Hirugarren agintaldiari ekin dio alkate modura Ioritz Imazek (Idiazabal, 1982) aurtengo ekainean. Ekonomia lokala sustatzea eta zerbitzu-ostalaritza arloa suspertzea ditu helburu datozen urteetan.
Gazterik heldu zenion alkatetzari, 2007ko abenduaren 20an, Antton Irizar zenaren lekua hartuz. Zer moduz daramazu?
Abenduan egingo ditut zortzi urte. Ondo daramadala uste dut. Hemen pazientzia neurrian jartzen da, eta gauza asko ikasten da, bai jendearekin tratuan, arazoei aurre egiten… Lehen niri hala esaten zidaten, eta orain nik esaten du hori, herri guztiak pasa beharko lukeela udaletik. Baldintzatzen duten gauza asko daude, askotan agerian ez daudenak, eta ematen duena baino konplexuagoa da erabakiak hartzea. Bizitzarako ikaspen ona da alkatetza, oso aberasgarria.
Ioritz Imaz, udaletxe atarian. / Iñaki Gurrutxaga
Pentsatzen dut maiatzean lortutako emaitzekin gustura egongo zarela, botoetan gora egin eta zinegotzi bat gehiago eskuratuta.
Arrazoia ez da bat bakarra izaten, eta hor baldintzatzen duten faktore asko daude, norberaren esku ez daudenak, gainera. Orduan, alde horretatik, ez dut irakurketa triunfalistarik egiten, ez dut ikusten garaipen bat bezala. Nik emaitzak ikusten ditut esaten duguna betetzeko eman didaten babes edo ardura bat bezala. Herritarrak elkarlanaren alde daude, jendeak elkar ulertzea eta elkarrekin gauzak egitea bilatzen du, eta liskar ahalik eta gutxiena egotea.
Eta oposizioarekin zer moduzko harremana duzue?
Aurreko legegintzaldiaren hasiera gogorra izan zen, ulermen falta handia zegoen, baina bukaerarako hori baretu egin zela esango genuke. Giro onean ari garela esango nuke, baina denon ardura da elkar ulertze hori ona izatea, gero herrian ere nabaritu egiten delako.
Zer moduz ikusten du alkateak Idiazabal?
Dinamika kultural eta herri egitasmo aldetik ondo. Guk gehiago sustatu nahi dugu, herri baten dinamika, bizitasuna, udalak egin dezakeen guztia eginda ere, herritarrek egiten ez badute, gutxi izango da, edo ezingo da egin. Hor ezinbestekoa da herritarren dinamikak egotea, eta ez dena administrazioaren esku uztea.
Eta gabezia aldetik?
Zerbitzu-ostalaritza alorrean gaude gaizki. Merkatariak badauzkagu, baina kezkatzen nauena da herrian zer joera dauzkagun. Gainontzeko herrietan ere gauza bera gertatzen da. Gizartean, orokorrean, kontsumo ohitura batzuk badaude orain dela 30 urte ez zeudenak. Orain, hala ere, badirudi produktu lokalaren, ekonomia lokalaren aldeko joera bat badagoela, eta hori aprobetxatu beharrean gaudela uste dut.
Hor kokatu behar al da Gaztaren Mamia proiektua?
Lehen sektorea oinarri hartzen duen proiektu bat da, eta ekonomia lokala sustatzea du ardatz. Idiazabalek behar-beharrezkoa du lehen sektorea, baina momentu honetan gutxietsita dagoen sektore bat dela iruditzen zaigu. Idiazabalek bere izen ona hortik daukan heinean, gure lehengo artzainei lotutako izen bat, horiei ere zor diegu sinesgarritasun hori ematea.
Eta hori nola uztar daiteke herriko komertzioarekin?
