklo aldaketa zertan nabari da?
Orain dela 50 bat urte sortu ziren ikastolak, euskara batua… Egon zen indarraldi oso indartsu bat. Frankismo bukaerarekin ilusioa zegoen gauzak aldatzeko, eta oso ondo uztartu zen. Euskararen biziberritzean emaitza asko eman ditu. Bide bat egin da, baina adierazle soziolinguistikoetan eta esparru askotako pertzepzioetan ez dago hasierako hazkundea, eta berriz sortzen ari dira erresistentziak edo sabai batzuk. Sentsazioa dugu gauza igualak errepikatuz lehen egon diren hazkundeak ez direla errepikatuko. Gauzak ezberdin egin beharko ditugu emaitza ezberdinak nahi baditugu.
Irakurri elkarrizketa guztia BERRIAn