Komertzioa klabea da, eta ondorioz, gizartea bera ere bai. Ez badugu baloratzen baserri horien aktibitatetik sortzen den produktua, oso zaila izango zaigu baserritarrak edukitzea. Sentsibilizazio lan horrekin hasi ginen pasa den legegintzaldian, eta oraingoan indar gehiago jarriko dugu. Komertzioa ere animatuko dugu bertako ekoizleen produktuak saltzera.
Idiazabal, biztanlez, Goierri beheko laugarren herria da, eta askotan aditutakoa da jatetxe baten falta duela.
2.300 biztanletan gaude orain. Lau indargune ikusten dizkiot Idiazabali horrelako jatetxe bat martxan jartzeko: bat, herritarrek ahalmen ekonomikoa badutela; bi, ez dagoela konpetentziarik; hiru, izena eta turismoaren gorakada; eta lau, egunero aktibitatea sortzen duten enpresak dauzkagula. Alderdi horiek guztiak salgarriak dira, eta ea kapazak garen horrelako negozio bat martxan jarriko lukeen norbaiti erraztasunak emateko. Gabezia honekin benetan lotsa pasa izan dugu.
Ekonomia lokala sustatzeaz gain, zein beste erronka dituzue lau urteotarako?
Hauteskunde programan garbi jarri genuen lau urterako inbertsio plana. Gurutze-Berri da herriak daukan auzorik zaharrena, eta bere horretan dago. Datorren urtean proiektua egingo dugu, eta hurrengo hiruetan exekuzioa. Frontoiak ere berritu bat behar du; aurten atartea eta komunak berrituko ditugu, hurrengoan teilatua konpontzeko ahalegina egingo dugu, eta horrekin frontoiari urte mordo baterako konponketa bat emango zaio. Eta gero Etzegaratera doan zerbitzu pistaren auzia dago. Azaro hasieran naiz aldundi berriarekin biltzekoa.
Osasun zentroa ere laster izango duzue martxan.
Azaroan bukatuko da osasun etxea. Udalak 250.000 euro inguru jarri ditu, eta Osakidetzatik 82.000 euro lortu ditugu.
Eta eskolaren handitzea?
Eusko Jaurlaritzak %100ean egingo dio aurre eskola handitzeari. Nire aurreneko legegintzaldian haurreskola berria egin behar izan genuen, eta bitartean, udala, eskolako zuzendaritza eta guraso elkartea borrokan aritu gara Jaurlaritzarekin. Inportantea izan da hiru hanka horiek elkarrekin Hezkuntza sailera joan izana.
Hiri Antolamenduko Plan Orokorrari lehen onarpena eman zenioten aurreko agintaldian. Zein ardatz ditu?
Horretan gabiltza bete-betean. Horrek liskar handia izan du, luzatu egin delako asko arrazoi batengatik edo bestearengatik. Industria lurrak handitzen dira, baina ez da ikaragarrizko aldaketa, eta etxebizitzen garapena herriaren goiko aldera bideratu dugu. Azken zortzi urteetan ez da etxebizitza berririk egin.
Eta plazako estalpearen kontua zertan da?
Nahiago nuke legegintzaldi honetan zehar gauzatuko balitz. Beharra erlatiboa da, baina egia da herriak eskertuko lukeela horrelako estalperen bat. Bere garaian ideia lehiaketa bat planteatu genuen, kanpoko iritziak-eta jasotzeko, eta aurkeztutako proiektuak bozkatzeko eta iritzia emateko aukera izan zuten herritarrek. Hirigintza batzordean ari gara gaia lantzen, eta orain lan talde bat sortu nahi dugu.
Irailaz geroztik Sasieta Mankomunitateko lehendakariordea zara. Idiazabalen %50 ingurukoa da gaikako bilketa, Hondakinen Mahaia ere sortua duzue.
2016an udalek Sasietara ekarpenak egiteko modua aldatu egingo da, eta ekonomiak garrantzia hartuko du. Idiazabalek asko dauka hobetzeko, eta lan berezi bat egingo dugu herritarrekin.